Antibiotikoekiko erresistentzia murrizteko, animaliei kalte

Espainiako Gobernuaren 666/2023 Errege Dekretuak ondorioak izan ditu animalien ongizatean, albaitariek eta jabeek salatu dutenez: tratamenduak atzeratzea eta garestitzea eragin du. Asteazkenean, protesta egingo dute gobernuaren Bilboko delegazioan.

Albaitari bat txakur bat artatzen, artxiboko irudi batean. FREEPIK
Albaitari bat txakur bat artatzen, artxiboko irudi batean. FREEPIK
amaia igartua aristondo
2025eko martxoaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez da kezka berria: antibiotikoekiko erresistentzia osasun publikoko arazo larria da dagoeneko, sendagaien eraginkortasuna makaldu eta infekzioei aurre egiteko baliabideak murrizten dituelako. Makina bat esku hartze egin da hori saihesteko, eta azkena urte hasieran sartu zen indarrean: Espainiako Gobernuaren 666/2023 Errege Dekretua. Hain justu, arauak albaitaritzako medikamentuen preskripzioari, banaketari eta erabilerari eragiten die. Alabaina, albaitariek ez dute begi onez ikusten: kexu dira dekretuak ez duela aintzat hartzen profesionalen irizpidea eta artatzeko baliabideak mugatu dizkiela, eta salatu dute jada eragina izaten ari dela animalien ongizatean. Asteazkenean, protesta egingo dute Espainiako Gobernuaren delegazioen aurrean; besteak beste, Bilbokoan, 10:00etatik 12:00etara.

Lehendik ere bazeuden albaitaritzako antibiotikoak arautzeko neurriak. Errege dekretuak horiek bildu ditu, eta zorroztu egin du haien aplikazioa, Maria Jose Diaz Bizkaiko Farmazialarien Elkargoko Medikamentuen Informazio Zentroko zuzendariak azaldu duenez. Hala, legearen arabera, hiru agente hauek bana ditzakete albaitaritzako medikamentuak: farmaziek, establezimendu xehekariek eta abeltzainen elkarteek. Irizpide hori ezarria zuen jada 1/2015 Errege Dekretu Legegileak, baina ez zen betetzen.

«Farmazia oso arautua dago, legedia oso zorrotza da, eta nahiko ohituta gaude araubide berrietara egokitzera»

MARIA JOSE DIAZBizkaiko Farmazialarien Elkargoko Medikamentuen Informazio Zentroko zuzendaria

Beraz, albaitariek jadanik ez dute botikak emateko baimenik, eta jabeek «zailtasun handiagoa» dute orain botikok eskuratzeko, Bizkaiko Albaitarien Elkargoko presidenteorde Egoitz Bikandi Pagaldairen irudiko. «Gaur egun, farmaziak ez daude guztiz prestatuta guk ezarritako tratamenduak biltegian edukitzeko. Ondorioz, baliteke farmazia batetik bestera joan behar izatea haien bila».

«Egoerak okerrera egin du»

Tratamendua topatuagatik, baina, buruhausteak ez dira amaitzen, Bikandiren aburuz. Izan ere, litekeena da behar den botika kopurua baino askoz gehiago erosi behar izatea: adibidez, gertatu izan zaie hogei gramo eskaseko txori bati tanta batzuen mililitro bat errezetatzea, baina ehun mililitroko botila erosi beste erremediorik ez izatea. Hala, Bikandik uste du aurretik ez zegoen arazo bat sortu duela errege dekretuak: soberakinak. «Lehen, bospasei eguneko tratamendu bat ezartzen bagenuen, egun horietarako pilulak ematen genituen, ez besterik, eta horrela ez ziren soberakinak geratzen. Uste dut hobeto kudeatzen zela preskripzioa».

Jabeen etxean pilatzen dira botiken soberakinak, eta, kasu batzuetan, bide desegokiak erabiltzen ari dira horiei aterabidea emateko: profesionalek atzeman dutenez, jabe batzuek beste batzuei eskaintzen ari zaizkie soberan dituzten tratamenduak. «Jabeen arteko trafiko bat hasi da, eta, noski, kontrola galtzen ari gara».

