Arrakastaz betetako hogei urte

Derioko CIC Biogune zientzia ikerketarako zentroak hogei urte bete ditu asteon. Jose Maria Mato zentroko zuzendariak azpimarratu duenez, bikaintasuneko gune garrantzitsua da nazioartean.

CIC Biogune zientzia ikerketarako zentroa, Bizkaiko parke teknologikoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
CIC Biogune zientzia ikerketarako zentroa, Bizkaiko parke teknologikoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
iraia vieira gil
2025eko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Jose Maria Mato CIC Biogune zientzia ikerketarako zentroko zuzendariak harro laburbildu ditu azken hogei urteotan ebatzitako helburuak: «Eraikin huts bat genuen lehen, eta 250 pertsona inguruko lantaldea dugu orain; eta, hori gutxi balitz bezala, biozientziaren arloko bikaintasun zentro ere izendatu gaituzte». Derion dagoen zentro horren 20. urteurrenaren harira ekarri ditu gogora Matok biozientzian erreferente bilakatu den ikerketa gunearen arrakastak —asteon izan da urteurrena—, eta ziurtatu du etorkizunean ere «bikaintasunez» aritzeko asmoa dutela. Orain arte, 35 herrialdetako bostehun ikertzailek baino gehiagok egin dute lan CIC Biogunen; batik bat, kimika, biologia, molekula eta biomedikuntza arloekin lotutako ikerketetan. «Horri guztiari esker, Euskadiko, Espainiako eta nazioarteko ikerketa sareen parte bihurtu gara». Lorpen horiek ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte astean zehar.

Hain justu, askotariko gaixotasunen inguruan biologian oinarritutako ezagutzak bereganatzea da CIC Biogunen lan egiten duten ikertzaileen asmoa. Gizartearen ongizatea bermatu nahi dute, eta, horretarako, gaixotasunen diagnostiko, pronostiko eta terapia hobeak sortu nahi dituzte. «Lanean hasi ginenetik, 2.000 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditugu, eta patenteak ere sortu ditugu», esan du Matok. Argitaratutako artikulu horietako batzuk mundu osoko zientzia aldizkarietan ere publikatu dituzte, eta 60.000 aipu baino gehiago lortu dituzte. Ikertzaileen formakuntzari dagokienez, 170 tesi baino gehiago egin dituzte CIC Biogune zentroan, eta, gaur egun, 90 ari dira garatzen. Guztira, ehun adituk baino gehiagok masterrak edota lanbide heziketako ikasketak egin dituzte bertan. 

Alderdi praktikoari begira, gaixotasunen diagnostikoak eragiteko modua aurkitu duten sei enpresa sortu ditu CIC Biogunek. «Atlas [Molecular Pharma] enpresa, esaterako, gaixotasun arraro bat tratatzeko farmako bat garatzen ari da orain: porfiria», kontatu du Matok. «Zientzia ikerketaren arloan, zenbait fase daude. Atlasek lehen fasea igarotzea lortu du». Horrek esan nahi du enpresa horrek garatutako farmakoa segurua dela gizakientzat, eta gorputzak arazorik gabe onar dezakeela. «Bigarren faseari ekingo diote orain; hau da, azterketa terapeutikoari. Farmakoa komertzializatzea izango da hirugarren fasea». Horretarako epea, ordea, ez dago zehaztuta. Beste gaixotasun batzuk tratatzeko farmakoekin gertatzen den bezala, prozesua luzea izan daiteke. «Duela hamar urte hasitako prozesua da. Halako ikerketak ez dira azkarrak», aitortu du CIC Bioguneko zuzendariak.

«CIC Bioguneko ateak ireki genituenean, Euskadin ez zegoen zientzia ikerketan aritzeko langile nahikorik. Orain, 60.000 lagunek baino gehiagok egiten dute lan zentroan, eta dirutza fakturatzen da»

JOSE MARIA MATOCIC Bioguneko zuzendaria

Biozientzietako ikerketa zentroak emandako datuen arabera, 272 milioi euroko finantzaketa eskuratu dute azken hogei urteotan. Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak, Trantsizio Energetikoko eta Jasangarritasuneko Sailak eta Hezkuntza eta Osasun sailek eman diete diru hori. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak hamalau milioi euro jarri ditu zentrorako. 65 milioi euro baino gehiago zentroak berak sustatutako proiektuetatik eskuratu ditu CIC Biogunek, eta 53 milioi euro baino gehiago bildu dituzte bazkideek eta enpresa pribatuek egindako dohaintzetatik. «Laguntza handia jaso dugu», aitortu du Matok, eta azaldu du horrek onurak dakartzala gizartean ere: «CIC Bioguneko ateak ireki genituenean, Euskadin ez zegoen zientzia ikerketan aritzeko langile nahikorik. Orain, 60.000 lagunek baino gehiagok egiten dute lan zentroan, eta dirutza fakturatzen da».

CIC Biogune zentroari dagokionez, 81 milioi euroko balioa duten enpresak kontratatzea lortu du, eta, gainera, hamasei milioi euro baino gehiago fakturatu ditu zerbitzuak emateko kontratuen bitartez.

Etorkizuneko erronkak

Aurrera begira, lanean jarraituko dutela adierazi du Matok, baina onartu du hainbat erronkari aurre egin behar izango dietela laster. «Duela hogei urte lanean hasi ziren ikertzaileek 40 urte dituzte orain. Zientzia arloko lider gazteak erakartzeko erakargarri egin nahi dugu Biogune, eta hori erronka bat da», kontatu du zentroko zuzendariak. Orain, gazteak diren hamar ikertzaile berri inguru jaso ditu ikerketarako guneak, eta «oso pozik» daude haiekin: «Nazioarteko beste edozein zentro aukera zezaketen beren lanak garatzeko, baina gu hautatu gaituzte».

(ID_14690928) (Endika Portillo/@FOKU) 2025-02-18, Derio. Biogune ikerketa zentroak 20 urte bete ditu,Jose Maria Mato, director ge...
Jose Maria Mato CIC Biogune ikerketa zentroko zuzendaria, otsailaren 18an, Derion, 20. urteurreneko ekitaldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Biomedikuntzari dagokionez, erronka argia dela uste du Matok: gizartearen zahartzea. «2050ean, Euskadin bizi diren herritarren herenek 85 urte baino gehiago izango dituzte. Eta beren bizitzaren azken 10-15 urteetan norbaiten mendekoak izango dira. Zaharren ahultasuna eta mendekotasuna prebenitzeko ikerketa gehiago behar dira».

Haren ustetan, medikuntza arloan egiten diren ikerketek prebentzioa eta diagnostiko goiztiarrak izan beharko lituzkete ardatz. «Pazienteak taldekatu behar ditugu, eta datuak bildu. Jakin behar dugu zeintzuek erantzungo dioten ondo tratamenduren bati eta zeintzuek ez. Arin gaixotuko direnak ere identifikatu behar ditugu», azaldu du CIC Bioguneko zuzendariak. Eta aitortu du doitasunezko medikuntza hori garatzea etorkizuneko «beste erronka handi bat» izango dela: «Milaka datu bildu behar ditugu horretarako, eta horiek banaka aztertu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.