Barakaldoko Agirtza eta Galindo ibai inguruetako gune naturalak lehengoratuko dituzte

Ekologistak Martxan taldearekin elkarlanean gauzatuko dute Barakaldo Uraren Hiria egitasmoa. Plangintza aho batez onartu dute udal taldeek.

(ID_14775371) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-03-14, Barakaldo. Barakaldoko Udalak Castaños eta Galindo ibaien artean dagoen ingur...
Barakaldoko Megapark merkataritza gunearen atzeko aldea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Barakaldo
2025eko martxoaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekologistak Martxan taldeak 2020an aurkeztu zuen Barakaldoko ibaiak leheneratzeko plangintza. Horretan oinarrituta, Agirtza eta Galindo erreken arteko ingurua bere onera ekartzeko egitasmoa abian jarri du udalak. Barakaldo Uraren Hiria izena ipini dioten planaren barruan, Gorostizako kiroldegitik Urban Galindoko itsasadarreko bokalera arteko tarte zabalean jardungo dute; besteak beste, Megapark merkataritza gunetik gertu. Oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbide berriak egitea aurreikusi dute, ibaiertzak lotuko dituzten pasabide berriekin. Horretaz gain, bertako landaretza berreskuratu eta ibaiertzeko baso bat landatu nahi dute. Proiektuak paisaiaren eta ingurumen kalitatea hobetzea ere jaso du, fauna biodibertsitatea sustatuz, landaredi inbaditzailea kontrolatuz eta uholde eremuak babestuz. Orotara, 2.547.368,42 euroko aurrekontua izango dute jarduketek, eta horietatik bi milioi euro inguru Espainiako Gobernuko Biodibertsitate Fundazioak emango ditu.

Martxoaren 14a Ibaien Aldeko Munduko Ekintza Eguna izan zela baliatuz, egun bat lehenago aurkeztu zuten Agirtza eta Galindo erreken arteko ingurua lehengoratzeko egitasmoa Amaia del Campo Barakaldoko alkateak eta Alba Delgado Garapen Jasangarriko eta Ingurune Naturaleko zinegotziak. Besteak beste, prentsa aretoan lagun zituzten Barakaldoko udal talde politikoetako ordezkarietako batzuk. Izan ere, agintari barakaldarrek nabarmendu zutenez, udalbatzak aho batez onartu du ibai inguruak leheneratzeko plangintza. Del Campok Barakaldon «azken urteotan gertatzen ari den bigarren hiri eraldaketa handiaren» barruan kokatu du plana. Lehenengoak —industrializazioak— ingurune naturalak kutsatu eta auzoak porlanez bete zituen. Oraingo honetan, ordea, «hiri espazioak biziberritzeaz gain, ingurune naturalak berreskuratu» nahi dituzte, «bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko». Serralta parkea zabaldu dute jadanik, eta 90.000 metro koadro hartuko dituen Zamalanda parkea egiten ari dira. Agirtza eta Galindo ibaien arteko eremuari dagokionez, 238.000 metro koadro leheneratuko dituzte.

zamalanda parkearen bigarren Fasea abian da

Barakaldoko Zamalanda parkea egiteko proiektuaren bigarren fasearen hasierako onarpena «laster» egingo dute, Juan Antonio Pizarro Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketako zinegotziak iragarri duenez. Udal arduradunak zehaztu du proiektuaren hasierako onarpena jendaurrean jarriko dutela hogei egunez. 

Hala, proiektuaren bigarren faseak, Labe Garaien hiribideko eraikinen atzealdearen eta ibai ertzaren mugaren arteko lurrak hartuko ditu. 2.541.057,12 euroko aurrekontua izango du, eta hamabi hilabeteko egikaritze epea. 

Pizarroren arabera, «Barakaldoren etorkizunerako funtsezkoa da» proiektu hori. Helburua da eragin industrialaren ondorioz degradatutako eremuak leheneratu eta herritarren bizi kalitatea hobetzea, itsasadarraren ertzean gozatzeko espazioak berreskuratuz.

Alba Delgado zinegotziak Barakaldoko Uraren Hiria plangintzak hartuko dituen jarduketak zerrendatu zituen. Hala ere, ezin izan zuen zehaztu orain iragarritako lanak noiz hasiko diren, «oraindik lizitazio prozesuan» daudelako. «Espero dugu kontratu horiek laster lizitatzea lanak martxan ipintzeko. Jada garatuta daude ildo estrategikoak, eta badakigu nora bideratu nahi dugun», adierazi zuen Garapen Jasangarriko eta Ingurune Naturaleko arduradunak. Bitartean, «urtebete baino gehiago» da azpiegitura berdeen plana, zuhaitzen ingurukoa eta birnaturalizatze egitasmoa lantzen ari direla, uholde arriskuen planarekin batera.

