Artxandako segurtasun eremuan seinaleak jartzeko eskatu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek

2020an Bizkaiko Aldundiak debekatu egin zuen Artxandan hamar urtez ehizatzea, baina bizilagunek salatu dute oraindik ere ehiztariak ibiltzen direla euren auzoan.

ARTXANDAKO PARKEA
Bilboko Artxandako parkea, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
marcos tedin
2024ko otsailaren 17a
05:00
Entzun

Ehizak Bilboko eta Sondikako Artxanda aldeko bizilagunak kezkatzen ditu. Aspalditik, ehiztariak birigarroen eta pagausoen bila joaten dira auzo horretara, eta, azkenaldian, liskarrak izan dituzte auzokideekin. Legez, debekatuta dago ehizatzea etxeetatik berrehun metro baino gertuago dauden eremuetan. Hala ere, auzokideek salatu dutenez, ehiztariek ez dute legea errespetatzen. Hori dela eta, seinaleak jartzeko eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari.

«Ikusita ehiza garai hasieran ehiztariek atsedenik ematen ez zutela eta perdigoiak gure teilatuetan eta baratzeetan erortzen zirela, 2015eko azaroan Artxanda ehizarik gabeko eremu gisa sailkatu behar zela hasi ginen aldarrikatzen, Bilboko beste edozein parke bezala», azaldu du Jose Mari Larrañaga Artxanda Plataforma auzokideen elkarteko presidenteak. 2020ko abenduan, Bizkaiko Aldundiak hamar urteko debekua jarri zion ehizari Artxandan, 117 hektareako perimetro batean, Bilbo eta Sondikaren artean, jarduera horrek «eragiten dituen arazoak desagerrarazten saiatzeko».

Artxanda ehizarik gabeko eremu gisa sailkatzeko lehenengo pausoa orain zortzi urte eman zuten Artxanda Plataformako kideek. Bizkaiko Batzar Nagusiekin jarri ziren harremanetan, eta ehizak sortzen zituen arazoak konpontzeko beharra helarazi zioten. Alderdi politiko guztiekin bildu ostean, auzokideen eskakizuna ehizarik gabeko eremu izendapenetik segurtasun eremu izendapenera pasatu zen: «2020ko abenduan, lehenengo bilera izan genuenetik bost urte pasata, Bizkaiko Foru Aldundiak Artxanda segurtasun eremu izendatu zuen. Horrek esan nahi du ehizatzea debekatuta dagoela». Larrañagak gogorarazi du erabaki hori alderdi politiko guztien adostasunez hartu zuela aldundiak.

«BI-3741 errepidearen alboetan dauden lurrak hartzen dituen 117 hektarea dira, etxebizitzak berrehun bat metrora dituela, alde bakoitzetik. Eremua San Roke baselizaraino zabaltzen da», azaldu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek. Berez, eremu horretan ehizatzea debekatuta dago. Hala ere, auzokideek salatu dute oraindik ere askok ez dutela debekua errespetatzen: «Urtero, ehiza garaia hasten denetik, ehiztariek ez dute legedia errespetatzen, ezta aldundiaren agindua ere. Baina, batez ere, ez dituzte Artxandako auzokideak eta Artxandatik ibiltzen den jendea errespetatzen».

«Urtero, ehiza garaia hasten denetik, ehiztariek ez dute legedia errespetatzen, ezta aldundiaren agindua ere». JOSE MARI LARRAÑAGA Plataforma Artxanda elkarteko presidentea

Hain justu, 2023ko abenduaren 18an, ehizari lotutako ezbehar bat gertatu zen Deban (Gipuzkoa). Izan ere, 75 urteko emakume bat jo zuen bala batek, hura bere etxebizitzan zegoela, eta bertan hil zen. Basurde uxaldian zebiltzan ehiztarietako batena izan zen tiroa. Larrañagaren ustez, Debako istripu hori garrantzitsua izan zen auzi horren gaineko kontzientzia pizteko: «Oso istripu larria izan zen; nik uste dut jendea kontzientziatzen lagundu duela».

Azken neurriak

Hainbat neurri hartu behar izan dituzte auzokideek azken urteotan. Larrañagak kontatu duenez, gaur egun tiroak entzuten direnean, Ertzaintzari edo Bilboko Udaltzaingoari deitzen diote bertakoek. Hala ere, oro har, ez dute nahi adinako erantzunik jasotzen. Horregatik, haratago joan behar izan dutela dio elkarteko presidenteak: «2022ko azaroan lehenengo salaketa formala aurkeztu genion foru aldundiari, esanez Artxandako segurtasun eremuan ehiztariek nahi dutena egiten dutela oraindik ere». Larrañagaren hitzetan, aldundiak ez zien jaramonik egin orduan, eta, horregatik, hedabideetara jotzea erabaki zuten: «Horrek zirrara piztu zuen, eta EH Bilduk eta Ahal Dugu-k Batzar Nagusietan eskatu zuten Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak gaia batzordera eramateko. Bilkura hori abenduan egin zen». 

Ehiztarien elkarteekin hitz egingo zuela eta segurtasun eremuan seinaleak jarriko zituela hitzeman zuen Atutxa diputatuak abenduan. Otsailaren 7an, batzordea bildu zen, eta Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatu zioten Atutxak hitzemandakoa betetzeko. Larrañagak ziurtatu du abendutik hona ez dutela arazorik izan ehiztariekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.