Lanera bidean kantuan nindoala, institutuko garaietara itzuli naiz gaur, une batez izan bada ere. Mundu berri eta ezberdinetan neukan burua orduan, ez ikasketetan. Lehen Hezkuntza eskola txiki batean egin genuen —lau pertsona inguru, mailako—, eta institutura igarotzea salto izugarria izan zen niretzako. Adin bereko jende piloa ezagutu nuen bat-batean eta, onerako edo txarrerako, aldaketa handiko aroa izan zela sentitzen dut. Edozer emango nuke garaiotara itzultzeko aukera izateagatik; alegia, egun batez orduan nintzenaren zapatak janzteagatik. Zentzu batean tonto nengoela jakin arren, zoriontsu nintzela jakin badakidalako. Burua horrenbeste astindu gabe bizi nintzen orduan, horren egoki jokatzeko beharrizanik gabe.
Nire lagunik onenetako baten aita institutuan Euskara irakaslea zen, eta berarengandik jaso nuen lehen gonbita bertsolaritza mundura hurbiltzeko. Izan ere, Ahozkotasuna irakasgaia ematen zigun irakaslea asteazkenero geratzen hasi zen bertso eskola deitzen zitzaion hura emateko. Esan bezala, burua kontu anitzetan nuen orduan, eta hilabete batzuetan zehar ezezko borobilaz erantzuten nion, batik bat, hura probatzeko gogorik ez nuela esanaz. Gainera, bi pertsona besterik ez ziren geratzen bertso eskolara, orduan niretzako ezezagun ziren bi ikaskide.
Egun batean, ordea, ia gurutzatzen ginenero bezala, berriz ere hurbildu zitzaidan ni animatu nahian, eta, hasperen sakon baten ostean, probatuko nuela esan nion. Probatu besterik ez. Egia esan, onartu beharra dut behingoagatik bakean utzi nintzan egin nuela, dezente aldiz insistitu baitzidan. Eta nire hitza bete nahian hala hurbildu nintzen bertso eskolara asteazken buruzuri hartan, pentsatuz ez nintzela inoiz gehiago itzuliko.
Zeharo eskertuta nago kantuan emandako une guztiengatik, bide horretan ezagututako jende guztiagatik, eta lehen bertso eskola hartara (ia arrastaka) joatera animatu izanagatik
Aitzitik, bizitzan sarritan gertatzen den bezala, ez zen izan espero nuena, inondik inora ere. Arratsalde hartan ez genuen ia abestu ere egin, elkar ezagutzen eman baikenuen denbora gehiena. Pronostiko ororen aurka, oso gustura sentitu nintzen institutuko gela itsusi hartan. Ordurako bertsoaren nondik norako batzuk ezagun nituen, eta oroitzen dut azken minutuetan irakasleak jarritako gai bati bertso bana egin geniola. Hamabost minutu inguru egon ginen hitzen dantza hura osatu eta kantatzeko.
Susmatuko zenuen honezkero, baina bai, hurrengo astean ere han izan nintzen. Baita hurrengoan ere. Bertsoen kontua baino, esango nuke giroa izan zela astindu ninduena. Urte hura hala eman genuen: astero batzen eta mundu anitz horren bueltan lehen pausotxoak ematen. Hurrengo ikasturtean, noizean behin, nagusien bertso eskolarekin batzen hasi ginen, eta gogoan dut nola hasi ginen niretzako familia bat zena osatzen. Ni, behintzat, etxean bezala sentitzen nintzen elkartzen ginen guztietan. Eta Bizkaiko final bat ikustera denok elkarrekin joateko plana atera zen behin. Uste dut egun hura izan zela bertsolaritzarekiko behin betiko lotu ninduena, egun paregabea igaro genuen-eta. Zeharo maitemindu nintzen bertsoa inguratzen duen unibertsoarekin.
Ohartu gabe, urte batzuk igaro dira, eta zeharo eskertuta nago kantuan emandako une guztiengatik, bide horretan ezagututako jende guztiagatik, eta lehen bertso eskola hartara (ia arrastaka) joatera animatu izanagatik. Gauza gutxi daudelako bertsoak beste pizten nautenik. Irribarretsu ekin diot jardunari gaur.