Jacinto Iturriagaetxebarria abeltzainak urtero-urtero eramaten ditu bere abelburuak Abadiñoko San Blas azokara. 80 urte ditu, eta, abadiñarra izanik, era berezian bizi du azokan parte hartzea.
Nola bizi duzu San Blas eguna?
Abadiñarrontzat urteko egunik handiena da San Blas azoka. Urte askotan eraman izan dut ganadua hara, eta aurten ere hala egingo dut.
Zenbat abere eramango dituzu?
Gutxi. Denera zazpi buru eramateko asmoa dut: bost behi eta txahal bi. Garai batekoarekin alderatuta, ez dut ganadu askorik egun.
Gaur egun, saltzen al da azoketan?
Orokorrean, askoz ere gutxiago. Lehen erosleak etortzen ziren, eta, azokako ganaduaz gainera, hamar egun geroago-edo baserrira itzultzen ziren abelburu gehiago erostera. Gaur egun, jendea ikustera baino ez da joaten azokara. Asko aldatu da azokaren errealitatea.
Egun, abeltzain gazte gutxi daude. Zergatik da hori?
Baserritarren sektorea ez dagoelako ondo. Egun, abeltzaintzak ez du bertatik bizitzeko aukerarik ematen. Zailtasun asko daude, eta lan asko egin behar da. Gu adinean gora goaz, eta ez dago oinordekorik.
Zuk, baina, lanean jarraitzeko asmoa duzu oraingoz, ez?
Bai, afizio handia dut. Erretiratzeko garaia berez etorriko da.