Mugikortasun jasangarria eta partaidetza

Bertoko landareak berreskuratzeaz gain, Agirtza eta Galindo ibaien inguruan mugikortasun jasangarria sustatu nahi dute. «Ezin bada bertatik ibili modu eroso eta ekologiko batean, ezingo dugu ezagutu eta mantendu, ezta zaindu ere», ohartarazi zuen Delgadok. Horrekin lotuta, Javi Vazquez Ekologistak Martxan-eko kideak, zeina prentsaurrekoan entzule egon baitzen, azpimarratu zuen herritarren partaidetza beharrezkoa dela mugikortasun jasangarria sustatzeko. «Ondo dago paseatzera irtetea, zaborrik ez botatzea edota ingurune horretaz gozatzea, eta fauna eta flora nola lehengoratzen ari diren ikustea. Izan ere, orain arte gure hondakinak botatzeko baino ez dugu erabili inguru hori. Egoera iraultzeak zona hori suspertzen eta zaintzen lagunduko du. Baita herritarrek zaintzan parte hartuz ere, premiez ohartarazi eta transmititzeko gai izan daitezen», azaldu zuen ekologistak.

Hain zuzen ere, Alba Delgado zinegotziak aurreratu zuenez, Barakaldoko Udalak hemendik gutxira hitzarmena izenpetuko du Ekologistak Martxan taldearekin, ibaiaren inguruko jarduketetan herritarren partaidetza dinamizatzeko. «Egin nahi ditugun lehenengo gauzetako bat ibaien lagunen sarea osatzea da. Gure asmoa ez da ikastetxeetara mugatzea soilik», esan zuen Vazquezek. «Partaidetza adin guztietara irekita egongo da. Ingurune naturalez gozatzeaz gain, herritarrek horiek berreskuratzen lagun dezatela nahi dugu. Demagun zuhaitzak landatzen ditugula; zuhaitza landatzen duen horrek ez du nahi izango inortxok ere zuhaitz hori apurtzea».

alegazioak aurkeztu dizkiote parke eolikoaren proiektuari

Barakaldoko Udalak alegazioak aurkeztu dizkio Iparaixe II parke eolikoaren ingurumen inpaktuari buruzko azterlanari. Alba Delgado Garapen Iraunkorreko eta Ingurune Naturaleko zinegotziak adierazi du agintari barakaldarrak ez daudela «batere ados» proiektu horrekin, «ez diolako inolako mesederik egiten udalerriari, eta lurzoru naturala, natura ondarea eta biodibertsitatea galtzea ekarriko duelako». 

Delgadok esan du parke eolikoak eta erdi tentsioko lurpeko linearen zati batek hartu nahi duten eremua lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoela Barakaldoko HAPO hiri antolamenduko plan orokorrean. «Lur horiek baso erabilerarako eremutzat edo lehengoratze eremutzat jotzen dira». Gainera, parke eolikoa egin nahi duten ingurunea «ezaugarri bereziko gunetzat» hartzen du HAPOak, Ingurune Naturaleko zinegotziaren arabera, «meatze eremu gisa duen iraganagatik eta paisaia ezaugarriengatik».

Era berean, udal agintariak «klima aldaketaren ondorioz udalerriari eragingo dioten gaien jakitun daude erabat». Delgado zinegotziaren arabera, «horietako bat uholde arrisku handiagoa izango da». Hori dela eta, urak har ditzakeen eremuen inguruko babes neurriak hartuko dituzte Barakaldo Uraren Hiria plangintzan. Bitartean, espezie inbaditzaileen ikuskapena ere egiteko asmoa dute, baita hondakin guneen kontrola ere. «Inbentarioa eginda daukagu jada. Tokian tokiko jarduketa nolakoa izango den zehaztea baino ez zaigu falta», argitu zuen Garapen Jasangarriko eta Ingurune Naturaleko udal ordezkariak.

Barakaldo eredu

Agirtzaz eta Galindoz gain Barakaldon eta inguruko udalerrietan ibai kutsatu gehiago dagoela gogoratu zuen Vazquez Ekologistak Martxan-eko kideak. «Ezin ditugu Asua, Ballonti eta itsasadarra bera ahaztu. Horiez gain, Lamiakoko hezegunea lehengoratu eta mareen eraginera zabaldu behar dugu. Hamaika lan ditugu aurrean». Hori dela eta, inguruko udalei eta Bizkaiko Foru Aldundiari «Barakaldoko ereduari jarraitzeko» eskatu zien Vazquezek. «Nahi izanez gero, egin ahal da. Eta horrela bada, gure babesa izango dute, baita, jakina, herritarrena ere. Izan ere, hurrengo belaunaldien etorkizunean pentsatu behar dugu».

Megapark merkataritza guneko arduradunek ere Barakaldo Uraren Hiria egitasmoarekin bat egin dutela aprobetxatuz, garbiketa brigada bat sortzeko eskatu du Vazquezek. «Bere garaian, hezegunea hartu zuten Megapark altxatzeko. Kaltea eginda dago. Beraz, gutxienez, ibaiaren egoeraz kezka daitezela. Izan ere, supermerkatuko erosketetako gurdiz beteta dago erreka», kexatu zen Ekologistak Martxan-eko kidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.