Don Bosco institutua eta antzeko elkarte gehiago badira etorkin adingabeen harrera segurtatzen dutenak Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren diru laguntzekin. Baina bakarra da, Lapurdin egiten duen lanaz gain, Donibane Garazin, Donapaleun eta Maulen antenak dituena. Epaile batek etorkinak adingabe gisa definitu ondotik, Don Boscoren antzeko elkarteek hartzen dute lekukoa, gazteei medikuntza artak, aterpea, eskola eta lanbide formakuntzak eskainiz, besteak beste. Europara heltzean anitzek hiria dute gogoan, baina zenbaitzuk barnealdera eramaten dituzte.
Lapurdiko larrialdi aterpetxe batetik, lekuen arabera, babes elkarte batera edo bestera igorriak dira. Soilik gizon gazteak hartzen ditu Don Boscok, Departamenduak soilik gizonentzat ematen baitie onespena. Barnealdeko lantaldeburuak, Jerome Berest hezitzaileak, argi du emazteen egoera are zailagoa dela: «Konplikatuago da emazteen migrazio ibilbidea eta dena, orokorki. Guti heltzen dira Europara, eta heltzen direnentzat ez da ber babes sistema plantan ezarria». 15 eta 18 urte arteko gazteak laguntzeko lehen baldintza, elkarteko hezitzaile Cindy Gamioren erranetan, «Frantziako lurraldean bakartuak eta adingabeak izatea da». Adingabea nor den edo ez epaile batek finkatzen du, eta Berestek azpimarratu du sistema horren menpeko direla harrera elkarteak: «Hori ez da gure esku; guk egoera pairatzen dugu. Bat egin gabe, galdekatzen dugu».
Maulen, Donapaleun edo Donibane Garazin Don Boscok libre dituen etxebizitza kopuruak mugatzen ditu harrera lekuak: berrogei bat dira barnealdean eta beste hainbeste Baionan. Sahara Hegoaldeko afrikarrak dira gehien-gehienak. Iristean, etxebizitza bat uzten diete, eskolatuak izateko parada, eta, ondotik, aprendizgoa egin eta lan bat xerkatzeko baldintzak dituzte ibilbidea ontsa joanez gero.
Barnealdeko paradak
Baionara 2020an iritsi zen Don Bosco, mundu mailako elkarte laikoa, baina «inspirazio giristinokoa», webguneko aurkezpenean irakur daitekeenez; 2021. eta 2022. urteetan Hendaian eta Donapaleun hedatu zituen antena berriak, eta 2022ko martxoan Maulen ere hasi zen harrera zerbitzua eskaintzen. Zuberoako hiriburuan testuinguru egokia atzeman zuen jin aitzin, «profesionalki eta etxebizitza aldetik interesgarri zelako», Beresten ustez; gainera, herriko etxeak —agintean, komunistak—, laguntzeko borondatea azaldu zuen. Hainbat enpresaburuk aprendizak hartzeko nahia agertu zuten langile beharrean direlako, eta etxebizitzen prezioak Lapurdikoak baino interesgarriago dira. Gamiok gehitu du, gainera, herriko kontseiluko hautetsi batzuk boluntario gisa ere ari direla, «frantses kurtsoak ematen».
«Heltzen direlarik, gehienek hirian izateko gogoa dute. Nerabeak dira, eta hiriak biziago iduri du, orokorki»
CINDY GAMIO Hezitzailea
Barnealdeko paradak luzera begira interesgarriago zaizkio Beresti, elkarteak lagundu gazteek egonaldi baimena kausituz gero beren baitarik aitzina jo behar dutelako. «Don Boscon segitzen dugu gazteak Baionan aterpetu nahian, baina ibilbidea segitzen dute, eta gero ezin dituzte alokairuak pagatu hango prezioetan», kritikatu du taldeburuak. Hiru urteko gibelapena doi bada ere ondorioak ateratzeko, Maulen Don Boscoren ibilbidea finitu duten lau gazteetatik laurek Zuberoan gelditzea deliberatu dute.
