Autogestioari esker egin du aurrera

Ricardo Bastida arkitektoak eraiki zuen Gernika-Lumoko Astra, 1916an. Arma fabrika bat zen hasieran, baina, urte luzez itxita egon ostean, herriko hainbat gaztek okupatu, eta kultur espazio autogestionatu bihurtu zuten 2005ean.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gernika-Lumoko Astra eraikinaren sarrera nagusia, aste honetan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko martxoaren 31
05:05
Entzun

Lehen begiratuan pizten du arreta Gernika-Lumoko Astrak: herri erdigunera bidean dago, eta kolore biziz betetako eraikin handi bat da. 2.000 metro koadrotik gora hartzen ditu, hiru solairu ditu, eta denentzat zabalduta dagoen kultura sormenerako lantegi bat da gaur egun.

Ricardo Bastida arkitektoak eraiki zuen, 1916an. Hasieran, arma fabrika bat zen, eta makineria ekoizten zuten. Frankistek estrategikotzat jo zuten, eta 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketan salbatu ziren eraikin bakarrenetakoa izan zen. 1998an, baina, lantegiak ateak itxi zituen, eta pabiloia hutsik geratu zen, harik eta 2005ean herriko hainbat gaztek eraikina okupatu zuten arte.

(ID_13736906) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2024-03-26, Gernika. Astra, kultura sormenerako lantegiaren eraikina, arma fabrika izandakoa
Gernika-Lumoko Astra kultura sormenerako lantegiaren eraikina, kanpoaldetik, aste honetako argazki batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Herriko kultur gabeziak betetzeko asmoz sartu ziren eraikinera, Koldo Gezuraga Astrako kideak kontatu duenez: «Beharrizan batetik sortu zen. Askotariko esparruetako gazteak elkartu ziren, eta denen artean okupatu zuten». Proiektua 2007an aurkeztu zuten jendaurrean, baina, handik hilabete batzuetara, udal gobernuak eraikinaren egoera aztertzeko txostena egin zuen, eta lantegi zaharra egoera larrian zegoela ohartarazi zuten. Hala, 2008ra arte ez zuten eraikina hustu. Izan ere, urte horretan sinatu zuen hitzarmena Gernika-Lumoko Udalak: ordura arte pribatua zen eraikina publiko bihurtu zuten, hura erosita. Hala, herri ekimenari esker, arma lantegi zaharra herriko gazte, kultur talde eta banakoei bueltatzea lortu zuten. 

Urte batzuk geroago, Eusko Jaurlaritzaren Sormen Lantegien barruan eraikina eraberritzeko diru laguntza lortu, eta lanak abian jarri zituzten 2011ren amaieran. Liam Gillick artista ingelesa arduratu zen diseinuaz. «Zaharraren eta berriaren arteko kontrastean» oinarritu zen artelana egiteko, eta itxura berritzaile bat eman zion espazioari. Hala, koloredun panelen bitartez, «eraikinak bizirik jarraitzen duela» erakutsi nahi izan zuen artistak.

Askotariko jarduerak

Hasieran Astrak gaztetxe formatua zuela kontatu du Gezuragak, baina, urteek aurrera egin duten heinean, kultura sormenerako lantegi bihurtu da: «Era guztietako herritarrei zabalik dago Astra: kultur eragileak, kolektiboak, talde politikoak... Jende asko batzen gara honen inguruan».

2.000 metro koadro hartzen ditu guztira, eta hiru solairutan banatuta dago. Behean, eszenatokia eta taberna daude; baita ortua, sukaldea eta gurasoak haurrekin egoteko espazio bat ere, beste kontu batzuen artean. Haren goiko solairua hitzaldiak, ikastaroak, aurkezpenak eta halakoak egiteko erabiltzen dute. Eta, azkena, berriz, «trasteleku» bezala dute, baina aurrera begira badute hirugarren solairua eraberritzeko asmoa: «Oraintxe, solairu osoa eraberritzeko diru laguntza baten zain gaude. Gure asmoa da epe ertain eta luze batera begira gazteentzako espazio bat izatea».

Eraikina ez eraitsi izanak eta kulturarako erabiltzeak sinbologia handia dauka gernikarrentzat, Gezuragaren ustez: «Gizarte gero eta indibidualistago honetan, Astrak asko dauka kolektibotik: auzolanean egiten da dena. Kanpora begira, berriz, herriari sekulako kultur eskaintza ematen dio. Euskarri bat da».

GERNIKA-LUMOKO ASTRA KULTUR ESPAZIOA

  • Helbidea. Iparragirre kalea, 22, Gernika-Lumo. 
  • Ordutegia. Astelehenetik barikura, 16:30etik 20:30era. Ikastaroek aparteko ordutegia dute.
  • Kontaktua.[email protected].
  • Webgunea.Astragernika.net.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.