Babesgune baten beharra

Egun, Bilbo da emakumeen etxerik ez duen Hego Euskal Herriko hiriburu bakarra. Halako toki baten beharra dagoela nabarmendu dute Koloretxe elkarteko kideek, eta, hori lortu bitartean, lokal bat zabaldu dute San Frantzisko auzoan, «proba pilotu» gisa.

(ID_13523223) (/EZEZAGUNA) koloretxe2024asanblada
Koloretxe elkarte feministako kideak, joan den astean, lokal berriaren inaugurazio ekitaldian. KOLORETXE
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2024ko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun

Aldarrikapena aspaldikoa bada ere, Bilbo da Hego Euskal Herriko hiriburuen artean emakumeen etxerik ez duen bakarra. Datu esanguratsua da, Marta Perez eta Yolanda Jubeto Bilboko Koloretxe elkarte feministako kideen arabera. Izan ere, halako tokiak «babesgune bat» dira, elkarrekin «saretu» ahal izateko eremuak. Bilbon emakumeen etxe bat lortu bitartean, Koloretxe elkarteak lokal bat ireki du San Frantzisko auzoan, «proba pilotu» gisa. Bilboko Udalaren diru laguntza bati esker egin dute hitzarmena, eta legealdia amaitu aurretik Bilbon emakumeen etxe bat jarriko duten esperantza dute.

«Leku hau ez da emakumeen etxea», argitu du Perezek lokalera sartu eta berehala: «Hau da Koloretxeri elkarte gisa eskaini zaion espazioa; etorkizuneko emakumeen etxerako proba pilotu gisa balioko du». Oraingoz, ekainera arteko hitzarmena egin dute Bilboko Udalarekin, eta 35.000 euroko laguntza jaso dute. «Ekainetik aurrera, dena ondo badoa, jarraitzeko aukera egongo da». Lokalaz gainera, bestelako kontu batzuk ere lortu dituzte denbora gutxian: «Lokala badugu, emakume bat kontratatu dugu lanaldi erdian, telefono zenbaki bat ere badugu… Ari gara martxa hartzen, apurka-apurka». 

(ID_13529111) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2024-01-24, Bilbo. Koloretxe elkarteak lokal bat zabaldu du Bilboko San Frantzisko auzoan
Koloretxe elkartearen lokala, Bilboko San Frantzisko auzoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU

2015ean hasi ziren emakumeen etxearen proiektua lantzen Koloretxe elkarteko kideak. Koloretxe, guztion etxea deitu zuten proiektua, eta Galtzagorri talde feministaren bultzadarekin ondu zuten. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako emakumeek osatzen dute elkartea, eta bost ardatz nagusi bildu zituzten: parte hartze sozial eta politikoa sustatzea; emakumeen aurkako indarkeria erauztea; emakumeen bizi baldintzak hobetzea; berdintasunari buruzko formakuntza, sentsibilizazioa eta ikerketa bultzatzea; eta aniztasuna eta elkar ezagutza sustatzea.

Izan ere, betidanik izan dituzte egoera eta ezaugarri sozioekonomiko bereziak auzo horiek, Perezek kontatu duenez: «Izaera eta leku guztietako emakumeak gaude auzoan, kultura askotakoak, eta horietako asko egoera nahiko prekarioan bizi dira». Aniztasun hori, baina, aberasgarria da, Jubetoren ustez: «Auzo hauetan aniztasun handia dago, eta hori, sarritan gabezia gisa hartzen bada ere, oso aberasgarria da».

«Elkargune bat behar dugu, emakumeok gustura eta eroso egoteko espazio bat. Premia bat da».

YOLANDA JUBETOBilboko Koloretxe elkarte feministako kidea

Proiektua ontzeko, hainbat jardunaldi egin dituzte urte hauetan guztietan, eta denetariko emakumeen iritziak bildu dituzte. «Hor atera zen emakumeen etxe bat sortzeko beharra», esan du Jubetok: «Elkargune bat behar dugu, emakumeok gustura eta eroso egoteko espazio bat. Premia bat da». Perezek gaineratu du «eraldaketa sozial bat» bultzatzeko tresna bat izan daitekeela: «Egun, nolabaiteko berdintasun faltsu batean bizi gara, baina ezberdintasunak egon badaude, eta oso agerikoak dira, gainera. Emakumeen etxea tresna bat da gizartea eraldatzeko; justuago eta feministagoa izateko».