Antibiotikoen erabilera murriztea, ezinbestekoa

Munduko osasun erakundeek bat egiten dute irizpide berean: txikitu egin behar da antibiotikoen kopurua. 2030erako mikrobioen aurkako botiken salmenta %50 murrizteko helburua jaso zuen Europako Batasunak 2018an onartutako 2019/6 Erregelamenduan —arau horretatik eratorri da Espainiako Gobernuaren 666/2023 Errege Dekretua—.

Garrantzitsua da gizakiez besteko animaliei antibiotiko gutxiago ematea; batetik, haiek ere tratamendu eraginkorrak izan ditzaten, eta, bestetik, gizakiek animaliotako asko kontsumitzen dituztelako, Maria Jose Diaz Bizkaiko Farmazialarien Elkargoko Medikamentuen Informazio Zentroko zuzendariak nabarmendu duenez. OMEren arabera, gizakietan agertzen ari diren gaixotasun infekziosoen %60 zoonosiak dira; hau da, gizakiez besteko animalietan dute jatorria.

Bestalde, ganaduari ematen zaion botika kopuruari ere muga jarri diote azken urteetan. Diazek esan duenez, kontsumorako animalia bati medikamentu bat ematen diotenean, edozein motatakoa izanda ere, denbora tarte jakin bat utzi behar da haren okela merkaturatu aurretik, bermatzeko botikaren arrastoak desagertuko direla. Edozelan ere, gero eta gutxiago dira, datuen arabera: 2016tik 2019ra, ekoizpen animaliei emandako antibiotikoak %57 murriztu ziren, Egoitz Bikandi Pagaldai Bizkaiko Albaitarien Elkargoko presidenteordeak aipatu duenez.

Bilboko APA Puppy animalien babeserako elkartean, soberakinak ez dira arazorik behinena, animalia batek hartzen ez dituenak beste batek behar izaten dituelako maiz, Shiva Sanchez boluntarioaren esanetan. Baina igarri dituzte errege dekretuaren ondorioak, edonola ere. «Aparteko gastua» deitoratu du Sanchezek. «Lehen, gizakientzako botika asko animalientzat erabiltzen genituen, gizakientzakoak merkeagoak direlako eta medikamentu bera delako».

Sanchezek berretsi egin ditu Bikandiren azalpenak: luzatu egin da zain egon beharreko denbora. «Elkartean dauden animaliak arrisku handian daude, eta askotan ezin dugu itxaron. Artan denbora mordoa galtzen dugu». Moteldu egin da, halaber, erreakzionatzeko gaitasuna: lehen, tratamendua bukatu ostean animaliak makal segitzen bazuen, albaitariak berehala erabaki zezakeen antibiotikoak errezetatzea egun batzuk gehiagorako. «Orain, lau egun pasa daitezke tratamendua luzatzea erabakitzerako. Hau da, galdu duzu antibiotikoaren efektua eta hasieratik abiatu behar duzu ostera ere». Errege dekretuari buruzko kontrako iritzi irmoa du Sanchezek: «Egoerak okerrera egin du, atzera egin dugu».

Burokraziak ere gora

Gerta liteke tratamendua inon ez aurkitzea ere, eta astebete itxaron behar izatea ekar dezaten. Edo botika egotea, bai, baina ez albaitariak agindutako dosian, edo posologia bestelakoa izatea —esaterako, pilulatan egon beharrean, jarabe moduan egotea—. Ustekabe horiek ere arta atzera dezakete, eta puztu egiten dute lan burokratikoa. Izan ere, 666/2023 Errege Dekretuak honako berrikuntza hau ere ezarri du: profesionalek antibiotikoekin erlazionatutako xehetasun guztiak adierazi behar dituzte Presvet deituriko plataforman.

«Tratamendu bat ezartzen dugunean, Presvet bidez jakinarazi behar dugu; jabea itzultzen bada farmazian ez duelako guk ipinitako tratamendua aurkitu, hasierako errezeta bertan behera utzi behar dugu, eta berria egin», esan du Bikandik, Albaitarien Elkargoko presidenteordeak. Presvet bidez ez jakinaraztea arau hauste larritzat jotzen zuen dekretuak hasieran, eta 60.000 eurotik 1,2 milioi eurorainoko isuna jaso zezaketen albaitariek; Espainiako Kongresuan berriki onartu dutenez, arau hauste leuna izango da aurrerantzean, eta gehienez ere 600 euroko zigorra ekar lezake.

