Balmasedako institutura joateko garraio egokirik gabe jarraitzen dutela salatu dute

Enkarterriko nerabeen familiek 2023an egin zuten lehen protesta. Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari konponbideak eskatu dizkiete berriz ere, baina ez dute ezer lortu.

Balmasedako institutuko gurasoetako batzuk, 2023an Karrantzan egindako protestan. BIZKAIKO HITZA
Balmasedako institutuko gurasoetako batzuk, 2023an Karrantzan egindako protestan. BIZKAIKO HITZA
iraia vieira gil
2025eko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Karrantzako, Lanestosako, Turtziozko, Artzentalesko eta Villaverde Turtziozko familiek salatu dute euren seme-alabek Balmasedako institutura joateko garraiorik gabe jarraitzen dutela. 2023an egin zuten arazoa salatzeko lehen protesta, baina egoera ez da aldatu. «Balmasedako institutua da D ereduan ikasteko duten aukera publiko bakarra, eta ez dute hara heltzeko garraio egokirik», adierazi dute gurasoek. «Karrantzatik Balmasedarako Bizkaibuseko lineak ez ditu ikasleen beharrak asetzen: 06:45ean hartu beharko lukete klasera joateko autobusa, eta 18:00etan bueltatuko lirateke etxera, bazkaldu gabe». Horrek autobus pribatu baten zerbitzuak kontratatzera behartu ditu familiak. «Bizkaibusen ordutegiak hobetzeko eskatu diogu [Bizkaiko Foru Aldundiko] Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailari. Erantzun digu ez duela eskumenik eskola garraioan». Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin eta Enkarterriko Udalen Mankomunitatearekin ere harremanetan jarri dira, baina ez diete konponbiderik eman, oraingoz.

Hain justu, Hezkuntza Sailak, duela bi urte, institutu publikoetako garraioaren erabilera arautzeko dekretua jarri zuen martxan. Balmasedako institutuko ikasleen gurasoek esan dutenez, Enkarterriko nerabeen familiei garraioa ordaintzeko diru laguntzen eskubidea aitortzen die dekretu horrek. Ez du zehazten, ordea, aurtengo diru laguntzak zenbatekoak izango diren eta noiz jasoko dituzten, eta hori da familien oraingo arazo nagusia. «Aurreko ikasturteko laguntzak kurtsoaren amaieran jaso genituen. Bien bitartean, dirua guk geuk aurreratu eta kudeatu behar izan genuen, eta autobus pribatua kontratatu. Orain, arazo berari aurre egin behar diogu, gure lana ez den arren». Izan ere, Balmasedako institutuko garraioaren kudeaketa administrazioen ardura dela uste dute ikasleen gurasoek: Hezkuntza Sailarena eta Enkarterriko Udalen Mankomunitatearena. ​​

Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Bizkaiko ordezkariak astelehenean jakinarazi zuen biltzeko prest dagoela, baina gurasoak beldur dira «egoera zuritzeko estrategia bat» ote den

Dekretuak jasotzen ez dituen zehaztasunak argitzeko, Balmasedako institutuko nerabeen familiek Iñaki Orbe Hezkuntza Saileko Bizkaiko ordezkariarekin biltzeko eskaera egin dute hainbatetan. Orbek astelehenean jakinarazi zien biltzeko prest dagoela, baina gurasoak beldur dira «egoera zuritzeko estrategia bat» ote den. Izan ere, haiek jakinarazi dutenez, Orbek ezezko erantzuna eman zien hasieran; bitartekari baten bitartez helarazi zien ez zela haiekin bilduko, Hezkuntza Sailak bere esku zegoen guztia egin zuela argudiatuta. «Egia da garraioa ordaintzeko diru laguntzak eskaini dizkigutela, baina horrek ez dio irtenbide egokirik ematen egoerari. Gurasoek ez dugu zertan jakin zein den gainerako familien banku egoera, eta are gutxiago autobusa ordaintzeko gaitasuna duten edo ez». 

Autobusaren ordainketa

Balmasedako institutuko gurasoen elkarteak hartu du azken bi urteotan garraioa kudeatzeko ardura. 2023tik, hirurehun euro baino gehiago garestitu da kontratatutako autobus pribatuaren zerbitzua, eta, gaur egun, familiek 450 euro ordaindu behar dituzte institutu horretara doan seme-alaba bakoitzeko. «Familia guztiek ezin dute hori ordaindu. Bi seme-alaba izanda, hipoteka bat besteko kuota da». Aurten, gainera, hogei ikasle inguruk dute zerbitzu horren beharra, baina datorren ikasturtean baliteke gutxiago izatea. «Autobus pribatuaren guztizko prezioa, ordea, bera izango da, eta horrek esan nahi du familia bakoitzak gehiago ordaindu beharko dutela hilean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.