Artea eta ekintza plan bat, Bilboko hiru auzotan merkataritza sustatzeko

Bilboko Udalak hiru programa jarri ditu martxan Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan saltokiak suspertu eta berriak sortzeko. Dendart proiektu muralistikoaren bidez, memoria historikoa berpiztu dute saltokietako pertsianetan.

Ornella Munar artistak Eulalia Abaituari eskainitako pertsiana hirukoitza, urtarrilaren 16an, Maiatzaren Biko kalean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ornella Munar artistak Eulalia Abaituari eskainitako pertsiana hirukoitza, urtarrilaren 16an, Bilbon, Maiatzaren 2ko kalean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
irene baranano
Bilbo
2025eko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Bilbok gero eta txikizkako saltoki gutxiago ditu. Bilbo behatokiak jasotako datuen arabera, 2017an horrelako 5.026 saltoki zeuden, eta urrituz joan dira. Azken datua 2023koa da: 4.094 ziren orduan. «Kontsumo ereduak eta eskaintzaren formatua aldatu egin dira; izan ere, kate komertzialen presentzia handitu egin da, denda tradizionalen kaltetan», Behatokiaren duela bi urteko balantzearen txostenak jaso duenez. Berriki, martxan ez dauden hamar saltokiren pertsianak beste horrenbeste mural koloretsurekin jantzi dituzte Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan. Udalak ekintza plan bat abiatu du, hiru programaren bitartez —ekonomikoak bi eta artistikoa bat— auzo horietan negozioak abiarazi ditzaten.

«Zer nahi dugu? Biztanleak etor daitezen, kale hauetan paseoak eman ditzaten, kontsumi dezaten, eta, noski, lokal huts hauetako batean aurkitu dezaten negozio bati ekiteko gunea», esan du Kontxi Claverrek, Bilboko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotziak.

«Zer nahi dugu? Biztanleak etor daitezen, kale hauetan paseoak eman ditzaten, kontsumi dezaten, eta lokal huts hauetako batean aurkitu dezaten negozio bati ekiteko gunea»

KONTXI CLAVERBilboko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotzia

Udalaren programetako batek merkataritzarako lokalen kanpoaldea eraberritzeko eta hobetzeko laguntzak eskaintzen ditu, 6.000 eurorainokoak. Horien bidez, erakusleihoak, altzariak, dekorazioa eta errotuluak finantzatu ahalko dira, baita irisgarritasuna hobetzeko lanak ere, besteak beste. 2023an eta 2024an ere izan da martxan ekinbidea, eta hainbat negozioren kanpoaldeak berritzen lagundu dute horrela; besteak beste, bizikleta denda batena, argazki estudio batena eta elkarte batena. Aurtengo deialdia abenduaren 30era arte egongo da zabalik.

Beste programak ere laguntza ekonomikoa eskaintzen du. Hain zuzen, hutsik dauden lokalen alokairuaren erdia ordaintzeko laguntzak dira, 400 eurorainokoak. 2023an probatu zuten programa eredu hori, eta Zazpikaleetan zortzi merkataritza lokal aktibatzea lortu zuten. Bigarren deialdian —zabalik dago oraindik— San Frantzisko auzoko bost kaletara zabaldu dute programa, eta, oraingoz, beste hamar denda ireki dira.

Auzoa artez jantzi

Udalaren planaren hirugarren hanka Dendart programa aitzindaria da. Haren bidez, bost artistak artelanez jantzi dituzte martxan ez dauden hamar lokalen pertsianak: Kiko Alcazarrek, Eva Menak, Ornella Munarrek, Janire Ordunak eta Florin Gradinaruk, zehazki.

Muralismo proiektu hori udalak sustatu du, Bilbao Historiko elkarteak eta auzootako merkatarien elkarteak lagundu, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu. Ibilbide kultural gisa aurkeztu dute, Bilboko historian garrantzitsutzat jotako pertsonak omendu baitituzte pertsianetako margolanen bitartez; esate baterako, Casilda Iturrizar filantropoa, Gabriel Aresti idazlea, Rafaela Ibarra ongile eta aristokrata, eta Miguel Unamuno idazle eta filosofoa.

(ID_14586246) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2025-01-16, Bilbo.Dendart, Bilboko San Frantziskoko kaleko arte proiektua
Herritar bat Miguel Unamuno eta Gabriel Arestiri buruzko muralen aurretik pasatzen, urtarrilaren 16an, Bilbon, Maiatzaren 2ko kalean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Ornella Munar artista kolonbiarrak Eulalia Abaitua argazkilaria ekarri du pertsiana hirukoitz batera, haren argazki bat irudikatuta, industrializazioko mural batekin batera, Abaituak bizi izan garaiari erreferentzia egiteko. Egin duen beste muralean, Munarrek borroka kolektiboa goratu du, emakume langileek sortutako Orratzen sindikatuari buruzko irudi koloretsu bat margotuta.

Kiko Alcazar artista izan da Dendart proiektuaren komisarioa, baina, gainontzeko artistek bezala pertsianak margotu ordez, teknika sofistikatu bat erabili du. Ordenagailu bidez moldatutako argazkiak jarri ditu pertsianetan, biniloarekin. Horrela sortu ditu Bilboko bi argazki zahar koloreztatu dituen pieza bat eta Rafael Moreno Pichichi Athleticeko futbolari ohiaren irudiekin apaindu dituen pertsianetako artelana.

(ID_14586215) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2025-01-16, Bilbo.Dendart, Bilboko San Frantziskoko kaleko arte proiektua
Kiko Alcazar artistak eta Dendart proiektuaren komisarioak Pichichi futbolariaren irudiekin apaindu dituen pertsianetako artelanak, Bilbon, Maiatzaren 2ko kalean, urtarrilaren 16an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Arte muralistikozko proiektua bultzatzeko, erakusketak egiten ari dira, Alcazarren bidez, San Frantzisko auzoko Expogelan eta udaltegian. Horrez gain, urtarrilaren 24an artistekin mahai inguru bat egin zuten BBK Kunan, eta bisita gidatuak ere antolatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.