«Euskal Herriko gurutzeak bi multzotan bereizten dira: kalbarioak eta gurutze izenekoak», esan du Jon Irazabal historialari eta ikerlariak. Hiru gurutzek osatzen dituzte kalbarioak, eta Jesus Nazaretekoak izen bereko mendira heltzeko egin behar izan zuen bidea seinalatzen dute. «Horiek dira ezagunenak eta herri gehienetan ikus daitezkeenak», azpimarratu du Irazabalek. Gurutze izenekoak, berriz, zailak dira aurkitzen, eta Bizkaian, zehazki, zazpi herritan besterik ezin dira topatu: Abadiñon, Durangon, Elorrion, Larrabetzun, Mundakan, Otxandion eta Errenterian (Gernika). «Herri horietatik gehienek gurutze bakarra dute, baina Elorriok bederatzi dauzka, denetan gehien, haren historiaren zati garrantzitsua izan baitira».
Ganondo, Iguria, Kurutzeberri, Kurutziaga, Kurutzondo, Santa Ana, Santa Elena, San Juan eta Txanberi dute izena Elorrioko gurutze horiek, eta XVI. mendeko lanak dira guztiak. Batzuek landa inguruneko mugak ezartzen dituzte oraindik ere; besteak hiriguneko kaleetan kokatuta daude gaur egun.
Irazabalek kontatu duenez, «funtzio instituzionala» zuten antzina eta, horrez gain, jauntxo bakoitzaren aginte esparruak zeintzuk ziren finkatzeko erabiltzen zituzten. Hain zuzen ere, Tello Gaztelakoa Bizkaiko jaunak (1353-1358, 1366-1370) Elorrio sortu zuen San Agustin Etxebarria elizatearen barruan. Denborarekin, baina, tentsioa areagotu egin zen XVII. mendean hiri titulua lortu zuen eremu horretako agintarien artean, eta gurutzeak jartzea erabaki zuten, bakoitzak non agintzen zuen seinalatzeko, «mugarri» moduan. Irazabalen iritziz, Kurutziaga da Elorrioko gurutze guztien artean bereziena. «Gainerakoetan ez bezala, eskulturako inskripzio batek zehazten du nork agindu zuen eraikitzea, eta noiz». Hala irakur daiteke idazkuneko jatorrizko hizkuntzan: «Esta obra ma[n]do hazer Ju[a]n[e]s de Elguetaquesancta gl[or]ia aya. Hizo el año de milldXXll». Hau da, 1522an egin zuten, Luis de Figuna y Santagna jaunaren agindupean.
«Elorrioko Udala aitzindari izan da gauza batean: 2009tik 2016ra bitartean gurutze bat zaharberritu du urtero».
JON IRAZABAL Historialaria eta ikerlaria
Estilo arkitektonikoari dagokionez, Irazabalek adierazi du hispano flamenkoa dela eta apaingarri aldetik «aberastasun handia» duela. Mahatsondoz atonduriko ardatz batean du oinarria Kurutziaga gurutzeak, eta landare horiek inguratzen dituzten hegaztiek eta munstroek ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka irudikatzen dute. Mahatsondoen gainean, hainbat santu ageri dira irudikaturik: San Andres, Santiago erromesa, San Joan Bataiatzailea, Santa Katalina Alexandriakoa, Santa Marina eta San Pedro. Bestalde, gurutzearen aurrealdean, Kristo gurutziltzatua dago, hilzorian, buruan arantza koroa eta gerrian gona motz bat jantzita. Gurutzearen atzealdean, berriz, Ama Birjinak aldakan eutsia du haurtxoa, eta samurtasunez igurtzen dio oina.
Gurutzeen zaharberritzea
Elorrioko bederatzi gurutzeak Euskal Herriko ondarearen parte direnez, herri horretako udalak tentuz zaindu ditu azken urteotan, Irazabalek jakinarazi duenez. «Elorrioko Udala aitzindari izan da gauza batean: 2009tik 2016ra bitartean gurutze bat zaharberritu du urtero». Izan ere, euriak eta landareek gurutzeen harria hondatu dute, eta horien edertasuna «ahuldu». «Egia esanda, oro har, kasu gutxi egin zaie erakundeen aldetik, eskultura erlijiosoak direlako. Alde horretatik, txalogarria da Elorrioko Udalak egin duen esfortzu ekonomikoa altxorrak bizirik iraun dezan».
Hala eta guztiz ere, Irazabalek buruan du nola konpondu ez dakien kezka bat: Kurutziaga eta beste gurutze batzuk kale erdian daude, eta, beraz, bestelako babesik ez dutenez, «badago arriskua auto istripu bat egoteko eta norbaitek gurutze hori hondatzeko». Halako batean, bostehun urte iraun duen ondarea desagertu egingo litzateke.
ELorrioko bederatzi gurutzeen ibilbide gidatua
- Topagunea. San Agustin auzoa.
- Iraupena. Bi ordu.
- Zailtasun maila. Erraza.
- Bisitak egiteko datak. Aste Santuan eta udan egiten dituzte 25 pertsona baino gehiagoko taldeentzako ibilbide gidatuak. 25 pertsona baino gutxiagoko taldeek urte osoan zehar bisitatu ditzakete gurutzeak.
- Webgunea. Elorrioturismo.eus