EHGAMek Axel hotela ixteko eskatu dio Bilboko Udalari

Urte erdi igaro da elkarteak hotelaren irregulartasun urbanistikoak salatzeko helegitea jarri zuenetik, eta, oraingoz, ez dute udalaren erantzunik jaso. Isiltasun administratiboari aurre egiteko, berrikuspen helegite bat aurkeztu du EHGAMek.

EHGAMek Axel hotelaren aurka egindako protesta, hilaren 16an, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
EHGAMek Axel hotelaren aurka egindako protesta, hilaren 16an, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
iraia vieira gil
Bilbo
2025eko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Axel hotelaren irekierak eztabaida piztu du Bilboko Udalak sustatu nahi duen turismo ereduaren inguruan. EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak gogor kritikatu ditu hotel hori eraikitzeko baimendu diren irregulartasun urbanistikoak, eta, egoera salatzeko, udalaren aurkako helegite bat jarri zuten ekainean. Oraingoz, baina, ez dute erantzunik jaso. Isiltasun administratiboari aurre egiteko eta hotela ixtea eskatzeko, berrikuspen helegite bat aurkeztu dute orain. EHGAMek hilaren 16an eman zuen horren berri, Bilboko Udalaren aurrean egindako elkarretaratze batean. 

Igor Odriozola elkarteko kideak azaldu duenez,  urteak dira gatazka hasi zela: «2019an, Europride ospatu zen Bilbon. Hiria gay friendly aurkeztuta, dirua irabazteko plan turistiko-merkantilista bat garatu zuen udalak, eta, ordutik, alfonbra gorri bat jarri dio Axel kateari, hotel bat eraikitzeko». Odriozolaren arabera, beste enpresa eta banako batzuei onartu ez dizkieten irregulartasunei oniritzia eman die udalak.

Irregulartasun urbanistikoei dagokienez, EHGAMek salatu du Axel hotelak udalak sortutako Bilbo Zaharreko Birgaitze eta Barne Erreformako Plan Bereziko hainbat arau hausten dituela. Haietako bi ezagutarazi ditu Odriozolak: «Alde batetik, fatxadako irtenguneetako hegalek bi metroko luzera dute. Planak zehazten duenez, ordea, 1,20 metro izan beharko lukete». Aldea handia da, beraz. «Balkoiak politagoak dira horrela, eta toki handiagoa dute, baina ez dute betetzen zehaztutakoa», esan du EHGAMeko kideak. Horrez gain, behar baino garaiagoa da Axel hotela: «Aurrez aurre jarri eta ezkerrean duen eraikinarekin konparatuz gero, argia da bien arteko diferentzia». Planak baimendu baino solairu bat gehiago du. «Horrek guztiak ondorio zuzenak dakarzkie inguruko bizilagunei. Hain zuzen ere, bistak kentzen dizkiete auzoko osasun etxearen gainean bizi direnei».

Axel hotelak bestelako ondorioak ere ekarriko dituela ziurtatu du Odriozolak. Izan ere, EHGAMeko kidearen arabera, hotela eraikitzea bitarteko bat izan da turismo eredu neoliberalean eta «kapitalismo arrosan» oinarritutako Bilboko Udalaren plan merkantalista osatzeko. Alde horretatik, hark uste du turista profil jakin bat erakarriko duela: «Halako hotel batek ez ditu dirurik gabeko auzoko transak hartuko. Turista gay dirudunak erakartzeko modu bat izango da». Odriozolaren esanetan, horrek esan nahi du Bilboko Alde Zaharrean bat egingo dutelagizartearen bi aurpegik. «Behe klaseko jendeak eta klase ertain-altuko turistak», zehaztu du. Azaldu du, gainera, Alde Zaharrean bizi den jende askoren egoera prekarioa dela, eta kale gorrian bizi direnek, prostitutek eta Polizia «arrazistak» bat egiten dutela bertan. «Halako auzo batean hotel gay friendly bat eraikitzea ez ikusiarena egitea da». Zuriketa arrosa egitea leporatu dio EHGAMeko kideak udalari: «Bilbo hiri izugarri irekia dela erakutsi nahi du, baina errealitatea zein den ezkutatuz».

«Turistifikazioa oso gai delikatua da. Alde Zaharrean eta antzeko auzo prekarizatuetan duen eragina, gainera, gero eta handiagoa da. Uste dut auzoa garestitzea izan daitekeela Bilboko Udalaren planaren helburuetako bat, jendea beste leku batera joan dadin»

IGOR ODRIOZOLAEHGAMeko kidea

Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimendua ez da Axel hotela ixteko eskatu duen elkarte bakarra. «Bilboko beste 24 elkartek bat egin dute guk aurkeztutako salaketekin», jakinarazi du Odriozolak. «Arazoak askotariko kolektiboei eragiten dienez, gainera, hainbat arlotako elkarteak batu zaizkigu». Besteak beste, babesa adierazi diete etxe eskubideen aldeko elkarteek, elkarte feministek, bi gaztetxek, LGTBI komunitatearen aldeko elkarteek eta prostituta elkarte batek. Indarrak batuta, egoera salatzen jarraituko dutela ziurtatu du EHGAMeko kideak: «Turistifikazioa oso gai delikatua da. Alde Zaharrean eta antzeko auzo prekarizatuetan duen eragina, gainera, gero eta handiagoa da. Uste dut auzoa garestitzea izan daitekeela Bilboko Udalaren planaren helburuetako bat, jendea beste leku batera joan dadin. Horretan datza, finean, gentrifikazioa». Nabarmendu du ez direla isilik geratuko.

Gatazka diru laguntzengatik

Alde Zaharrean eta LGTBI komunitatean dituzten beharrak asetzeko benetako politika publikoak behar dituztela azpimarratu du EHGAMek, eta argi utzi dio Bilboko Udalari ez duela onartuko LGTBI komunitatea erabiltzea hiriaren irudia «zuritzeko eta dirua egiteko».

Eskakizun horien harira, LGTBI komunitatea gehiegi politizatzea leporatu dio Ortzadar elkarteak EHGAMi, baina Odriozolak ziurtatu du askoz ere konplexuagoa dela egoera. «EAJko kargudunez osatuta dago Ortzadar elkartea. Naiz atariak salatu du Xabier Lejarreta Bermeoko alkate ohia dela elkarte horretako kideetako bat». Eusko Jaurlaritzako Berdintasun saileko zuzendaritza taldean ere aritutakoa da Lejarreta, eta, Odriozolaren arabera, horrek abantailak ekarri dizkio Ortzadar elkarteari. «LGTBI komunitateari zuzendutako Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bi urtez jaso du Ortzadarrek. Hori bada gatazka politizatzeko arrazoia».

Aurrerantzean «irregulartasun» horiek salatuko dituztela jakinarazi du EHGAMeko kideak, baina adierazi du horretarako bidea aurkitu behar dutela oraindik. «Axel hotelak eragindako gatazkak ertz asko ditu, eta uste baino konplexuagoa da, baina guk borrokan jarraituko dugu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.