Historia eta mitologia uztartzen ditu Dimako Baltzola haitzuloen inguruak. Kondairen arabera, jentilen, laminen eta bestelako izaki mitologiko askoren bizilekua izan zen. Lur azpiko bideetan aritzen diren espeleologoentzat, berriz, interesgarria da hango paisaia karstiko aberatsagatik. Ondare hori guztia biltzeko, ibilbide mitologiko bat ondu du Txumuluxueta elkarteak, Dimako Udalarekin eta Gorbeialde elkartearekin lankidetzan. Hamabi puntutatik igarotzen da, eta QR baten bitartez eskura daiteke informazioa horietako bakoitzean.
Dimako Indusi auzoko San Frantzisko ermitaren albotik abiatzen da ibilbidea, eta Baltzola auzoan amaitu. «Aurretik eginda zegoen ibilbide bat aprobetxatu dugu gurea egiteko. Alderantziz ere egin daiteke, noski», argitu du Manu Aurrekoetxea Txumuluxueta elkarteko kideak. Zazpi kilometroko ibilbidea da denera, baina haurrekin joanez gero laburtzeko aukera badagoela aurreratu du Aurrekoetxeak: «Posible da Garaio mendia saihestea eta auzo batetik bestera mendia igo gabe igarotzea». Horrela eginda, bi kilometro pasatxoko txangoa da.
Hamabi puntu horietan, «era guztietako informazioa» bildu dute. Kondaira mitologikoek leku handia hartuko dute, baina naturak berak ere eskuratuko du arreta: «Indusketa lanak bizi-bizirik daude oraindik, saguzar espezie berezi bat bizi da bertan, paisaia karstikoak interes handia du…». Alabaina, pertsona jakin batzuetan ere zentratu dira: Hilario de Soloetaren eta Zamakola anaien historiak bildu dituzte, besteak beste.
QR kodearen bitartez, audioak eta bideoak entzun eta ikusi ahal izango ditu bisitariak. Aurrera begira, baina, bisita gidaturen bat edo beste egiteko asmoa dutela esan du Aurrekoetxeak: «Urteko egun konkretu batzuetan bisita gidatuak egitea gustatuko litzaiguke, baina aztertzen ari gara». Bisita bat zehaztua dute, oraingoz: «Urrian, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan bisita gidatu bat egingo dugu».
Kondairetako batzuk
Gibiltar baserrian egingo dute ibilbideko lehendabiziko geldialdietako bat. Mitologia eta historiaurrea nahasten ditu inguru horrek. Laratzu taldeak Ibilien Dima liburuan kontatzen duenez, baserri horretaraino jaisten ziren laminak gauero, Baltzola erreka bazterrean ahaztutako urrezko orrazia berreskuratzeko asmotan.
Jentilak ere badira ezagunak udalerrian, eta, hori dela eta, Jentilzubitik igaroko da ibilbidea. Izatez, haitzuloen sarbidea zen hori, baina haren arkua baino ez du utzi lurraren higadurak. Diotenez, Baltzolan bizi ziren jentilak, eta Urrusteiko eta Kobagaineko tontorrak gurutzatzeko eraiki zuten zubia. Kristautasunak pertsona fedegabeak izendatzeko erabili zuen jentil hitza. Basatiak, erraldoiak eta indartsuak omen ziren, eta, kasu batzuetan, begibakarrak. Fede kristaua hedatu zenean, kristautasunarengandik aldentzeko, Baltzola koba inguruetan babestu zirela diote kontakizunek.
Bi horiez gainera, Sugoi bera ere inguru horretan kokatzen du kondairak: Baltzolako leizean ezkutatuta egoten omen zen. Behinola, Dimako Bargondia auzoko anaia bik harekin egin zuten topo harpean, suge forma hartua zuela. Anaia txikiak harria bota eta buztana moztu zion sugeari, nagusiaren borondatearen kontra. Urteak pasatuta, etxetik urrunera jo zuen anaia nagusiak, lan bila. Herriminez jota zegoen egun batean, hanka bat falta zitzaion gizon bat agertu, eskutik heldu, eta begiak irekitzerako, Baltzolako kobara eraman zuen. Urrez beteriko kutxa bat oparitu zion gero, etxetik urrun berriz joan ez zedin, eta gerriko bat ere eman zion, anaia txikiarentzat. Anaiarengana joan eta gertatutakoa kontatu zion berehala, baina susmo txarra hartu zion istorioari, eta, gerrikoa gerrian jarri beharrean, arbola bati jarri zion, eta zuhaitzak su hartu zuen berehala. Horrela konturatu ziren Sugoi izan zela gerrikoa oparitu zien gizon hura.
BALTZOLAKO IBILBIDE MITOLOGIKOA
- Abiapuntua. Indusi auzoa, Dima.
- Ibilbidea. Zazpi kilometro. Garaio mendia saihestuz gero, bi kilometro.
- Harremanetarako. Dimako udaletxera deitu: 946-31 57 25.