Andreen oihaletan

Industrializazioaren eraginez, Bizkaiko emakumeen janzkera aldatu egin zen: kotoia erabiltzen hasi ziren, kolore argiagoak eta estanpatu deigarriak, eta xehetasunez josi zituzten beren jantziak. Erakusketa batean azaldu dute bilakaera hori, Balmasedan.

Jaka bat eta, hondoan, bendejeren jantzi bat, Balmasedako Encartada museoko 'Kameratik orratzera' erakusketan, martxoaren 5ean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jaka bat eta, hondoan, bendejeren jantzi bat, Balmasedako Encartada museoko 'Kameratik orratzera' erakusketan, martxoaren 5ean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
2024ko apirilaren 21a
05:00
Entzun

Jantzi bat arrasto historiko bat da, hartan mamitzen baitira garaiko testuinguruari dagozkion ezaugarriak, estetika bilakatzen baitira eraldaketa sozial eta ekonomikoak. Eulalia Abaitua Bilboko argazkilariaren irudietan (1853-1943), andreen soinekoetan ageri dira hala nola industrializazioaren eragina, herritik hirirako migrazioaren azkartzea, eta tradizioaren eta moda berriaren arteko tirabira. Abaituaren argazkietatik abiatuta, Balmasedako Encartada fabrika-museoak XIX. eta XX. mendeetako Bizkaiko andreen janzkera xehatu du Kameratik orratzera erakusketan. Uztailaren 7ra arte bisitatu ahalko da; udazkenetik aurrera, Bilboko Ondare aretora lekualdatuko dute bilduma, eta, ondoren, Gernika-Lumoko Euskal Herria museora.

Askotariko materialekin osatu dute mostra. Jantzien ezaugarriak azaldu dituzte, eta horiei banaka erreparatu; garai hartako arropa eta osagarriak ipini dituzte —zapiak, barruko arropak, txanbrak, jakak, amantalak, eta abar—, Abaituaren hogei argazki inguru daude ikusgai, eta, material horietan oinarrituta, lau jantzi josi dituzte Basauriko Agintzari, Bilboko Salbatzaile eta Lezoko (Gipuzkoa) Zubitxo dantza taldeetako sei emakumek: lanekoa, ekitaldi formaletarakoa, jai girokoa eta bendejerena. Liburu batean argitaratu dituzte ospakizun formaletarako jantziaren patroia, azalpen historikoak eta arroparen ezaugarriak; eta beste horrenbeste egiteko asmoa dute gainerako hiru soinekoekin. Gainera, jostunen, patroigileen eta tindatzaileen lanaz mintzo den ikus-entzunezko labur bat ere ekoitzi dute —Youtuben ikus daiteke—.

«Erromerietako argazkietan ikusten da kolore argietara jotzen zutela, dotoreagoak ere badirelako»

ALOÑA INTXAURRANDIETA Erakusketaren komisarioa

Abaituaren argazkiei data zehatzik jarri ezin zaien arren, erakusketako irudi gehienak 1880tik 1910era bitartekoak direla adierazi du Aloña Intxaurrandieta erakusketaren komisarioak. Hain justu, mende aldaketaren berri ematen du Abaituak, eta horrekin batera izandako aldaketa estetikoarena. Industrializazioa da eraldaketa horren eragileetako bat, Intxaurrandietaren berbetan. «XIX. mendearen erdialdetik aurrera, asko hedatu ziren kotoizko oihalak ekoizten zituzten fabrikak». Ordura arte, emakumeek lihoa eta artilea erabiltzen zituzten arropak taxutzeko, eta eskuz egiten zuten prozesu osoa, etxean, Nekane Madariaga komisarioak esplikatu duenez. «Negu osoa ematen zuten lihoa arintzen, eta, gero, ehungailura eraman behar zuten». Prozesu nekeza zen, luzea; industrializazioarekin, ordea, errazago eskuratu zezaketen lehengaia, baita merkeago ere.

Eulalia Abaituaren argazkietako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Eulalia Abaituaren argazkietako bat. Balmasedako erakusketan ikusgai da. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Ondorioz, kotoia erabiltzen hasi ziren kalerako jantzi berriak egiteko, eta etxerako eta baserriko beharretarako gorde zituzten lehengo soinekoak, artilez eta lihoz eginak eta adabakiz jositakoak. XIX. mendeko influentzia islatzen zen oihal horietan, Madariagak esan duenez. Azpiko gonak asko pisatzen zuen. Hasieran, alkandora luzea izaten zen, eta laburtuz joan zen denborarekin. Eta osagarriak urriak ziren: marraz edo karratu txikiz apaindutako zapiak erabiltzen zituzten, kolore ilunekoak; artilezko galtzerdiak eta larruzko abarkak; eta amantal orobat iluna, gehienetan urdina, liho lodiz edo kotoiz egina. «Grabatuetan ikusten denez, XIX. mendea baino lehen kaleko arropa moduan ere erabiltzen zuten jantzi hura. Baina, XIX. mendetik aurrera, lanean edo etxe inguruan bakarrik erabiltzen zen, irudiek transmititzen dutenez», esan du Madariagak.

Kolore argiagoak

Bazituzten soineko dotoreagoak ere, ekitaldi formaletarakoak. Kolore ilunagokoak ziren, eta laukizuzenekin moldatzen ziren; izurrez beteta zeuden. Diseinuak lasaiera handia ematen zien gonei, baita edozein neurritara egokitzeko aukera ere. Madariagak azaldu duenez, haurdunaldian gerria zabal zezaketen, eta erditu eta gero, berriro estutu. «Arropa oso praktikoak ziren». Blusaren gainetik, jaka sinple bat eramaten zuten, bolumen txikiko mahukaduna. Eta amantala ere bazuten. Komisarioak azaldu duenez, patriketan ikusten da desberdintasuna: ospakizun formaletarako jantzienak «praktikoak ziren», baina estetika puntu bat zuten. «Laneko soinekoen patrikak baino politagoak ziren. Apainduta zeuden: ertzetan brodatu sinpleak zituzten», xehatu du Madariagak.

