Nico Cuenca

Aukera kostuak

2023ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Ez nago oso seguru, baina esango nuke duela hamazortzi urte inguru izan zela. Postu berri batean hasi nintzen enpresan, eta bezeroekin biltzea tokatu zitzaidan. Hasiberri moko bat nintzen, eta lehenengo bisitak jefeak lagunduta egiten nituen, traje estreinatu berriarekin. Bezero berri batengana eraman ninduen jefeak, zer eskaini eta zer eskatu ikasteko. Euskal hiztuna zen eta horrek, hasieran, rollo ona eman zidan. Segituan ohartu nintzen oker nengoela. Autoestimu handiko bezeroa zen, inork baino gehiago dakiten horietako bat. Bere negozioaz puztuta hitz egiten zigun, handiki baten moduan.

Langileen inguruan galdetuta, baina, bere benetako aurpegia erakutsi zigun. Nahiago zuen emakumerik ez hartu, eta, kontratatzekotan, gutxiago ordaintzen zien: haurdun gelditzeko arriskua zutela, eta horrek kostua ekarriko ziola. Emakumeak hartzeak, nolabait, aukera kostua zuela haren negozioarentzat. Ez nintzen ausartu nahi moduan erantzuten, eta bat ez nentorrela baino ez nion esan. Diplomatikoegia izan nintzen, egia esan, baina hasiberrien beldurrak ez zidan balentria handiagoarekin erantzuten utzi. 

Erdi ahaztuta izan dut pasarte hori, aurreko ostiralera arte. Maite Reizabalek Enpresabidea.eus egunkarian idatzi zuen Indarkeria matxistaren aukera kostuez iritzi artikuluak denboran atzera eraman ninduen, enpresari matxista horri egindako bisita horretara. 

Jarrera matxisten kostuez asko idatzi izan da. Hari mutur asko dituen kontua da, matxismoak eragindako kalteak askotan kontaezinak direlako, eta, hein handi batean, zenbatu ezinak. Alcala de Henaresko Unibertsitateak egindako txostenak, esaterako, genero indarkeriak xurgatzen dituen baliabide ekonomiak aztertzen ditu, ikuspegi makro eta mikrotik erreparatuta. Hotza izan daiteke indarkeriaren eraginak zenbatzea, atzean uzten duen sufrimendua nolabait alboratu eta kostuetan zentratuz, baina arazoa neurtzen laguntzen du. Genero Berdintasunerako Europako Institutuak, esaterako, kalkulatu du kostua barne produktu gordinaren %2 dela. 

Ez naiz zenbakietan sartuko. Aukera kostuak azpimarratu nahi ditut, baina benetako aukera kostuak. Matxismoak indargabetu dituen potentzialitateak, esaterako. Hezkuntza eta jarrera matxistek ikasketa zientifikoetatik aldendu dituzten nesken kasua, esaterako. Edo enpresaren goi karguetara heldu ez diren emakume horiena, agintean dauden gizonezkoek zaintza eta lana uztartzeko indar nahikorik ez zutela izango uste zutelako, zaintzak emakume aurpegia baino ez duela uste duten gizonezko horiek, hain zuzen ere. Luze jo nezake, baina argi dago, Reizabalek esan bezala, aukera kostua historian zehar milioika emakumeri euren ekarpen baliotsua modu askean egiteko aukera kendu diena dela.

Aukeraz ari garela, badago aukera arazoari aurre egiteko. Mehatxuak ere, ordea, badira. Indarkeriak generorik ez duela dioen diskurtsoa izugarri handitu da azken urteetan. Hurrengo astean izendatuko dute Javier Milei Argentinako presidente. Genero indarkeria ukatzen du Mileik behin eta berriro. Ez da bakarra: Espainian PP eta Vox alderdiek indarkeria matxistaren aipamena ezabatu dute feminizidioen kontrako kontzentrazioetako pankartetan. Aukera kostu oso sakonak utzi ditu, eta uzten ditu, matxismoak. Aukera, halere, badugu horri buelta emateko. Kostata, baina emango diogu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.