Leire Gandiaga Arrieta psikologoak (Etxebarria, 1986) gertutik ezagutu du bakardadea. Urte askoan zahar etxe batean egin du lan, eta bakardadea ikusi du pertsona nagusiengan, haien zaintzaileengan eta senideengan. Azken urteetan, psikologia zerbitzu batean dabil, eta gazteagoengan ere ikusi du bakardadea. «Atentzioa eman zidan adin tarte guztietan agertzen dela; horrek piztu zidan interesa». Master amaierako lan moduan, Lea-Artibain bakardadea ikertu du.
Zelan egin duzu bakardadeari buruzko ikerketa?
Iaz egin nuen. Urrian bukatu nuen. 154 lagunek hartu zuten parte: 102 emakumeak eta besteak gizonezkoak. Baldintzak zeuden parte hartzeko: Lea-Artibaikoa izan, 18 urtetik gorakoa, eta ez edukitzea gaixotasun psikologiko larririk edo dementziarik. Whatsapp taldeetan eta zenbait sareren bidez egin ditut galdeketak. Nagusienengana neu joan nintzen, ez nituelako adin horretako galdetegi asko jasotzen beteta. Markinako jubilatuen taldera joan nintzen. Batzuek eskertu zidaten paperean ematea galdetegia betetzeko. Beste gehienek online erantzun dute.
Zer galdetu duzu galdetegian? Zer jakin nahi izan duzu?
Hiru aldagai hartu nituen: bakardadea, bakartasun soziala eta autoestimua. Nahi nuen ikusi zelan zegoen bakardade sentimendua adin tarte guztietan, eta, ondoren, hiru aldagaien arteko harremana. Hau da, autoestimu handia izateak bakardade sentimenduan eraginik daukan, bakartasun sozialean bakardadeak eraginik duen... Askotan pentsatu izan dugu bakarrik sentitzen den pertsona bat besteengandik urruntzen dela, baina ez da hori ikusi azterlanean. Gizonezkoek autoestimu handiagoa dutela ere ikusi da, eta emakumeek, bakardade handiagoa.
Zer beste ondorio atera dituzu?
Nik pentsatzen nuen pertsona bat bakarrik bizi delako sentituko litzatekeela bakarrik, baina ez da horrela izan. Pertsona bat egon daiteke jendez inguratuta, baina bakarrik sentitu, eta alderantziz. Desberdindu behar dira bakarrik egotea eta bakarrik sentitzea; ez dira gauza bera. Askotan, harremanak eduki ditzakezu, baina agian ez dira zuk espero duzun modukoak. Ikusi dut gazteek harreman kopuruari ematen diotela garrantzia, eta adinekoek, kantitateari baino gehiago, kalitateari. Askotan, nerabeetan ikusten dut sare sozialen bitartez lagun talde handi bat izango balute bezala daudela, baina harreman presentziala eta kalitatezkoa ez dute hainbeste, eta, halakoetan, oso bakarrik sentitzen dira.
«Gizonezkoek autoestimu handiagoa dutela ikusi da, eta andreek, bakardade handiagoa»
Zerk eman dizu atentzioa?
Galdetegiak anonimoak izan dira, baina sexua, egoera zibila eta adina eskatzen nizkien. Atentzioa eman dit egoera zibilen artean alargunak direla bakardade sentsazio txikiena izan dutenak. Pentsa dezakegu bikotea galdu ostean, segun zer adinekin, bakarrik sentitu ahal direla, baina ez da hala.
Azken urteetan handitu egin da bakardade sentimendua, edo, behintzat, gehiago hitz egiten da horretaz. Zergatik?
COVID-19aren ostean hasi zen horretaz berba egiten. Jendea gehiago konturatzen da. Nik ikerketa adin tarte zabal batean egin nahi nuen, bakardadea zahartzaroarekin lotu delako beti. Egin izan diren ikerketa gehienak pertsona nagusien ingurukoak dira, eta dependentzia eta autonomia falta lotu izan dira bakardadearekin. Baina azkenaldian beste adin taldeetan ere asko ari da zabaltzen bakardadea.
Erakundeak eta eragile batzuk ari dira programak sortzen bakardadeari aurre egiteko. Baliagarri dira? Zelan egin dakioke aurre bakarrik sentitzeari?
Bakardadea beharrezkoa dugu. Ez da beti negatiboa. Bakarrik egoten ere jakin egin behar da, eta ez dakigu. Lea-Artibain dagoen programa pertsona nagusientzat da. Herri txikietan merkatariek, botikariek eta horrelakoek talde moduko bat sortu dute, detektatzeko eurengana doazenen artean ea badagoen bakardade egoeran denik, eta hiru hilabetean behin batzen dira gizarte zerbitzuetakoekin. Jubilatu elkarteak baserrietan bakarrik bizi direnengana ere joaten dira. Pertsonengana hurbildu behar da jakiteko benetan beharrik dauden. Prebentzioa lantzeko programarik ez dut ezagutzen, eta interesgarria izango litzateke.
«Terapia saioetan gero eta gehiago ikusten ditugu zailtasunak presentzialki harremanak izateko»
Prebentzioan zer egin daiteke? Norberak zer egin dezake?
Adibidez, erretiroa hartzean, laneko giroa galtzean sor daiteke bakardade sentsazioa. Horri aurre egitea komeni da. Norberak egin dezakeena da antolatu zer beharko duen. Lotura handia dauka autoestimuak. Pertsona bat alde horretatik ondo sentitzen bada, antolatuko du bere eguna, momentu batzuk bakarrik ondo egoteko eta beste momentu batzuk jendearekin egoteko. Ez zaio behar besteko garrantzia ematen, baina ezinbestekoa da autoestimua ume-umetatik lantzea. Nire ikerketaren emaitzetan eta beste batzuetan ikusi da lotura zuzena dagoela: autoestimu txikia duten pertsonek bakardade sentipen handiagoa dute. Gainera, autoestimu txikia dutenei gehiago kostatzen zaie sozializatzea. Uste dut prebentzioa hortik hasi beharko genukeela. Trebetasun sozialetan indarra ipini behar da hezkuntza sistematik. Umetatik egin behar da lanketa hori.
Nortzuen artean topatu duzu autoestimu falta handiena?
Pertsona nagusienek dute autoestimu handiena. Beste ikerketa batzuek ere erakutsi izan dute hori. Urteak bete ahala, zeure nortasuna garatzen duzu, eta gauzak onartzen edo barneratzen dituzu. Batzuetan pentsatzen da fisikoki ondoen gaudenean izango dugula autoestimurik handiena, baina ez da horrela izaten beti.
Harreman beharrak ezberdinak izango dira pertsona batetik bestera, ezta?
Bai. Izan daiteke batek nahikoa izatea pertsona birekin harremanak izatea, eta beste batzuek hainbeste taldetan parte hartzeko beharra dute.
Gazteen arteko harremanak gero eta gehiago sare sozialetan garatzen dira? Hala bada, zer ondorio ditu horrek?
Terapia saioetan gero eta gehiago ikusten ditugu zailtasunak presentzialki harremanak izateko edo arazo bat datorrenean konponbide bat emateko. Ez badago harreman zuzenik, harremana beti pantaila bitartekoa bada, ahozko komunikazioa ez da ulertzen. Arazo handia dago. Durangon badago proiektu bat, eta Abadiñon ere hasi dira: gazteentzat psikologoengana joateko bonuak banatzen ari dira. Horrelakoak garrantzitsuak dira.