«Momentu oso hunkigarriak ari gara bizitzen». Hala adierazi du Txutxi Ariznabarreta Arrankudiaga-Zolloko alkateak. 86 urteren ostean, jaioterrira bueltatu dituzte Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak. 36ko gerran fusilatu zuten: 1938ko ekainaren 2an, 24 urte zituela. Urte luzez ezer gutxi zekien familiak Egañari buruz, baina ARMHV Asociacion para la Recuperacion de la Memoria Historica de Valladolid elkarteak egindako lanari esker, Valladoliden (Espainia) aurkitu dituzte haren gorpuzkiak. Etzi, omenaldia egingo diote Arrankudiagan, 12:30ean.
Beste 198 biktima bezala, Valladolideko El Carmen hilerriko hobi komun batean lurperatu zuten Egaña. Zazpigarren hobi komunean, hain zuzen ere. «Egañaren senideek ez zekiten ondo zer gertatu zen harekin. Bazekiten Santoñan [Kantabria, Espainia] preso egon zela, baina, gerora, arrastoa galtzen zen», azaldu du Ariznabarretak.
«Gai garrantzitsua da gure memoria berreskuratzeko eta biktima guztientzako justizia eskatzeko».
TXUTXI ARIZNABARRETAArrankudiaga-Zolloko alkatea
Apirilaren 14an egin zuten gorpuzkiak entregatzeko ekitaldia. Egañaren senideak eta udal ordezkariak joan ziren Valladolidera, eta biktima guztiei egin zieten omenaldia. «Izugarrizko lana egin dute elkarteko kideek; milaka biktimaren izenak agertu dira».
Domekan, berriz, Arrankudiagan egingo diote ekitaldia. «Omenaldi xume baina hunkigarria izatea gura dugu», aurreratu du alkateak: «Gai garrantzitsua da gure memoria berreskuratzeko eta biktima guztientzako justizia eskatzeko».
Mendeku baten ondorio
Estatu kolpe faxistaren ondorioz, Padura batailoiko Landarraga konpainian erroldatu behar izan zuen Egañak 1936an. Hirurehun gudari inguruk osatzen zuten taldea, eta hainbat frontetan parte hartu zuten. «Egañak teniente gradua zuen», zehaztu du Ariznabarretak.
Alabaina, 1937ko martxoaren 31n eta apirilaren 1ean Gorbeia mendian jazotako guduek izan zuten eraginik handiena Egañaren heriotzan: «Borroka horiek ondorio oso larriak izan zituen Egañarentzat». Gauez, tropa faxistek bandera faxista eta erreketea jarri zituzten Gorbeiako gurutzean. Hurrengo goizean, baina, gudariek berriro eskuratu zuten gurutzea. «Borrokaldi haietan, hildakoak egon ziren bi aldeetan. Tartean, Valladolideko barrutiko zalditeriako kapitain bat hil zen», esan du alkateak.
Handik hilabete batzuetara, Padura batailoia desegin eta konpainia desberdinetako gudariak II. Dibisioko 156. brigadara batu ziren, ekainean. Santander (Kantabria, Espainia) aldera joan ziren, eta, han zeudela, armada kolpistek espetxeratu, epaitu, eta hamabi urte eta egun bateko espetxe zigorra jarri zioten Egañari.
Azaroan, Valladolideko kartzela batera eroan zuten, eta berriro epaitu zuten. «Teniente gradua izanik, Gorbeiako borrokan hildako kapitain faxistaren heriotzaren erantzule egin zuten Egaña, eta hiltzera kondenatu zuten». Ariznabarretak gaineratu du «mendeku gordina» izan zela Egañaren aurkako epaia: 1938ko ekainaren 1ean jakinarazi zioten erabakia, eta hurrengo egunean fusilatu zuten, 06:30ean.