Bakioko herrigunean uholdeen arriskua murrizteko asmoz, Estepona ibaia egokitzeko lanak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak, Bakea eta Solozarre eremuetan. Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa eta Uraren Euskal Agentzia arduratuko dira proiektua aurrera eramateaz. Horretarako, 2.973.000 euroko inbertsioa egingo dute. Gutxi gorabehera, hamar hilabete iraungo dute obrek, eta hurrengo udazkenean hastea aurreikusi dute. Jarduketen bitartez uholdeen arriskua %90 murriztuko dela uste dute. Horretaz gain, erabilera publikoko parke bat egingo dute, herritarren gozamenerako.
Uholde arrisku handiko ingurua da Bakioko herrigunea: Estepona ibaiak gainezka egin ohi du eurite gogorren eraginez, eta klima larrialdiak sor ditzakeen muturreko fenomeno meteorologikoek are gehiago korapilatuko dute egoera. Arrisku horri aurre egiteko, mareen eragina izango duen barnealdeko padura bat sortuko dute, Bakea ingurunean. Ibaian gora, berriz, uholde basoa egiteko asmoa daukate, Bakea eta Solozarre inguruko barnealdeko parkeetan.
26Itsas maila zenbat igoko den, zentimetrotan. 2050erako itsas maila 26 zentimetro igoko dela aurreikusi du komunitate zientifikoak. Horren ondorioz, uholdeak izateko arrisku handiagoa izango da ibaien inguruan.
Lan horiei esker, «ibilgu naturalari toki handiagoa» emango diote, «eta, ibaian behera, ur goraldien ondorioak murriztuko dira», Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak azaldu duenez. Uraren Agentziak egindako kalkuluen arabera, sei hektarea murriztuko da ehun urtean behin gerta daitezkeen uholdeek hartuko luketen eremua.
Onurak
Joan den astelehenean Bakiora egin zuen bisita Jauregik, jarduketen berri emateko. Sailburuak esan zuenez, «Bakion egin beharreko esku hartzeari esker, uholdeak izateko arriskua murriztu, ibai ekosistema zaindu eta herritarren bizi kalitatea hobetuko» da. «Onura ekonomikoa ere nabarmena» izatea aurreikusten dute: «Uholdeek eragindako kalteen kostuak 0,27 milioi eurotik 0,03 milioira jaitsiko dira urtean».
«Bakion, uholdeak izateko arriskua murriztu, ibai ekosistema zaindu eta herritarren bizi kalitatea hobetuko dugu»MIKEL JAUREGI
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua
Herritarren iritzia kontuan hartuta egin dute proiektua. Amets Jauregizar Bakioko alkateak bide horretatik jarraitzeko deia egin du. «Bakioko erdialdea eraldatuko dugu, eta ezinbestekoa izango da komunitateak parte hartzea. Izan ere, bizitzak muturreko fenomenoetatik babesteaz gain, gure osasunean eta aisialdian eragin positiboa izango dute jarduketek». Laster, herritarrentzako bisita gidatuak egingo dituzte, proiektua eta haren onurak bertatik bertara azaltzeko.
Bi fase
Lehenik eta behin, ibaiertzak leheneratuko dituzte. Besteak beste, indusketa lanak egingo dituzte Santa Katalina zubiaren azpian, ibilgua handitzeko. Horretaz gain, landaredi exotikoa eta inbaditzailea kenduko dute.
«Bakioko erdialdea eraldatuko dugu, eta ezinbestekoa izango da komunitateak parte hartzea»
AMETS JAUREGIZARBakioko alkatea
Bigarren fasean, parkea egingo dute, bakiotarrek egindako ekarpenak kontuan hartuta. Horrenbestez, ibaiertzeko landaredia duten goragune txikiak egingo dituzte: itzal naturala emango dute, eta atsedenleku izango dira. Atletismoko pisten ondoan, berriz, begiratokia eta txirristadun atsedenlekua ipiniko dituzte. Horretaz gain, oinezkoentzako bi pasabide jartzea aurreikusten da: Bakea inguruan eta Solozarren, ibaiaren bi ertzetarako irisgarritasuna hobetzeko. Parkeak egonaldirako beste gune batzuk ere izango ditu, baita haurrentzako jolasgune bat ere.
EUROPAKO BATZORDEAK FINANTZATU DITU BAKION UHOLDE arriskua MURRIZTEKO LANAK
Bakioko Estepona ibaian uholdeen arriskua murrizteko esku hartzea LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan dago. Europako Batzordeak finantzatzen du egitasmo hori, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan klima aldaketaren inguruko erresilientzia indartzea du helburu. Orain arte, 13,87 milioi euro inbertitu dituzte; hau da, hasierako aurrekontuaren %70. Gaur egun, planifikatutako ekintzen %80 egiten ari dira, eta %10 eginda dago. Amaitutako esku hartzeen artean, besteak beste, Bermeoko kostaldeko Tonpoi eremua berroneratzeko lanak egin dituzte.