Auzoa elkarrekin biziko den etxea

Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako Ehunka sareak 'Kortes 23' proiektua aurkeztu du: Telefonicaren eraikin zaharrean auzoarentzako espazio kolektibo bat sustatu nahi dute. Bizilagunei eta udalari aurkeztu diete proposamena.

(ID_14280660) (/EZEZAGUNA) _dsc8922
Ehunka sareko kideak, Bilbo Zaharreko Telefonicaren egoitza besarkatzen, joan den zapatuan. EHUNKA
Ibai Maruri Bilbao.
2024ko irailaren 30a
05:00
Entzun

Aurreko agintaldian, Bilboko Udalak eta Telefonicak akordio bat egin zuten, eta, ondorioz, telefono konpainiak Bilboko San Frantzisko auzoan duen eraikina udal jabetzakoa da. Udalak iragarri zuen auzoari zerbitzuak eskaintzeko erabiliko duela. Oraindik hutsik dago, eta, udalak ezer erabaki aurretik, auzoak bere proposamena egin nahi izan du: Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako Ehunka sare komunitarioak komunitatearentzako elkargune izatea gura du. Uste dute Bilboko auzo horietan gune publikoak falta zaizkiela. Azken hilabeteetan, proposamen zehatza ondu dute: Kortes 23. Gorte kaleko 23. zenbakian dago eraikina. Zapatuan, auzoari aurkeztu diote diseinatu dutena; udalak ere ezagutzen du. Orain, guztiek elkarrekin findu nahi dute behin betiko proiektua. Ehunka sarearen helburua da udalak eta sareak berak kudeatzea sortuko den gune berria.

Garai batean, Telefonicak han izan zuen telefono zerbitzua eskaintzeko behar zuen makineria guztia. Eraikin industriala, karratua eta, Ehunkakoen arabera, «oso hotza». Izan ere, barrura ia ez da kanpoko argirik sartzen. Horregatik, nahiz eta eraikina ahalik eta gutxien eraldatuko duten, hegoaldeko aldean irekidura handi bat egitea da Ehunka sarearen proposamena, barruko alde guztia argitzeko. Eraikina edukiontzi handi bat bihurtu nahi dute. Beheko solairua, beste hiru solairu eta sabaia ditu.  

Ehunka sarekoek joan den zapatuan Bilbo Zaharrean egindako martxa. EHUNKA
Ehunka sarearen martxa, joan den zapatuan, Bilbo Zaharrean. EHUNKA

Beheko solairuari Elkargune deituko diote. Eraikinaren sarrera litzateke, «atsegina» eta pertsona guztientzako «irisgarria». Erlaxatzeko guneak izango ditu, eta belaunaldien eta kulturen arteko harremanak sortuko ditu. Han egongo lirateke informaziorako leihatila bakarra, lanerako orientazio zerbitzua, kafetegia eta tetegia. 

Lehen solairua Mugi & Ekin litzateke: erabilera askotarako gunea. Jarduera fisikoa egiteko eta ekimen zaratatsu eta bizienak antolatzeko lekua izango da. Horregatik, behar bezala isolatuko dute. Erakusketa gune bat, komunitatea egiteko sukalde bat, arte eta musika sorkuntzarako guneak eta abar atonduko dituzte han. 

Bigarren solairurako proposatutako izena Koloretxe & Bilgune da. Lankidetzarako solairua izatea nahi dute. Koloretxe ibilbide luzea duen auzootako egitasmo feminista da; harrera pertsonalizatua eta emakumeen ahalduntzea sustatzen ditu. Bilgune izeneko eremuan erabilera anitzeko aretoak egongo dira.

Eraikineko espazio argitsuena hirugarren solairua da. El tablao luke izena. Terraza handi baterako sarbidea du, eta Bilbo osoa ikusten da handik. Han egingo lirateke kontzertuak eta ekitaldi publikoak. Sabaian antolatuko duen guneari Loreak zeruan ipiniko liokete izena. Energia hornitzeko balioko du, ortua lantzeko eta «eguzkia agurtzeko», Ehunka sareak iragarri dutenez.

Unibertsitateekin

Urtarrilean sortu zuten Ehunka, pandemia garaian sortutako elkartasun sareen ondoren egindako hausnarketaren ondorioz. Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako zenbait bizilagunek eta eragilek osatzen dute. «Sare irekia, plurala, solidarioa eta inklusiboa» eratu dute, eta jarduera autogestionatuen bitartez egitasmoak bultzatu gura dituzte. Testuinguru horretan jaio da Kortes 23 proiektua. Orain arte, EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak dinamizatuta ibili dira proposamena lantzen. Aurrerantzean Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateek ere parte hartuko dute auzoan egingo den gogoeta prozesuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.