«[Industrializazioa baino lehen, andreek] Negu osoa ematen zuten lihoa arintzen, eta gero ehungailura eraman behar zuten».

NEKANE MADARIAGA Erakusketaren komisarioa

Argiagoak ziren jai giroan erabiltzen zituzten oihalak, Intxaurrandietaren hitzetan. «Ziurrenik, hiriko modek eraginda. Erromerietako argazkietan ikusten da kolore argietara jotzen zutela, dotoreagoak ere badirelako». Erakusketarako propio egindako jai giroko jantzian, joerok islatu dituzte: mahuka hanpatudun jaka bat egin dute, ikusgarriagoa ospakizun formaletarako jaka tradizionalarekin alderatuta; botoi bikoitzak ipini dizkiote, eta, orobat, argiagoa da amantala, apaingarri bat delako, eta ez lanerako tresna bat, komisarioak xehatu duenez. Patrikak zabalik daude, eta parpaila batzuk dituzte. «Espartin txuri batzuekin osatu dugu, galtzerdi ilunekin konbinatuta, horiek asko ikusi baititugu erromerietako argazkietan. Buruan, zapi argi bat jarri diogu».

Orain dela mende bateko andreek erabilitako hainbat zapi. Oihalen estanpatuetan eta koloreetan antzeman daiteke irizpide aldaketa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Orain dela mende bateko andreek erabilitako hainbat zapi. Oihalen estanpatuetan eta koloreetan antzeman daiteke irizpide aldaketa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Lanarekin zerikusia du laugarren jantziak. Bendejerena da, hain zuzen. «Badauka lanerako jantzi batek izan behar duen praktikotasuna, baina, hirira joaten ziren baserritarrek erabiltzen zutenez, itxura txukuna izan behar zuen», Intxaurrandietaren irudiko. Goiko txanbra bat proposatu dute, marraduna; oihal sinplez egina dago, baina marrak konbinatuta piezen artean efektu jakin bat sortu dute, baliabide gutxirekin. «Hori da jantzi horiek duten ezaugarri komuna: materialak xumeak eta apalak izanda ere, erabiltzen zituzten teknikek emaitza aberasten dute», esan du Intxaurrandietak. Halaber, diseinuan agerikoa da hiriko modaren eragina, gonak bestelako egitura baitauka: gerrian estuagoa da, triangelu itxurako piezekin egina dago, eta beheko partean zabaldu egiten da.

Askotariko estanpatuak

Urte horietan, Paristik eta Londrestik joera estetiko berriak heldu ziren hirietara, eta Bizkaiko landa eremuko emakumeek ere barneratu zituzten berrikuntzok. Hori horrela, jantzi tradizionala eraldatuz joan zen, kasik baztertu arte, nahiz eta elementu batzuetan jatorriaren eraginak iraun: hain justu, buruko zapian eta amantalean. Amantala ospakizunetan ere janzten zuten, baina pixkanaka-pixkanaka etxeko esparruan bakarrik erabiltzen hasi ziren, Intxaurrandietak azaldu duenez.

Buruko zapian ere aldaerak izan ziren, Intxaurrandietaren berbetan, eraldaketa ekonomikoarekin batera gizarte eta ohitura aldaketa zenbait ailegatu baitziren. «Ordura arte, buruko zapia egoera zibilaren adierazle izan zen, emakume ezkonduek eramaten baitzuten. Baina, industrializazioaren ostean, bereizketa desagertu egin zen, eta emakume ezkongabeek ere erabili zituzten buruko zapiak». Jantzi eta elementu tradizionalak antzaldatuz joan ziren, 36ko gerrara arte; hortik aurrera, jantzi tradizionaltzat hartzen den horri «oso leku gutxitan eutsi zitzaion», Intxaurrandietak azpimarratu duenez.

Ezkerretik, Nekane Madariaga eta Aloña Intxaurrandieta, 'Kameratik orratzera' erakusketaren komisarioak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Nekane Madariaga eta Aloña Intxaurrandieta, 'Kameratik orratzera' erakusketaren komisarioak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Oro har, jantziak landuagoak bihurtu ziren Abaituaren irudiek erakusten duten denbora tarte hartan: detaileak bildu zituzten, eta argituz joan ziren, nahiz eta salbuespenak ere egon. Madariagak esplikatu duenez, argazkietan ikusten da andre nagusiek erabiltzen zutela kolore beltza noizbehinka, eta goitik behera ilun jantzita ageri dira irudi batzuetan. Estanpatuak ere ugaritu ziren: oihalek karratu txikiak eta tantoak izaten zituzten, eta marrek aukera ematen zuten konposizio indartsuak sortzeko: adibidez, blusaren kanezuan marrak horizontalki ipin zitezkeen; mahukan, zeharka; beste zati batean, bertikalki... Eta gonetan, parpailek beste tankera bat ematen zioten piezari.

Oihal bera erabilita ere, askotarikoak ziren irtenbideak. Eta elementuak uztartu egin zituzten arropetako askotan, Intxaurrandietak nabarmendu duenez. «Estanpatuak konbinatzen zituzten: loreak puntuekin, koadroak marrekin... Agian, guri pixka bat deigarriak suerta dakizkiguke, baina garai hartan erabiltzen ziren, eta erakutsi egin nahi izan ditugu guk egindako lau proposamenetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.