Alta, etorkin gehienen gogoan hiria izaten da helburu nagusia. «Heltzen direlarik, gehienek hirian izateko gogoa dute. Nerabeak dira, eta hiriak biziago iduri du, orokorki. Batzuen karra apaltzen da, eta emeki-emeki ohitzen dira ikusten dutelako hemen dena aitzinatzen dela», argitu du Gamiok. Ikastetxe desberdinetan sartu izan dira Don Boscoko gazteak azken urte hauetan, baina, oro har, pribatuan «malgutasun handiagoa» ikusi du hezitzaileak, publikoan Ikuskaritza Akademikoaren baimenarekin soilik egiten dena sinpleago delako ikastetxe pribatuetan. Gehienetan, frantsesezko maila izaten da etorkin gazteen zailtasun nagusia, eta Berrogaineko laborantza lizeo pribatuan, adibidez, «sei oren dituzte astean zailtasunik handienak dituztenentzat», Gamiok zehaztu duenez. Laguntza hori ikastetxetik kanpoko boluntarioek ziurtatzen dute.
Boluntario sarea bereziki azkarra da Amikuzen, Etorkinekin elkarteari esker. Zuberoan laborantza lizeoan ari diren boluntarioak eta Mauleko hautetsi batek ematen dituzten frantses kurtsoak ezinbestekotzat jotzen badituzte ere, «habororen beharra» luketela segurtatu dute hezitzaileek.
«Gazteak Baionan aterpetu nahi ditugu, baina gero ezin dituzte alokairuak pagatu hango prezioetan»
JEROME BERESTHezitzailea eta taldeburua
Maila profesionalean sinpleago izaten da ibilbidea, hainbat enpresatan interesa agertu baita gazteei ikastaroak eskaini eta aprendizgoan kontratuak proposatzeko. Orokorki, gazteen «motibazio azkarra» preziatzen dute nagusiek; bereziki, eraikuntza sailean ari diren enpresetan. Beresten azterketa lotua da gazteen legezkotasun beharrari, lana bide bat baita bizileku baimena eskuratzeko: «Lanari esker integratuak dira %80, eta ez dute langile onak izateaz aparteko aterabiderik. Ez dute beste hauturik. Euren rola betetzen dute, eta, beraz, funtzionatzen du».
Zubiak
Zuberoan integratzeko, kanpotik jiten den edozein pertsonak dituen erronka berak dituzte, taldeburuaren ustez. «Egia da euren artean egotetik nekez ateratzen garela», onartu du Berestek, baina eskolan edo futbolean dituzten harreman sareak baikorki aipatu ditu. Segitzen duen gazte batek Mauleko elkarte batekin bere aldetik lotu harremana aipatu eta gero, Gamiorentzat argi da «zubiak puntualak» direla; «usu, gure iniziatibaz gertatzen dira». EHZ festibalera joan ziren muntaketan laguntzera, Korrikan ere izan ziren, baina, oro har, inguruko biztanleekin zubi gehiago eraikitzeko beharraz aritu dira bi hezitzaileak.
«Nahiago nuen gisako jendearekin lan egin, Paue edo Baionara joan baino»
Beste gazteen «anaia handia» gisa aurkeztu du bere burua Mamoudou Traorek (Konakry, Gineako Errepublika, 2004). Lehena izan zen Don Boscok Maulen dituen apartamentuetan kokatua izaten, 2022an. Tindulari, mekanikari eta hargin gisa hiru ikastaro egin zituen lehenik, eta, azkenean, mekanikari gisa kontratu mugagabea izenpetu zuen Maulen, eta orain etxe bat erosi nahi luke Zuberoan. «Lehena izan nintzen hemen. Gero gazteak jiten hasi ziren, eta aldi oro harrera egiten nien. Gaur egun ere bai», gehitu du.
Sorterria uzteko arrazoiez labur, baina hunkiturik mintzatu da: «Gurasoak galdu nituen, eta ene osabek ez ninduten ontsa tratatzen». Arrebari laguntza galdetu, eta Europara abiatu zen. Baionara «goseturik» heltzean, herriko etxera jo zuen janari eske. 18 urte betetzeko bi hilabete eskas zituelarik, «pasaportea eta paperak sakelan», Don Boscoren Donapaleuko apartamentu batera igorri zuten lehenik; Maulera gero —ez du nahi Interneten bere argazkia agertzerik—.
