Hogeita bost urte daramatzagu aspaldiko lankide batzuk Durangoko Azoka bueltan elkartzen. Aurton ere horrela izan da. Liburu eta disko eskaintza ikusi eta baten batzuk erosi; lagun eta ezagunak agurtu; urteroko egutegia eskuratu; ikuskizunen batekin gozatu, bazkaldu, elkarren berri izan eta poz-pozik etxera. Eta uste dut gure plana ez dela batere originala; ez gara bakarrak, askok baliatzen baitugu azokaren aitzakia aspaldikoen berri izateko eta ikusteko.
Urtea amaitzen dagoen lehen seinalea izaten da. Aurretik herriko kaleak argiz bete dira, Euskararen Eguna ospatu dugu, San Tomas etorriko da, Gabonen atarian hurkoen opariak pentsatzen hasiko gara, bazkari eta afarietako menuak atonduko ditugu.
Erosketa asko egitea tokatzen da, ohi baino gehiago; herrian, hiriburuan, Internetez. Inguruak ere gehiago kontsumitzera eramaten gaitu: black friday delakoa, erakusleihoetako argiak, erosketarako bonua, zozketak eta loteria. Zaila da ihes egitea, eta zaila da hurrean eta herrian erostea, ariketa kontzientea egin ezean. Herri-administrazioek herrian bertan erosteko kanpainak egiten dituzte, eta, era berean, merkataritza-guneak zabaltzeko baimenak ematen dituzte. Urtebetean bi zabaldu zituzten gure herrian pandemia aurretik. Kontraesanak. Halan da ere, ahalegintxo bat eginez gero, topatuko ditugu aukerak gure inguruan azalera handiko eta Interneteko eskaintzetatik ihes eginda.
Zeren gurea bezalako komunitate txiki batek arnasguneak eta topalekuak behar ditu.
Eta Durangoko Azoka horretarako gune ezin hobea ere bada; globalizaziotik eta hegemoniatik at, euskararentzat eta tokiko ekonomiarentzat txoko bat. Zenbakietatik haratago, euskara eta euskal kultura erdigunera datoz bost egunetan. Gainera, esango nuke, garai bakoitzera egokitzen jakin izan duela: pandemia-urtea, sare sozialak, mezuak, espazioa bera, diziplina berrietara zabaltzea. Ekimen gutxi izango dira hainbeste ekitalditan, urtero-urtero, horrenbeste jende erakartzea lortu dutenak.
Aurtengo hitzordua amaituta, liburu eta komikiak pilatu zaizkigu ohe ondoko mahaitxoan datozen hilabeteetarako, familiakoentzako opariak bildu ditugu, aspaldiko lagunen berri izan dugu eta, batez ere, talde edo komunitate baten parte izatearen bizipena daramagu aldean. Zeren gurea bezalako komunitate txiki batek arnasguneak eta topalekuak behar ditu. Aurtengo azokaren leloa Fantasia DA! izan da, baina joan den zubian Durangon ibili ziren 60.000 lagunak ez dira ba fantasia bat. Orain 58 urte lehenengo edizioa antolatu zuten haiek amestu zutenari esker, fantasia baino gehiago, plaza erreala da euskal kulturgintzarentzat.