Oraingoz, bost ardatz horietatik gutxi batzuk aukeratu behar izan dituzte martxa hartzen hasteko: «Gure proiektua oso mardula da, eta ekainera bitarte ez dago horiek guztiak aurrera eramateko astirik». Alabaina, Jubetok argi du agerian geratuko dela espazio «seguru eta eroso» baten beharra dagoela: «Espazio honi esker, argi geratuko da emakumeon beharrak zeintzuk diren. Hau hasiera besterik ez da, eta gerora ikusiko dugu horiek nola ase behar diren».

Auzoko emakumeen parte hartze soziopolitikoa indartzea izango da aurreneko helburuetako bat. «Emakumeen arteko ezagutza bultzatzea izango da helburua: konfiantza hartzea, eroso lan egitea… Sinergiak sortu nahi ditugu», azaldu du Jubetok. Haren ondotik, emakumeen indarkeria desagerrarazteko jarduerak egingo dituzte auzoan, beste kontu batzuen artean. 

«Egun, nolabaiteko berdintasun faltsu batean bizi gara, baina ezberdintasunak egon badaude, eta oso agerikoak dira, gainera. Emakumeen etxea tresna bat da gizartea eraldatzeko; justuago eta feministago izateko».

MARTA PEREZBilboko Koloretxe elkarte feministako kidea

Aurrera begira, denetariko zerbitzuak eskaintzeko espazio bat izatea nahi dute: lege, ikasketa, lanbide eta sexu aholkularitza, psikologoak, indarkeria jasaten dutenak artatzeko zerbitzua, eta denetariko tailer eta hitzaldiak. Betiere, emakumearen ahalduntzearen ikuspegiarekin. 

Lehentasun nagusia, baina, emakumeak batzea izango da, Perezen arabera: «2016an, esaterako, bileretako batean auzoko laurogei emakume elkartu ginen. Sekulakoa izan zen. Gero pandemia etorri zen, eta behera egin zuen kopuru horrek, baina lokalarekin espero dugu auzoa mugitzea eta emakumeak Koloretxera birkonektatzea». Egun, 35 kide daude modu aktiboan Koloretxen. Taldean, baina, berrehun emakume inguru dira.

Bi leku posible

Izaera eta kultura guztietako emakumeei konfiantzazko eremu batean elkartu, saretu, hausnartu eta euren jabekuntza prozesuan eragiteko tokiak eskainiko dizkieten etxe bat eraikitzea da asmoa. 

Hasieran, emakumeen etxea San Frantzisko auzoko Harrobia plazako eraikinean egitea proposatu zieten Koloretxeko kideek Bilboko Udalari. «Garai batean, prostitutentzako osasun etxe bat zen Harrobia plazako eraikin hori: prostitutak artatzeko eta haiei laguntza emateko eraikina zen. Gerora, udaltzainak ere bertan egon ziren denbora batez, eta, egun, udalarena da. Ez dakigu zer dagoen, zehazki. Emakumeen etxea egiteko leku ederra da izan duen ibilbideagatik», adierazi du Perezek. 

Udalak ezezkoa eman zienez, Telefonicaren eraikin zaharra proposatu zuten ondoren. «Leku batean ezin bada, bestean, baina emakumeen etxe bat egotea beharrezkoa da», esan du Perezek. Hori lortu arte egongo dira San Frantzisko auzoko lokalean: «Lokala badugu, behintzat, eta hori sekulako aurrerapausoa da».

Bi kideen arabera, orain arte «borondate politikoa» falta izan zaio udalari, baina iaz udalbatza berria ezartzearekin batera etorri da aldaketa: «Jende berria sartu da udal taldean, eta, horrekin batera, aldaketa bat izan da proiektuaren inguruko eta gure inguruko jarreran». Izan ere, partekatua izan ohi da emakumeen etxeen kudeaketa: udalaren eta emakume taldeen artekoa.

Bi kideek aurreikusten dute udal agintaldia amaitu aurretik izango duela Bilbok emakumeen etxea: «Gure auzoetan ez dute jarriko, baina nonbait jarriko dute, ziur. Lotsagarria da Hego Euskal Herriko hiriburu bakarra eta inguruko hiri bakarra izatea emakumeen etxerik ez duena». Era berean, gaineratu dute Bilbok ematen duela aukera emakumeen etxe bat baino gehiago edukitzeko.

BIZKAIKO EMAKUMEEN ETXEAK

  1. Emakumeen Etxea, Balmasedan.

  2. Marienea, Basaurin.

  3. Andragunea, Durangon.

  4. Emakumeen Topalekua, Ermuan.

  5. Etxelila, Ondarroan.

  6. Bidatzenea, Portugaleten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.