Ez da ohiko jaialdi bat, ez dator bat zinemaldi bati buruzko ideia orokortuarekin. «Laborategi» baten ezaugarri asko dituela uste du Gorka Rodriguezek, Urbanbat kooperatibako proiektu zuzendariak: «Hiri eraldaketei buruzko ikerketa kolektiborako gune bat da antolatu dugun jaialdia: urtero, hiri fenomeno garaikide baten ikerketa egiten dugu, eta gaian adituak diren hainbat pertsona gonbidatzen ditugu gogoeta kolektiboa egin dezaten».
Gogoeta horietako asko jaialdiaren webgunean argitaratzen dituzte, eta, ondoren, liburu monografiko batean argitaratzen dituzten testuen bilduma batean biltzen dituzte. Aurten Bilbon egingo duten topaketari Tripakada handia izena jarri diote. Martitzenean hasi zen, abenduaren 2an amaituko da, eta elikagaiek urbanismoan izan duten eragina izango dute aztergai.
Esperimentaziorako gune izan asmo du jaialdiak, Rodriguezen hitzetan: «Batez ere, formatuekin esperimentatzea eta diziplinak nahastea gustatzen zaigu. Arkitektura eta hirigintza gizarte zientziekin nahasten ditugu, baita beste arte diziplina batzuekin ere: musikarekin, gastronomiarekin, arte eszenikoekin... Sormenerako modu desberdinen arteko lotura puntuak bilatzen ditugu, eta hiriari buruz hausnartzen dugu, hainbat hizkuntzaren bidez».
Sormen eremuak ere sortzen dituelako da laborategia. Jaialdiaren bidez, espazio sozialetarako altzariak diseinatu dituzte, eremu publikoan nola esku hartu jakiteko gidak idatzi, eta baita soinu eta ikusmen piezak produzitu ere.
Pedagogiarako narratibak
Urbanbateko kideentzat, oso garrantzitsua da hiri sistemei buruzko pedagogia egitea, azaltzeko hiria nola diseinatzen den eta horrek nola funtzionatzen duen. Rodriguezen ustez, askotariko logika eta interes motari erantzuten dio plangintza bakoitzak, eta hori ere aztertu behar da: «Ezinbestekoa da jakitea hiri plangintzaren atzean zer balio dauden, eraldaketa horretan zein eragilek parte hartzen duten eta nor diskriminatzen den. Egia esan, hau dena kontuan izan gabe, ez da ulertzen hiriaren funtzionamendua zein den. Orduan, nola erabiliko ditugu hiriak, ez badugu ulertzen ekipamendu publikoek nola funtzionatzen duten, ez badakigu zer eskubide eta betebehar dauden, eta ez badugu hori zaintzean parte hartzen, hiria eraikitzeaz gain?».
Kooperatibako kideak arkitektoak, komunikatzaileak eta kultura ekoizleak dira, Rodriguezek esan duenez. «Horrek balio digu bizi garen errealitatea azaltzeko eta elkarrekin bizitzeko beste modu batzuk proiektatzeko gai diren narratibak sortzeko. Gure kasuan, pedagogikotik asko duten jaialdiko programen bidez egiten dugu, gaur egungo hiri fenomenoak ikuspegi kritikotik aztertuz». Ezagutza hori hainbat formatutan partekatzeko aukera ematen du jaialdiak, kultura programazioaren bidez. Hiriaren aldaketan parte hartzen duten eragileen arteko topaguneak ere sustatzen baitituzte.
«Hiria inoiz ez dago amaituta». Hori azpimarratu du Rodriguezek: «Bizirik, bukatu gabe, osatu gabe, etengabe mugitzen, etengabe eraldatzen ari den zerbait da. Orain arte, gure ingurune hurbilean, aldaketak goitik behera gertatu dira. Politikariek, sustatzaileek, arkitektoek eta interes ekonomikoen logikei jarraituz egindako plangintzaren bidez. Premisa ideologiko, ekonomiko eta urbanistiko horiek higiezinen burbuilara, aurrekaririk gabeko krisi ekologikora eta garapen jasanezineko eredura eraman gintuzten».
Kontrara, datozen hamarkadetan erronka «garrantzitsuak» izango dira, Urbanbateko kidearen hitzetan: «Lurralde kohesioa, justizia soziala, ekonomiaren eta enpleguaren birformulazioa, ingurumen jasangarritasuna eta zahartze demografikoa, esaterako. Horiei erantzuteko, beharrezkoa izango da hirigintza berezia izatea, gaur egungo desberdintasun sozioespaziala eragin duten politikak gaindituz, eta ingurumenaren aldetik jasanezina den garapenari uko eginez». Hori konpontzeko hirigintzak «malguagoa» izan beharko duela aipatu du Rodriguezek, eta gero eta «ziurgabeagoa» eta «aldakorragoa» den errealitate bati egokitzeko elementuak izan behar dituela.
