«Berrikuntzak izango ditu aurtengo sariketak». Horixe aurreratu du Idoia Anzorandia Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK sariketako antolatzaileak. Izan ere, estreinako aldiz, lehiakideek ez dute eskualdeko bertsolariekin osatu beharko taldea. 30 bertsolari arituko dira kantuan, helburutzat hartuta lurraldeko bertsolari gazteen talderik onena bilakatzea. Astelehenean hasiko da sariketa, Bilboko Urretxindorra ikastolan, eta abenduaren 5ean jokatuko da finala, Zornotzako auditoriumean.
Sei taldek parte hartuko dute maila bakoitzean: 18 urtetik beherakoak izango dira maila batean, eta 19 eta 25 artekoak bestean. Hirukoteka jokatuko dute gazteenek, eta binaka nagusiagoek, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduradunak esan duenez: «18 urtera artekoek jokatuko dute lehen fasea, eta gainerakoak bigarren fasean batuko dira». Saio bakoitzean puntu gehien eskuratzen duen taldeak egingo du aurrera.
Bizkaiko bertsolari gazteak jendaurrean abestera ohitzea da txapelketaren helburu nagusia, Anzorandiaren hitzetan: «Guretzat, garrantzitsua da bertsolari gazteei laguntzea plazaratzeko bide horretan». Aissa Intxausti bertsolariak «hainbatetan» parte hartu izan du sariketan, eta taldeka jokatzearen garrantzia nabarmendu du: «Gaztetan zaila da oholtzaratzea, gorputza hor jartzea, publikoaren aurrean inprobisatzea… Taldetasun hori sentitzea funtsezkoa da eroso egoteko».
BBK Sariketako Saio guztiak
- Azaroak 4. Xarmengarriak Gira eta Puntuak eta Komak, Bilboko Urretxindorra ikastolan, 10:30ean.
- Azaroak 6. AP8ko Txikia eta Arrakalak Loratu, Igorreko Arratia BHI institutuan, 11:30ean.
- Azaroak 11. Anitzak eta Sagutxo Kaskarinak 2.0, Zallako Mimetiz eskolan, 10:00etan.
- Azaroak 18. Bilboko irabazleak eta Igorreko irabazleak; Team Rocket, Ai Zapotxin eta Malla2, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan, 18:00etan.
- Azaroak 20. Zallako irabazleak eta puntu gehien eskuratu duen taldea; Okerbidea, LGBTaket eta Rara Avis, Mungiako Mugire txokoan, 17:30ean.
- Abenduak 5. Finalaurrekoetako irabazleak, Zornotzako auditoriumean, 18:30ean.
Aurreko aldietan bezala, ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izango dira kanporaketetako ikusleak, baina, finalaurrekoetan, bestelako jendea erakarri nahi dute. «Finalaurrekoak arratsaldez izango dira, eta euskaltegietako ikasleak etortzea nahiko genuke», esan du Anzorandiak. Hala ere, sarrera librea izango da, eta edonork izango du sartzeko aukera.
Aldaketak sarietan
Sarietan ere izango dira aldaketak aurten. Aurreko aldietan bezala, kulturan gastatzeko bonua jasoko dute 18 urtetik beherakoek, baina, Anzorandiak aurreratu duenez, bonu horien kopurua «pixka bat» handituko da oraingoan. Nagusien mailari dagokionez, berriz, kulturan gastatzeko bonuaz gainera, sari ekonomikoa jasoko dute aurreneko aldiz. Bi kategorietan talde irabazleak txapela jasoko du, garaikurraren ordez, eta sari horiek ez ezik, kantaerarik onenaren saria banatuko dute aurten ere.
1993an egin zuten lehenengoz BBK sariketa, gazteen artean ahozko kulturaren adierazpiderik errotuena sustatzeko helburuarekin. Antolatzaileen arabera, sariketak «egonkortzea eta sendotzea» lortu du urtetik urtera. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta Bizkaiko Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatzen dute, BBKren laguntzarekin.
PARTE HARTZAILEAK
18 urtetik beherakoak:
Xarmengarriak Gira. June Legarreta (Meñaka), Emile Zabala (Mungia) eta Enara Gallastegi (Dima).
Puntuak eta Komak. Amaiur Betanzos (Bilbo), Ekhi Zuluaga (Igorre) eta Iradi Barrenetxea (Arteaga).
AP8ko Txikia. Iraia Lauzirika (Zornotza), Garazi Ibarretxe (Zornotza) eta Kelmene Abaitua (Berriz).
Arrakalak Loratu. Garazi Uriarte (Berriz), Malen Bilbao (Arantzazu) eta Aiala Irurtia (Arantzazu).
Anitzak. Adur Lopez de Garcia (Sodupe), Aimar Marcos (Zalla) eta Nahia Ruiz de Arbulo (Zalla).
Sagutxo Kaskarinak 2.0. Amaia Gallastegi (Zornotza), Naroa Iturrioz (Zornotza) eta Maddi Aurtenetxe (Zornotza).
19 eta 25 urtera artekoak:
Ai Zapotxin. Bittor Altube (Abadiño) eta Joseba Ortuzar (Larrabetzu).
LGBTaket. Ainhoa Gorostiaga (Gamiz-Fika) eta Izaro Bilbao (Mungia).
Malla2. Araitz Katarain (Mallabia) eta Irune Basagoiti (Ermua).
Okerbidea. Iruri Altzerreka (Garai) eta Peru Irastortza (Getxo).
Rara Avis. Haizea Telleria (Bilbao) eta Maite Sarasola (Bilbo).
Team Rocket. Ixone Asategi (Durango) eta Janire Arrizabalaga (Gernika-Lumo).
BUSTURIALDEKO BERTSOLARI TXAPELKETA ERE MARTXAN
Bi urteren ostean, datorren barikuan abiatuko da Busturialdeko Bertsolari Txapelketa, Muruetan, 21:00etan. Honako bertsolari hauek arituko dira kantuan: Aitor Etxebarriazarraga, Onintza Enbeita, Beñat Bilbao, Enare Muniategi, Janire Arrizabalaga eta Nagore Beitia. Lilibertso bertso eskolak antolatzen du sariketa, eta eskualdeko bertsolariei bultzada ematea du helburu.
Hurrengo bi kanporaketak Belendizen eta Errigoitin jokatuko dira, datozen barikuetan, 21:00etan, eta finala, berriz, azaroaren 30ean izango da, Gernika-Lumoko Astran. Puntuazio altuena duten bertsolariak sailkatuko dira finalera.