Nico Cuenca

Arrakastaren gatibu

2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

Aurreko urtean kale egin eta gero, EHZ festibalean izan nintzen duela bi asteburu, Arberatzen (Nafarroa Beherea). Gauzak egiteko beste modu bat badela erakusten du festibalak, eta horrek egiten du handi. Aspalditik izan dut lotura EHZrekin: boluntario gisa hasieran eta bisitari moduan gaur egun. Festibalak eskaintzen dituen proposamenen artean nik aspaldi egina nuen hautua: Gorka Urbizu zuzenean ikustea. Haren fana naiz, oso fana. Musikari eta poeta fina da Gorka, eta horrela igartzen da bera gorpuztu den forma guztietan, bakarlari zein banda gisa: Berri Txarrak, Katamalo, Peiremans... Azken talde horren izenaren jatorria ekarri zuen gogora Gorkak bere kontzertuan. Frederic Peiremans Javier Clementeren garaian Realak fitxatutako erdilari belgikarra izan zen.

Dirutza ordaindu zuten txuri-urdinek futbolari arrakastatsua izan behar zuen jokalariagatik, baina lesio batek bere ibilbidea zapuztu egin zuen, eta partida ofizialik jokatu gabe 28 urterekin erretiratu behar izan zen. Depresioak jota emaztearengandik banandu eta alkoholismoaren atzaparretan erori zen. Gorkak azaldu bezala, gizarte lehiakor batean bizi gara eta porrota oso gaizki ikusita dago. Horregatik aukeratu zuten izen hori, laster ala berandu guztioi egokituko zaigulako galtzailearen papera.

Peiremansek arrainak banatzen dituen enpresa batean egiten du lan gaur egun. Asteburuetan gazteak entrenatzen ditu herriko futbol taldean. Pozik bizi da. Ez al da hori arrakasta nahikoa?

Galtzen ez dakien gizartea da gurea, galtzaileak zigortzen dituena. ABBAren The Winner Takes It All kantan bezala: «Irabazleak dena eramaten du eta galtzailea hondoratu behar». Kantak, are gehiago, ez garela kexatu beharesaten zuen. Gainera, esango nuke azken urteotan arrakasta indibidualaren mantra erabat barneratu dugula. Hala, justizia sozialak arrakastara heldu nahi duenari traba baino ez diola egiten esaten entzun diegu Javier Milei bezalako ideologo ultrei. Muturreraino joan barik ere, arrakasta gure esku baino ez dagoela dioten mezuak nagusitzen ari dira. Horren adibide, Mr. Wonderfullen estiloko mezu toxikoak ditugu: «Guztiarekin ahal duzu!», «nahi izatea ahal izatea da!», «besteek ahal badute, zuk ere bai!». Beste modu batean esanda, lortzen ez baduzu, nahikoa egin ez duzulako izan da. Publizitateak berak ere etengabe esaten digu ezerk ezin gaituela gelditu. Minik badugu, botika ezagun bat hartu eta aurrera! Gorputzari kasurik egin gabe. Soilik egin! (Just do it!). Kontua da askotan gorputzak ez digula uzten, Peiremansen kasuan bezala, eta horrek ez gaitu galtzaile bihurtzen.

Beste batzuetan, aldiz, beharrezkoa da sistema bera zalantzan jartzea, aurrera egiten uzten ez digula jabetzeko. Gorka Urbizuk Teoria bat kantan azaldu bezala, «Gauzak ez dira horrela, Gauzak horrelaxе daude. Eta ez da gauza bera, inola еre».Arrakasta ikuspegi indibidualistatik aldarrikatzen duten berdinak dira porrotaren zama norberari egotzi nahi diotenak, jarrera kritikorik gabe.

Peiremansek arrainak banatzen dituen enpresa batean egiten du lan gaur egun. Asteburuetan gazteak entrenatzen ditu herriko futbol taldean. Pozik bizi da. Ez al da hori arrakasta nahikoa?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.