Gaur egun Maulen egoteko gogoa duela erranik ere, onartu du hastapenean Parisera joatea zuela xede: «Ez nuen Maulen egon nahi, batere... Ez nuen nehor ezagutzen eta, gainera, txikiegia da. Ez nuen maite hastapenean». Gotainen saskibaloian hastean lagun batzuez inguratu bazen ere, lanetik jin zitzaion egoteko nahia. «Enpresako nagusiak bere etxera eramaten ninduen, igerilekura... Preziatu nuen, eta nahiago nuen gisako jendearekin lan egin Paue edo Baionara joan baino», ondorioztatu du.
Gaur egun bere enplegatzaile denak berriki «anaia txiki» bat ekarrarazten lagundu dio; odoletik ez, baina herri berekoa du «anaia» hori: «Orain hemen da, eta ene enpresa berean lan egiten du», kontatu du Traorek, irus. Elkarteak jinarazten dituen beste gazteentzat ere anaia handia da ibilbidea bukatu duenetik, eta gehienek ulertzen duten malenkeraz errezibitzen ditu: «Esplikatzen diet egin dudan ibilbidea. Gazte guztiek nahi dugu hirira joan, baina orain pentsatzen dut hobe dela hemen egotea aurrezteko eta ez ukaiteko hiriko giroaren deia».
«Afrikan ez da ber bizitza, nahiago dut hemengoa»
Niza (Okzitania) hirira iazko ekainean iritsi zen Noufo Konate (Bako, Bolikosta, 2007). Epaile batek adingabe bakartu gisa izendatu zuelarik, Angeluko egoitza batera igorri zuten, eta leku bat atzeman zioten Don Bosco elkartean gero; urte bereko urriaren 20an heldu zen Maulera. Urte batez eskolatua izan zen Berrogaineko lizeoan, eta hilabetero egiten zituen ikastaroetatik batekin gustura gelditu zen, hargin enpresa batean. «Lauzadura egitea anitz maite dut, eta, berriki, aprendizgoa egiteko kontratua sinatu dut», kontatu du, kontent.
Imajina daitekeen bezala, haatik, poztasunik gabeko kontakizuna da Bolikosta uztera bultzatu zuen arrazoiarena: «Amak izebaren eskuetan utzi ninduen, ezin ninduelako bere kargu hartu. Izebaren etxera heltzean, ez zen batere erraza, bere senarra bazuen, eta egoera ez zen batere aisa. Herriko auzoarekin abiatu nintzen, jakin gabe nora joaten ginen». Itzuliko zirela hitzeman zion auzoak, baina Tunisian Poliziaren sarekada batean bere pista galdu, «beste afrikar batzuen taldera» lotu, eta itsasontzi batean Europara heldu zen.
Konatek ez zuen hiria amesten, bereziki, eta Mauleren txikitasunak ez du izutu: «Ez dut nehor ezagutzen, baina hemen lagundua izan naiz. Hola segitzen bada, hemen geldituko naizela uste dut». Ez du oraino zuberotar anitz ezagutzen, hiriburuko futbol klubeko lagunez aparte. Don Boscon diren beste gazteekin ere, gainera, igande oroz futbolean aritzeko elkartzen dira hiriko zelaian. Mauletarrekin, guti bada ere, noizean behin mintzatzen dela kontatu du: «Karrikan ezagutzen ez dugun jendeak galderak egiten dizkigu; truke onak izaten dira. Galdetzen digute ongi garenez, eta esplikatzen diegu zergatik ongi garen batzuetan eta zergatik ez besteetan».
Herriminik ba ote duenez galdetzean, bizi baldintzak aipatu eta konparatu ditu segidan: «Diferentzia handia bada Afrikarekin. Ez da ber bizitza, nahiago dut hemengoa». Badaki herrimina lagun eta familiakoenganik urrun izateaz ere jin daitekeela, baina «etorkizunari pentsatzen» du oroz gainetik Konatek: «Ez dut herriari, lagun eta senideei pentsatzen. Ez naiz amaren ondoan, baina herrian usatu nintzen horretara».
Badira harentzako zentzu txikia duten beste konparazione batzuk ere. Don Boscok uzten dien apartamentuan autonomoak izatera behartuak dira, nahiz eta hezitzaileen laguntza baduten behar dutenerako; adin bereko zuberotarrek, agian, ez dute autonomia hein bera, baina ez dio anitz axola Konateri: «Gauza batzuk prestatu ditugu ez zirenak onak, baina bortxatua zara jatera azkenean!», ihardetsi du, irriño batekin ezpainean.