Ohitura ez hain sedentarioak izateko helburuarekin, Altzeu egitasmoa abiatu du Galdakaoko Udalak, Osakidetzarekin, Eusko Jaurlaritzaren Mugiment proiektuarekin eta Mugikon enpresarekin elkarlanean. Orientatzaile batek ariketa fisikoko pauta bat ezarriko die hala nahi duten herritarrei, haien premiei eta egoerari erreparatuta; sei hilabeteko prozesu baten ondoren, xedea da herritarrak ikasita eduki ditzala jarduera fisikoa bere kabuz egiten jarraitzeko gakoak. Mugikoneko teknikari Jon Oteo (Laudio, Araba, 2001) arduratuko da zerbitzua eskaintzeaz. Torrezabal kulturgunean egongo da astelehenetan, 10:00etatik 14:00etara; eta, ostegunetan, herriko osasun zentroak emango du zerbitzua, 16:00etatik 20:00etara. Ordua hartzeko, [email protected] helbidera idatzi behar da, edo 671-71 99 73 zenbakira deitu.
Ariketa fisikoari dagokionez, zer gomendatzen dute osasun erakundeek?
Ariketa aerobiko moderatua gomendatzen dute: astean 150 minutu. Baina, azkenaldian, garrantzi handia ematen ari zaizkie indarra lantzeko ariketei. Gure ustez, gomendio horiei beste batzuk gehitu behar zaizkie. Ariketa aerobikoari ez ezik, indarra lantzeko ariketei ere garrantzi handia ematen diegu, azken urteetako ikerketa batzuek erakusten dutenari jarraituz.
Zergatik da garrantzitsua indarra lantzea?
Zahartzen garenean, indarra galduz goaz, eta sarkopenia eta gisa bereko patologiak agertzen dira [masa muskularra, indarra eta muskuluen funtzioak galtzea da sarkopenia]. Orduan, indarra lantzea oso garrantzitsua da gure bizi kalitateari eusteko. Zahartzean, ohikoa izaten da erortzea, oreka galtzen dugu... Horri aurre egiteko, indarra landu behar da, bere osotasunean; ez dago ariketa espezifikorik.
Jendeak zer oztopo izaten ditu ariketa fisikoa egiteko?
Batzuetan, osasunarekin zerikusia duen arazoren bat izaten dute, minen bat edo. Baina, gehienetan, denbora izaten da arazoa: lana dela eta, pentsatzen dugu ez dugula denborarik edukiko ariketa fisikoa egiteko, baina denbora gutxian gauza asko egin daitezke. Jarduera fisikoarekin erlaziorik ez duen jendeak uste du zerbait egiteko bi ordu beharko dituela, baina ez da hainbeste denbora behar.
«Zahartzean, indarra galduz goaz, eta sarkopenia eta gisa bereko patologiak agertzen dira, ohikoa izaten da erortzea... Orduan, indarra lantzea oso garrantzitsua da gure bizi kalitateari eusteko»
Zer-nolako jendearentzat prestatuta dago Altzeu, zehazki? Lehentasunen bat dago?
Ahalik eta jende gehienarengana heltzea da gure helburua; Altzeu baliabide on bat izan daiteke guztientzat. Ez dugu adin mugarik: adinekoentzat izan daiteke, baita umeentzat ere. Gaur egun, ikusten dugu 12-14 urtetik aurrera ume askok utzi egiten diotela ariketa fisikoa egiteari.
Batzuengana heltzea zailagoa izaten da?
Bai. 12 eta 16 urte bitartekoengana heltzea oso zaila izaten da; ez dira etortzen.
Eta adinekoak?
Jubilatuta dauden asko etortzen dira, baita erretiroa hartzeko adinetik gertu daudenak ere. Horiek etortzen dira gehien, normalean.
Aurrez aurreko saioetan oinarritzen da zerbitzua. Zer egiten duzue aurreneko aldian?
Prozesu bat da. Lehenengo saioan, erabiltzailea ezagutzen dugu: zer behar dituen, patologiarik duen edo ez... Hori kontuan izan behar dugu gero ariketa fisikoko plan bat ezartzeko. Eta garrantzitsutzat hartzen dugu jakitea zer motibazio duten, egunerokoan kirolik egiten duten edo ez, baita orain aktiboak diren edo ez, eta zer-nolako ariketa fisikoa egiten duten aste barruan. Bigarren hitzorduan, balorazio fisikoa egiten dugu, jakiteko zer moduz dauden, nondik hasiko garen eta zer behar dituzten. Indarra neurtzen zaie, mugikortasuna, erresistentzia...
«Lehenengo saioan, erabiltzailea ezagutzen dugu: zer behar dituen, patologiarik duen edo ez... Hori kontuan izan behar dugu gero ariketa fisikoko plan bat ezartzeko»
Nola egokitzen da ariketa fisikoa?
Beharren arabera, plan bat diseinatzen dugu. Normalean, bi bide daude. Bideetako bat da jarduera fisikoa era indibidualean egitea: hau da, erabiltzaileari erakusten diogu ariketak zelan egin behar dituen. Beste bide bat ere badago: Galdakaon antolatzen diren jarduerak kontuan hartuta, bilatzen dugu zer ekintza izan daitezkeen egokienak erabiltzailearentzat.
Herriak dituen ekipamenduak ere kontuan hartzen dituzue? Kalistenia parkeak, parke osasungarriak...
Herrian dauden azpiegiturak ere erabiltzen ditugu; baliabide oso onak dira, eta batzuentzat egokiak izan daitezke.
Nolakoak izaten dira planak?
Adibidez, ikusten badugu indarra landu behar dugula, astean hiru egunez landu daiteke: esaterako, egun bat kalistenia parkean eta bi egun etxean. Eta oinez ibiltzeko pauta batzuk ere ematen ditugu: adibidez, egunean 8.000 urrats. Ohiko kasuetan, indarra lantzen da, baita erresistentzia eta gaitasun kardiobaskularra ere.
Nolako jarraipena egiten duzue?
Txanda ematen diegu erabiltzaileei, kontrolatzeko, ikusteko gaitasunak nola doazen hasieran egindako balorazioarekin alderatuta. Horrez gain, batzuk etortzen dira ez dutelako gogoratzen ariketaren bat nola egin behar duten... Prozesuak sei hilabete irauten du, normalean. Helburua beti da pertsona horrek autonomia lortzea. Guk irakatsi egiten diegu zer ariketa dituzten beharrezkoak, zer ariketak ez dien onik egingo... Hasieran, bi astean behin etortzen dira berrikusketa egiteko; gero, bi hilabetean behin. Garrantzitsua da atxikipena garatzea, konstantea izatea, egunero zerbait egitea.