Proposamena: 'Ama' erakusketa

Amatasunaren aurpegi guztiak

Jose Pablo Arriaga artistak 'Ama' erakusketa zabaldu du Bilboko Berreginen Museoan. Haren bildumaz gain, museo horretako zein Bilboko Euskal Museoko piezak nahastu dituzte erakusketa osatzeko.

(ID_14392195) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-10-31, Bilbo. Jose Pablo Arriaga eskultoreak Ama erakusketa ondu du Berreginen museoan
Jose Pablo Arriaga artistaren 'Ama' erakusketako piezetako batzuk, urriaren 31n, Bilboko Berreginen Museoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2024ko azaroaren 11
05:00
Entzun

Oroitzapenak, irudiak, usainak, zaporeak eta sentipenak. Besteak beste, horiek guztiak biltzen ditu Bilboko Berreginen Museoan ikusgai dagoen Ama erakusketak. Jose Pablo Arriaga artistak (Markina-Xemein, 1969) ondu ditu piezak, baina Berreginen Museoko eta Bilboko Euskal Museoko piezak ere nahastu dituzte, osagarri moduan. Amatasuna zein amaren figura nabarmentzea izan dute helburu. Maiatzaren 4ra arte bisitatu ahal izango da.

Arriagaren oroitzapen batetik abiatzen da erakusketa: haren ama irudikatu du berotegi itxurako figura baten bitartez. Mutrikuko (Gipuzkoa) Etxerre baserrian sortu zitzaion hura sortzeko ideia artistari: «Berez, hangoa da nire ama. Loretoki bat zuten baserrian, eta loreak saldu egiten zituzten. Horiek mantentzeko, berotegiak erabiltzen zituzten, eta horixe hartu dut inspiraziotzat: berotegi bat da nire ama. Metalezko estrukturak eta plastikoa izaten dute berotegiek. Babestu egiten zaituzte jaiotzen zaren unetik, eta, kalera ateratzeko prest zaudenean, zuk zure bizitza egiten duzu kanpoan».

(ID_17307294950705) Ama erakusketa
Mutrikuko Etxerre baserriko berotegietako bat, artxiboko irudi batean. Baserri hartakoa da Jose Pablo Arriaga artistaren ama. JOSE PABLO ARRIAGA

Arriagaren bizitzako oroitzapenak nabariak dira erakusketako bestelako pieza batzuetan ere. Horietako bat da Nire kuartu. «Nire ama bisitatzera joaten naizenean, ohartzen naiz nire logelak berdin-berdin jarraitzen duela. Hor sentitzen duzu babes hori, bizitzako edozein momentutan ama zain izango duzula», azaldu du. «Etxea ama da. Haren beso irekiak. Haren irribarre beroa», dio artistak erakusketarekin batera banatzen duten liburuxkan.

Alabaina, «ama izatearen alderdi desberdinak» ere aztertu nahi izan ditu Arriagak, egitasmoaren bitartez: «Askotariko amak irudikatu nahi izan ditut. Gatazka desberdinak dituzten ametatik hasi, eta, ama biologikoak izan ez arren, euren rola maitasunez hartzen dutenera arte». Horren erakusgarri da Gaza obra: «Gazako sarraskia bizitzen ari diren ama guztiak zenbat sufritzen ari diren irudikatu nahi izan nuen». Azken finean, aitortu du «momentuan sentitzen» duena egiten duela.

Lotura estua

Pieza guztiak harri akrilikoz landu ditu Arriagak. Batzuek egurra eta PVCa ere badituzte nahastean, kontatu duenez. Eko obra egiteko, berriz, metakrilatoa eta egurra erabili ditu. Ezaugarri komun bat dute horiek guztiek: zuria da kolore nagusia. Artista joan den urtean hasi zen bilduma osatzen, eta aurten amaitu du.

24 piezaz osatuta dago erakusketa. Horietatik 11 Arriagarenak dira, eta, gainerakoak, Berreginen Museotik eta Euskal Museotik hartu dituzte, Itziar Martija komisarioak eta Bilboko Berreginen Museoko teknikariak kontatu duenez: «Arriagari oso ondo iruditu zitzaion bere piezak museokoekin nahastearen ideia. Haren berotegien antzera, amak ekartzen dituzte gogora pieza horiek ere».

