Antzerkigilea, dokumentalgilea, aktorea eta BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiko irakaslea da Olatz Gorrotxategi (Bilbo, 1982). Arte Eszenikoak eta Performancea ikasi zituen Erresuma Batuko Leeds Beckett Unibertsitatean. 2007an graduatu zen, eta ibilbide profesional oparoa izan du. Hamar antzezlan baino gehiago zuzendu ez ezik, Euskal Herriko eta Espainiako antzerki konpainia ugarirekin kolaboratu du hainbatetan. Progreso. El último lugar sobre la tierra (Progresoa. Lur gaineko azken bazterra) du izenburu Gorrotxategiren azken obrak, eta igandean eskainiko du estreinakoz, 13:00ean, Bilboko Azkuna zentroan. Antzerki garaikideak, lengoaia eszeniko berriek eta zuzeneko dokumentalen ezaugarriek bat egingo dute oholtza gainean.
Zelakoa izan da Progreso. El último lugar sobre la tierra antzezlanaren sormen prozesua?
Ohituta nago askotariko lengoaia eszenikoak nahastera: objektuak, soinuak, hitza, ikus-entzunezkoak... Klasikoak ez diren bideetatik heltzen diet normalean. Sakelako batetik gertuago sentitzen naiz Shakespearetik baino, eta hori egiten zait interesgarri. Nik neuk asko baloratzen dut antzerki klasikoa, aktoreek egin beharreko lan fin hori, baina nire proposamenak beste leku batzuetatik datoz. Eskura ditudan gauzen inguruan eta egunerokoan erabiltzen ditudan lengoaien inguruan aritzea gustatzen zait, eta testu naturalak egitea, horri guztiari umore kutsu bat gehituz.
Gizakiaren eta plastikoaren historia bateratu dituzu obran. Zergatik?
Oro har, antzerki dokumentua egiten dut nik. Benetako istorioak, pil-pilean dauden eztabaidak edota gogoko ditudan gaiak jorratzea gustatzen zait sorkuntza berriak garatzeko. Hori guztia kontuan hartuta, aspalditik nuen plastikoaren erabileraren inguruko antzezlan bat egiteko ideia. Izan ere, Sesame Street-en ageri ziren txotxongiloen telesail batekin bereziki liluratuta nengoen txikitan: Twiddlebugs. Gizakiok behar ez genituen hondakinak birziklatzen zituzten panpina horiek, autoak, etxeak eta bestelakoak egiteko. Eta horiek izan nituen nik obrarako inspirazio iturri.
Zein da antzezlanaren ardatz nagusia?
Asko gustatzen zait analogiekin lan egitea. Plastikoaren historia lantzeko, beraz, Homosapiens-aren eta gizakiaren historia aurkeztea otu zitzaidan. Hortik abiatzen da kontakizuna. Hiru pertsona egongo gara oholtzan: Indi Costa aktorea, Imanol Garcia argi eta soinu teknikaria eta ni neu. Dokumentalgileak gara guztiak, eta zuzeneko dokumental bat sortuko dugu eszenatokian bertan. Dokumentala grabatu bitartean, beste gizarte batekin topatuko gara. Aurretik egindako antzezlan gehienetan bezala, antzezlanaren trikimailuak erakutsiko dizkiogu publikoari. Zintzoak eta egiazkoak izan nahi dugu ikusleekin.
Inprobisaziorako tokia egongo da?
Gutxi, egia esan. Antzezlan osoa behin baino gehiagotan entseatu dugu. Beti izaten da inprobisaziorako toki txikiren bat, elkarrizketa guztiak buruz ez dakizkigulako eta nolabait freskotasunari eustea gustatzen zaigulako, baina jakin badakigu zer esan behar dugun. Hasieratik bukaerara gertatzen den guztia zehaztuta dago.
«'Progreso'antzezlanak elementu berriak ditu, antzerkigintza ulertzeko beste modu batzuk. Ez gara munduko modernoenak, baina horixe da ikusleei eskaini nahi diegun erronka»
Nola jaio zen obraren izenburua?
Progreso hitza bortitza eta gogorra dela uste dut, eta konnotazio negatibo asko dituela. Progresoa berez positiboa da, baina gaur egungo gizarte egoerak beste norabide batzuetatik garamatza; norabide negatiboetatik, hain zuzen. Izenburu aproposa izan zitekeela iruditu zitzaidan: progresoa polita izan daiteke, baina, era berean, gizakia akaba dezake.
Pentsamendu kritikoa sustatzeko lana da, beraz.
Bai. Uste dut sortzaile guztiok dugula pentsamendu kritikoa sustatzeko asmoa. Gizaki kritikoak gara, eta oholtzara igotzen gara mezu jakin bat helarazi nahi dugulako. Hala ere, antzezlan bat sortzerakoan, ez diozu pentsamendu kritikoa sustatzeko beharra planteatzen zeure buruari. Artearen inguruan duzun jarrera naturala da. Progreso antzezlanean, zehazki, gizaki guztiak naturaren parte garela nabarmendu nahi izan dugu.
12 urtetik gorako gazte iraultzaileentzako antzerkia dela dio kartelean. Zergatik?
Ikuskizuna ez da haurrentzat pentsatutakoa, 12 urtetik gorakoek ulertzeko modukoa baizik. Zergatik, ordea, iraultzaile hitza? Mundua aldatu nahi baldin badugu, publiko gazte eta iraultzailea behar dugulako gure ikuskizunetan.
Gazteek kultura kontsumitzeari eta halako ikuskizunak ikusteari utzi dietela esango zenuke?
Ez dut uste kultura kontsumitzeari utzi diotenik, baizik eta beste kultura bat kontsumitzen dutela. Haiek dituzten tresnak guk genituenen aldean oso desberdinak dira. Etxean bertan kontsumi dezakete kultura, Internet bidez. Oraindik ere gazte askok irakurtzen dute. Ezin gara pesimistak izan, beraz. Egia da zuzeneko arteetara eta arte eszenikoetara ez direla asko etortzen, behartzen ez baldin badituzte, behintzat. Hain justu, horregatik iruditu zaigu interesgarria halako apustu zabal bat egitea. Haurrentzako antzezlan bat sortu ordez, gazteen beharrak elika ditzakeen proiektu bat egin nahi izan dugu. Ikusleak diren heinean, erronka bat jarri nahi izan diegu.
Zein da erronka hori?
Antzerkigintza bera. Diziplina horri beste forma batzuk ematea eta lan performatibo bat aurkeztea, zehazki. Esan bezala, gure obra ez da antzerki klasiko batean oinarritzen. Progreso antzezlanak elementu berriak ditu, antzerkigintza ulertzeko beste modu batzuk. Ez gara munduko modernoenak, baina horixe da ikusleei eskaini nahi diegun erronka.