Joan den astean, Bilboko Udaleko Ingurumen Sailak babesleku klimatikoen kanpaina aurkeztu zuen. Beste urte batez, geure burua balizko berotik babesteko gomendagarriak izan daitezkeen lekuak aurkeztu dituzte. Horien artean, hainbat motatako eraikinak daude, egoitza instituzionaletatik, museo edo merkatal zentroetaraino.
Eraikin zerrenda horietan ez da agertzen, adibidez, hirian dauden institutu eta eskola publikoetatik batere. 30etik gora izan arren, baliabide falta eta instalazioen berrikuntzarik eza direla eta, gure seme-alabek egunero sei orduz egon behar duten eraikin horiek ez dira tenperaturen gorakaden babesleku. Gelak ez daude prest hogei ikasle eta dagokien irakaslea beroarekin klimatizazio gabe ordu luzez egoteko. Jolastokietan gerizpe gutxi izaten dituzte, eta dauden apurrak ez dira gerizpe naturalak, gune berdeen eskasia agerikoa baita.
Argi dago, 1970eko hamarkadan, frankismoaren Eskolen Legea delakoaren menpe sortu ziren ikastetxeak eraikitzeko orduan ez zituztela kontuan hartu jasangarritasuna eta zuhaitzen beharra. Hala ere, harrigarria da hirian proiektatzen ari diren eremu urbanistiko berrietan ere eredu berari jarraitzea. Esate baterako, orain dela gutxi inauguratu zen Frank Ghery zubia eta Elorrieta lotzen dituen pasealeku berria, eta ez dute landatu zuhaitzik. Beraz, beroa egiten duen bakoitzean, pasealekua hutsik geratzen da. Lehen, Agirre Lehendakariaren etorbidetik egin ahal zen ibilbide antzekoa zuhaitzen gerizpean, baina orain dela hilabete batzuk zuhaitz horiek ere moztu egin zituzten. Zuhaitzik gabe, trafikoz inguratuta eta Sader eta Profersa enpresek isuritako kutsadurarekin, Bilboko Deustualdean airearen kalitatea nolakoa den ikusi beharko litzateke —modu hipotetiko batean; izan ere, eremuan dagoen aire neurtzaile bakarra apurtuta omen dago—.
Ez badira hiri jasangarriago baten aldeko muturreko politikak martxan jartzen, urte batzuen buruan ez da urteroko kanpaina egiteko babesleku klimatikorik ere egongo.
Plangintza urbanistikora bueltatuz, paradoxikoa da Hirigintza eta Ingurumen sailen arteko koordinazioak ez dirudiela oso zehatza. Merkataritza guneak babesleku klimatiko izendatzen dituen gobernu berak, babesleku klimatiko naturalak diren zuhaitzak mozten ditu edo ez die euren hirigintza ereduan lekurik ematen. Are gehiago, hirian dugun babesleku klimatiko nagusietako bat, Bolintxu, suntsitu egin dute, berriz ere zementua lehenetsiz.
Hiperbole sarkastiko bat dirudien arren, gure hirian gero eta ohikoagoa den politika eredua da; batez ere ingurumenaren jasangarritasunari dagokionez. Aldaketa klimatikoaren errealitateari aurre egiteko lasterketan, ez dago publizitate hutserako espaziorik zein denborarik. Ez badira hiri jasangarriago baten aldeko muturreko politikak martxan jartzen, urte batzuen buruan ez da urteroko kanpaina egiteko babesleku klimatikorik ere egongo.