«Askotariko amak irudikatu nahi izan ditut. Gatazka desberdinak dituzten ametatik hasi, eta, ama biologikoak izan ez arren, euren rola maitasunez hartzen dutenera arte»

JOSE PABLO ARRIAGA'Ama' erakusketako artista

Artistaren pieza bakoitzari museoko bat edo bi gehitu dizkio Martijak. «Hasiera batean ez nuen jakin nondik hasi», aitortu du komisarioak. «Arriagak pieza bakoitza banan-banan azaldu zidan, eta horietako bakoitzarekin zer transmititu nahi zuen ere kontatu zidan». Gaiaren inguruko ikerketa sakon bat egin beharrean, lankideei laguntza eskatzea erabaki zuen azkenean: «Nire lankide guztiei galdetegi bat bidali nien, eta bakoitzaren amari buruz hausnartzera gonbidatu nituen: zuen ama usain bat izango balitz, zer usain izango litzateke? objektu bat izango balitz, zer objektu?... Eta hala hasi nintzen piezak aukeratzen, lankideen esperientziak oinarritzat hartuta».

Erakusketarekin batera publikatu duten liburuxkan ere, komisarioak nabarmendu nahi izan ditu gogoeta horietako batzuk: «Eguneroko objektuek oroitzapenen magia gordetzen dute. Zentzumenak askatzen dituzte. Konpainiaren usaina. Atsedenaren zaporea. Alaitasunaren oihartzuna. Laztanen ukitua. Amaren irudia. Eguneroko objektuek zirrarak itzultzen dizkigute. Iragankorrak, iradokitzaileak, barnekoak, errotuak...».

(ID_14392230) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-10-31, Bilbo. Jose Pablo Arriaga eskultoreak Ama erakusketa ondu du Berreginen museoan
Bilboko Berreginen Museoko eskulturetako bat, Jose Pablo Arriagaren 'Ama' bildumako piezetako batekin nahastuta, urriaren 31n. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Oro har, Martijak «erraz» aurkitu ditu bi museoetako piezak: «Arriagak erakusketaren bidea oso argi azaldu zidanez, erraz osatu dugu erakusketa». Ekaitzari aurre hartu piezan, esaterako, girokonpas bat aukeratu du Martijak pieza laguntzeko. Girokonpasa garai batean iparra aurkitzeko erabiltzen zen; iparrorratz baten funtzioa zuen, eta horixe erakutsi nahi izan dute: ama dela gure iparra. Titiburuaren jabe piezarekin, berriz, egurrezko txopera batzuk jarri ditu. Titiburuak alderantzikatuak zituzten emakumeei bularra ematea errazteko erabiltzen zen tresna hori. Erakusketaren erdian kulunkaulki bat ere badago, amaren deskantsua ordezkatzeko tresna gisa. Horiez gainera, estatua batzuk ere badaude ikusgai. «Itsasargiak balira bezala, jendea beste garai batzuetara eramaten dute estatuek, eta amatasunaren ideia oroimenera ekartzeko modua zein gutxi aldatu den gogorarazten digute», esan du Martijak.

'ETXERRE' POEMA

Bilboko Berreginen Museoan dagoen Ama erakusketako poema batek Etxerre izena du.

«Jaio, hozitu, ernatu… bizitzaren hasiera. 

Abiapuntua bat da beti; funtsean antzekoa. Desberdina xehetasunetan. 

Besarkada batek babesten gaitu. Bi beso okertzen dira negutegiko arkuak bezala, gure zaurgarritasunean babesteko. Hotzetik eta haizetik bereizten gaituzte, argiak eta alaitasunak harrapa gaitzatela uzten dute. 

Haren abaroak antzeko egiten gaitu. 

Baina iritsiko da eguna kimu izateari utziko dioguna. Beso horiek utziko ditugu. Mundura aterako gara. Aldatu egingo gara. Eraldatu. Norbanako bihurtuko gara, desberdinak, bestelakoak. 

Eta beti gogoratuko dugu sortzen ikusi gintuen negutegiaren usaina».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.