«Errege dekretuak ez dauka malgutasunik. Balio handiagoa ematen diote fitxa teknikoaren irizpideari albaitarienari baino»

EGOITZ BIKANDI PAGALDAIBizkaiko Albaitarien Elkargoko presidenteordea

Halere, zuzenketa horrek ez ditu albaitariak trankildu, kezka ez delako soilik ekonomikoa. Bikandik esplikatu duenez, osagileek zehatz-mehatz jarraitu behar dituzte botiken fitxa teknikoak, baina eguneratu gabe egoten dira sarritan. «Ikerketek erakutsi dute medikamentu batzuk erabil daitezkeela fitxa teknikoan jasotzen ez diren beste kasu batzuetarako ere, baina guk ezin ditugu beste erabilera horietarako errezetatu». Albaitari batek kontatutakoa ekarri du gogora: prozesionariaren erruz, katu batek mihia erdi nekrosatuta zeukan, guztiz handituta, eta ezin zuen irentsi, eta albaitariak tramadola errezetatu zion tantatan, egoera horretan egokiena zelakoan; azkenean, piluletan eman behar izan zion botika. «Errege dekretuak ez daukanez malgutasunik, halako egoerak sortzen ari dira. Balio handiagoa ematen diote fitxa teknikoaren irizpideari albaitarienari baino», ebatzi du Bikandik.

Antibiotiko bat fitxaz aparteko kasu batean erabiltzeko, antibiogramak egin behar dituzte. Proba horiei esker, jakin daiteke ea bakterio bat antibiotiko jakin batekiko sentikorra edo zaurgarria den. Antibiogramen emaitzak ez dira berehalakoak, ordea. «Eguenean lagina hartzen baduzu eta barikuan bidali, laborategira astelehenean helduko da, kultiboak igual eguaztenean egingo dira... Astebete atzeratu daiteke prozesua». Denbora tarte horretan, albaitariak antibiotiko bat agindu dezake kontrol modura, baina gerta liteke antibiogramaren emaitzaren ondorioz hasierako tratamendu hori aldatu behar izatea. «Hor ere badago erresistentziak sortzeko arriskua», ohartarazi du Bikandik.

Farmaziak ere, egokitzen

Albaitarientzat ez ezik, farmazeutikoentzat ere ondorioak izan ditu errege dekretuak. «Albaitaritzako medikamentuen eskaria igo egin dela nabaritu dugu», Farmazialarien Elkargoko kide Diazen berbetan. Eta eskaria igotzen bada, ezinbestekoa da stocka handitzea, eta, beraz, botikei tokia egin behar zaie propio, ezin baitira nahastu gizakientzako tratamenduekin.

«Orain, lau egun pasa daitezke tratamendua luzatzea erabakitzerako. Hau da, galdu duzu antibiotikoaren efektua eta hasieratik abiatu behar duzu ostera ere»

SHIVA SANCHEZBilboko APA Puppy animalien babeserako elkarteko boluntarioa

Horrez gain, errege dekretuaren aurretik zegoen araudiak jada exijitzen zien erosketa mugimenduak erregistratzea, errezetak eta dokumentuak gordetzea bost urtez, eta antibiotikoekin lotutako beste kontrol neurri batzuk. «Errege dekretuak lana berrantolatzea eskatzen du, baina hori lan kargaren parte da. Izan ere, farmazia oso arautua dago, legedia oso zorrotza da, eta nahiko ohituta gaude araubide berrietara egokitzera», hausnartu du Diazek.

Ohiturak ohitura, errege dekretu berriak zalantzak piztu dizkio farmaziako profesional bati baino gehiagori, ugaritu egin baitira albaitaritzako medikamentuen inguruan elkargoari egindako kontsultak. «Legediaren inguruko zalantzak dira, gehienbat», zehaztu du Diazek. Adibidez, zenbat irauten duen errezetak, zenbat denboraz gorde behar den sortutako dokumentazioa, nola ordezkatu medikamentuak, nola erabili errezetak egiteko plataformak...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.