«Haragi gutxiago jatea eta tokiko ekoizleei laguntzea da bidea, janari loteen edo kontsumo taldeen sistemaren bidez». GORKA RODRIGUEZUrbanbateko zuzendaria
Behaketan eta entzute aktiboan oinarritutako diagnostikotik abiatzen dituzte prozesuak Urbanbat kooperatiban. Izan ere, lehenbizi, aztertu egiten dute esku hartuko duten lekuan bizi diren guztien ikuspegia. «Horrela, ingurunearen ezaugarri berezietara egokitutako lan ibilbidea diseinatzen dugu. Zeharka, ikasteko espazioak eskaintzen ditugu, non alderdi guztiek elkarlanaren funtsezko jarraibideak ikasten baitituzte. Eta lan egiteko eta lankidetza sortzeko inguruneak sortzen ditugu esku hartzeko lekuaren aldaketan parte hartzen duten eragileen artean».
Izan ere, ikuspegi historiko batetik, hiriak lur emankorretatik hurbil sortu eta ezarri izan direla azaldu du Rodriguezek; batez ere, elikagaien hornidura etengabea ziurtatzeko. Baina, gaur egun, itxuraz desberdinak diren eta lotuta dauden elementu asko zehaztu eta erlazionatu behar direla aipatu du.
Horietako bat da elikadura, eta aurten jaialdiaren zehar lerroa izango da. Urbanbateko kideak azaldu duenez, erraza da elikadurak hirietan uzten dituen aztarnak arakatzea, eta erakustea elikagaien kultura faktore erabakigarria dela hiri espazioa etengabe berrasmatzeko: «Mediterraneoko hirietan, merkatuak erreferentzia puntu dira oraindik ere kalitatezko eta denboraldiko produktuak eskuratzeko. Adineko pertsonek udal azokak plaza gisa aipatzen dituzte oraindik, plaza publiko batean aire zabaleko truke leku gisa duten jatorria aipatuz, eta, oraindik ere, topagunetzat eta truke gunetzat hartzen dituzte. Elikaduraren aztarna horiek elementu ez-materialetan ere aurkitu ditzakegu, hala nola folklorean, herriko festetan edo gastronomia tradizionalean; beste kultura eta arte adierazpen batzuetan ere badaude; argazkietan, koadroetan, eleberrietan edo musikan, esaterako».
Rodriguezek esan du ezinezkoa dela hirigintzak bizimodua ez baldintzatzea: «Bizi garen ingurunea da. Hiriaren hirigintza kalitateak, arkitekturak, zerbitzu publikoek, natura sartzeak edo ez sartzeak, mugikortasun sistemak, gizarte politikek, airearen kalitateak, bizigarritasun baldintzek… Horiek guztiek izugarri baldintzatzen dute gure bizimodua». Hiriak etengabe ari dira aldatzen. «Garrantzitsuena, eta zailena era berean, ekitea da. Baina irtenbide bakarra aldaketa sistemiko bat da: energia berriztagarrien aldeko apustua egitea, mugikortasuna iraunkorra izatea, hondakinak murriztea eta hobeto kudeatzea, baita berdeguneak mantentzea eta hiria birnaturalizatzea ere».
Hiri gosetiari, alternatiba
Hiri «benetan jasangarriak» eraikitzea izan behar da helburua, Rodriguezen ustez. «Haien forma fisikoa ez ezik, elikatzeko modua ere birpentsatu behar dugu, eta hori ez da lan erraza ekonomia globalizatu batean, elikadura sistema osoa baitago finkatua».
Carolin Steel arkitektoa aipatu du, erreferentzia gisa. «Hiri gosetiak liburua idatzi zuen, eta alternatiba batzuk eskaini zituen. Esaten du gutxiago eta hobeto eros dezakegula, adibidez. Zaborrarekin konposta egin daitekeela ere nabarmentzen du, eta irizpide etikoekin jateari garrantzitsua deritzo. Elikagaiak erosten dizkiegunei ere eska diezaiekegu irizpide etikoen arabera eros dezatela haiek ere».
Elikagaien etiketak irakurtzen ikastea ere garrantzitsua dela azpimarratu du. «Gardentasuna ezinbestekoa da elikadura katean, eta hori ere eskatu behar genuke. Haragi gutxiago jatea eta tokiko ekoizleei laguntza ematea da bidea janari loteen edo kontsumo taldeen sistemaren bidez. Baina tokiko dendetan ere egin ditzakegu erosketak, oraindik ere badaudelako. Hornikuntza merkatuen funtzio soziala babestu behar da, Steelen ustez; dendariekin haien produktuei buruz hitz egin dezakegu, gaia axola zaigula esan diezaiekegu… Funtsean, jarrera politikoa hartzea da kontua. Ekintza gehiago eskatzea gobernatzen gaituztenei».