Futbolak errebantxarako aukera ematen du. Batzuetan, aste bat besterik ez da itxaron behar. Beste batzuetan, urte asko igaro behar dira. Edonola ere, denboraldi berri bakoitzak balio du orrialdea pasatzeko eta atal berri bat idazten hasteko. Abuztutik aurrera, Amorebieta, Barakaldo eta Sestao River Bizkaiko taldeek sasoi bikain bat izateko eta helburuak betetzeko aukera izango dute, Espainiako Futbol Federazioaren Lehen Mailan; hau da, Espainiako Hirugarren Maila litzatekeenean.
Athletic B ere maila berean lehiatuko da, baina, haren aldean, Amorebietak, Barakaldok eta Sestaok ez dute klub handi baten babesa. Egoera ezberdin batetik datoz hirurak. Amorebieta Espainiako Ligako Bigarren Mailatik jaitsi da, igo eta urtebetera. Sestao Riverrek Espainiako Futbol Federazioaren Lehen Mailan jarraitzea lortu zuen joan den denboraldiko azken jardunaldian. Barakaldo Espainiako Futbol Federazioaren Bigarren Mailatik igo da. Horregatik, zornotzarrek, sestaoarrek eta barakaldarrek helburu ezberdinak dituzte datorren denboraldiari begira.
Uda aprobetxatu beharko dute taldeak osatzeko, denboraldiaurre on bat egiteko eta talde gisa hobetzeko. Mailari eusteko edo igoera lortzeko, edozein zelaitan eta edozein aurkarirekin lehiatzeko gai izan beharko dute.
1
Amorebieta: proiektua sendotu
Amorebieta Bigarren Mailatik Hirugarrenera jaitsi den arren, igotzea ez da haren helburu nagusia, Jon Larrea Zornotzako klubeko presidenteak azaldu duenez: «Denboraldi honetan espero dugun lehenengo gauza da talde sendo bat egitea, eta gero, gerokoak. Orain, jaitsieraren ondorioz, jokalari barik geratu gara. Kirol zuzendari berria daukagu, eta entrenatzaile berria. Epe laburrean, denboraldiaurre on bat egin nahi dugu». Aldaketa ugari izango ditu Amorebieta klubak lehenengo taldean.
Aurreko denboraldia gorabeheratsua izan zen zornotzarrentzat, eta azken jardunaldira arte ahalegindu ziren mailari eusten. Hala ere, bigarren buelta oso ona izan arren, ez zen nahikoa izan jaitsiera saihesteko. Hori dela eta, datorren denboraldian Amorebietak Espainiako Futbol Federazioaren Lehen Mailan jokatu beharko du, eta horrek eragin handia izango du klubeko egunerokoan eta plangintzan.
Jandro Castro lehenengo taldeko entrenatzaileak eta Asier Goiria kirol zuzendariak kluba utzi zuten denboraldiaren amaieran. Aldaketa horrez gain, Larreak adierazi du aurrekontuari dagokionez alde handia dagoela Bigarren eta Hirugarren mailen artean: «Guretzat, jaitsiera oso aldaketa handia da ekonomikoki. Gutxi gorabehera, Bigarren Mailan sei milioi euroko aurrekontua geneukan; orain, milioi batekoa edo gutxiagokoa izango da. Beraz, sekulako aldea da». Aurrekontu murrizketa kontuan hartu beharko dute datorren denboraldirako taldea osatzekoan.
«Denboraldi honetan espero dugun lehenengo gauza da talde sendo bat egitea, eta gero, gerokoak».
JON LARREAAmorebietako presidentea
Julen Guerrero lehen taldeko entrenatzaile izendatzea «kirol zuzendariaren erabakia izan da», presidenteak esan duenez, eta kirol zuzendariak klubeko zuzendaritzaren babes osoa izango du denboraldi honetan: «Horretarako dago kirol zuzendaria, horrelako erabakiak hartzeko. Guk errespetu osoz hartu dugu, eta pozik». Aurkezpenean, Guerrerok aipatu zuen proiektu berri baten hasiera izango dela, eta azpimarratu zuen «gustura» eta «lasai» lan egingo duela, klubeko zuzendaritzaren babesa duela adierazi baitu.
«Lehenengo partida irabaztea da gure helburua, eta gero, gerokoak», esan du Larreak. Presidenteak argi utzi du proiektu sendo bat ezarri nahi dutela, denboraldiaurre on bat egin, eta partidak pasatu ahala ikusiko dutela zein izango den hurrengo helburua. Hala ere, presidenteak uste du azken denboraldiak arrakastatsuak izanda zaleen ilusioa piztu dela: «Herritarren eta zaleen ilusioa handitu egin da. Guk sekulako lana egingo dugu, sekulako ilusioa ipiniko dugu proiektu berri honetan, eta arduraz jokatuko dugu, aldi berean».
2
Barakaldo: hazten jarraitu
Barakaldok ospakizunerako arrazoi asko ditu. Izan ere, azken bi urteetan bi igoera lortu dituzte. 2022an, Joseba Nuñez kirol zuzendaria Barakaldoko taldera heldu zen, eta helburutzat jarri zuen «maila profesionaletik gertu jokatzea». Aurreko denboraldian, Barakaldok, Espainiako Futbol Federazioaren Lehen Mailara igotzeko kanporaketako finalean Orihuelari (Herrialde Katalanak) irabazi eta igoera eskuratu zuen. Nuñezek dio maila berrian lehiatzea izango dela erronka: «Oso jauzi handia izango da. Askok esaten dute Hirugarren Mailarako jauzia dela handiena».
Nuñezek ez du helburu finkorik jarri nahi. Hamar bat jokalari mantendu nahi ditu, zortzi edo bederatzi fitxaketa egin eta talde lehiakorra osatu. «Ahal bada, gure inguruko jokalariak ekartzen saiatuko gara, egokitzapena askoz errazagoa egingo zaielako. Bizkaikoak edo Euskal Herrikoak izatea da guretzat egokiena», adierazi du kirol zuzendariak.
Helburu garrantzitsuak dituztela esan du Nuñezek. «Zuzendaritzan sartu ginenean, Espainiako Futbol Federazioaren Hirugarren Mailan zegoen taldea, eta Espainiako Futbol Federazioaren Lehen Mailara eraman dugu. Epe ertainerako eta luzerako helburu batzuk ezarri genituen, eta horietako bat izan zen futbol profesionaletik gertu egotea».
«Oso jauzi handia izango da. Askok esaten dute Hirugarren Mailarako jauzia dela handiena».
JOSEBA NUÑEZBarakaldoko kirol zuzendaria
Laugarren Mailatik igo berri den kluba izanda, Barakaldok ez du beste klub batzuek duten ahalmen ekonomikoa. Hala ere, kirol zuzendariak uste du taldeak oztopoak gaindituko dituela: «Helburuak lortzeko, ezer baino lehen amestu egin behar dugu, eta sinistu behar dugu lortzeko modukoak direla. Gure aurrekontuak ematen digun modua aintzat hartuta, uste dut oso talde lehiakorra osatuko dugula. Taldea izango da gure indarra. Egunez egun entrenatzea, ausartak izatea, biziak eta oldarkorrak: jarrera horrekin gabeziak konpontzeko gai izango gara».
Barakaldoko herritarrek eta zaleek ilusio handia dute, Nuñezen arabera. Hala ikusi du azken denboraldian. Oraingoan ere, jokalariak ahaleginduko dira herritarrei ospakizunerako arrazoiak ematen.
3
Sestao River: denboraldiaz gozatu
Ez da urte erraza izan Sestao Riverrentzat. Izan ere, azken jardunaldira arte ezin izan zuen Espainiako Futbol Federazioaren Lehen Mailako salbazioa eskuratu. Bigarren buelta bikaina egin zuten, eta mailari eusteko aukerarekin heldu ziren azken partidara, Cultural Leonesaren (Espainia) aurka. Etxetik kanpo irabazi zuten sestaoarrek, eta beste urtebetez Espainiako Futbol Federazioaren Lehen Mailan jokatzen jarraitzea lortu zuten. Behin denboraldia amaituta, klubak Angel Viadero eta Matias Lizarazu aurkeztu ditu: entrenatzailea eta kirol zuzendari berria, hurrenez hurren. «Espero dugu disfrutatzea eta, zergatik ez, amets egitea», esan du Viadero entrenatzaileak.
«Nostalgia eta ilusioa sentitzen dut, eta aspaldi ikusi gabeko aurpegiak ikusteak poztu egin nau».
ANGEL VIADEROSestao Riverreko entrenatzailea
Ez da Viaderoren lehenengo etapa izango Sestaoko klubean. 2013an ere entrenatzaile izendatu zuten, eta bi urtez gidatu zuen taldea. «Gustura» egon zelako erabaki du Sestaora itzultzea, eta oso pozik azaldu da: «Nostalgia eta ilusioa sentitzen dut, eta aspaldi ikusi gabeko aurpegiak ikusteak poztu egin nau».
Sestao Riverren aurrekontua ere ez da oparoa izango. Dena den, Viaderok proiektu «serio» eta «landu» bat ikusten du, eta uste du hori beharrezkoa dela Espainiako Futbol Federazioaren Lehen Mailaren moduko maila konplikatu batean lehiakorra izateko. Arazo ekonomikoak izan dituen arren, klubak lortu du mailari eusteko behar zuen dirua biltzea, eta zuzendaritzak ziurtatu du Hirugarren Mailan jarraituko dutela. «Ahalik eta talderik onena osatzea amesten dugu, jendeak gozatu dezan», adierazi du Viaderok.