Ipar Euskal Herriko euskalgintza, Euskal Herriko historialariak eta abertzale mundua hotzikara batek inarrosi zituen 2004ko maiatzaren 4an: Manex Goienetxe Etxamendi mendiko ateraldi batean hil zen, Anne-Marie Lhande mendiko lagunarekin batean. 62 urte zituzten biek, eta Goienetxek Euskal Herriko historia orokorraz egin lan gotorreko bosgarren liburukia argitaratzekotan zeukan. Hogei urte iragan dira, eta haren lan ikaragarria eta memoria oraindik hor dira.
Okzitaniako Biarnoko Biscau mendian atzeman zituzten gorputz Goienetxe eta Lhande. Biharamuneko BERRIAko orrietan Nora Arbelbide kazetariak lehen ihardukitzeak bildu zituen. Geroztik zendu den, eta Bernat Etxepare Seaskako lizeoko zuzendaritzan Goienetxeren jarraitzaile izan zen Gillermo Etxebarria durduzaturik bezala mintzatu zen: «Euskal Herrirako galtze izugarria da. Alde batetik, militante kultural eta politiko bat joan da. Baina hori, oraino, ez da hain larria, beste anitz baitira. Aldiz, historiagintzan ez du ondorengorik Ipar Euskal Herri honetan».
Mendi herrikoa zen sortzez Goienetxe, eta mendiak eraman zuen. Gexan Alfaro Lantziri adiskideak testu bat idatzi zuen BERRIAko zenbaki berean. Goienetxe ongi ezagutu zuen utzi berria zuen Elkar argitaletxeko editore bezala. «Mendigoizale suharra zen Manex, euskaltzale, abertzale eta historialari suharra zen bezala» hitzekin abiatu zuen testua. «Enetzat lagun handi bat zen, gizontasun handikoa, militante zintzoa eta langile porrokatua». Euskal Herriko historiari egin ekarpena eta ekarri aldaketa sakona azpimarratu zituen Alfarok: «Euskal historiaren ikertzeari esker argitu eta zabaldu zuen, 1980ko hamarkadatik aitzina bereziki, euskal kultur eta abertzale mundu ttipiaren ikuspegia». Hori baitzuen lehia Goienetxek: mitoetatik atera herri mailako historia orokor bat eraikitzeko. «Harekin ikasi dugu gure euskaltasuna eta abertzaletasuna barnagotzen eta Europatik mundura zabaltzen».
Seaskan irakasle izan zen, lizeoan zuzendari, Udako Euskal Unibertsitateko lehen idazkari nagusia. Argitalpenik kasik denak frantsesez plazaratu bazituen ere, euskaltzalea zen errotik ezterenzubitarra. Orduan, Paue eta Aturrialdeko unibertsitatean, Baionan lankide zeukan Beñat Oihartzabal euskaltzainak hala oroitarazi zuen Arbelbideren artikuluan: «[Goienetxe] Lehena izan zen euskara irakasteko hizkuntza gisa erabili zuena, eta ez soilik irakasgai gisa. Euskarari lotu kurtsoez aparte, guztia frantsesez egiten zen. Alde horretatik aitzindari izan da».
Josu Chueca Intxusta historialari nafartarrak Goienetxeren historialari lan «bakarra» goraipatu zuen: «Gehienok lurralde jakin bat eta arazo jakin bat aztertzen dugu, baina Goienetxek Euskal Herria oso-osorik hartzen zuen kontuan, eta, Aitzin Arotik hasita, XX. mendera iristen ari zen; ez, gainera, azaleko lanak egiten, lan sendoa egiten baizik, funtsezkoa. Horretan, bakarra zen».
«Umezurtz geratu ginen»
Hogei urte hauetan Euskal Herriko historiagintzak egin du bide, eta anitz barnatu da. Lan franko atera dira, eta ateratzen urtero. Bizkitartean, Manex Goienetxek utzi obra eta herexa bizirik da oraino historialarien artean.
Roldan Jimeno Iruñeko historialariak ezagutu zuen Goienetxe, elkarrekin irakatsi baitzuten Baionako fakultatean, eta Antso Nagusia erregeari buruzko liburu batean kolaboratu ere bai. «Manex pertsona aparta zen, pertsona hurbila, oso maitatua, lagun ona eta herriarekin zerikusia zuten era guztietako kausetan laguntzeko beti prest zegoena», erran du Jimenok, lehenik, izatea bera, nolako pertsona zen gogoratuz. Goienetxeren joate «goiztiarra», zinezko «drama» izan zela uste du Jimenok: «Drama bat izan zen, bere galera pertsonalagatik, baina baita Iparraldeko historialarien artean utzi zuen hutsuneagatik ere». Baina galtzea Ipar Euskal Herritik haragoko zientzia kideen artean ere sentitu zuten: «Euskal Herrian umezurtz geratu ginen Iparraldeko historialaririk emankorrena baitzen, eta, batez ere, Iparraldeko eta Hegoaldeko historia beste inork ez bezala lotzen jakin zuen historialaria baitzen».
Horiek horrela, «zorionez, etorkizuneko belaunaldientzat ere Manexek bizirik dirau gure oroimenean», erran du Jimenok. Goienetxeren bost liburukitako Histoire generale du Pays Basque «lan monumentala» egoten da. «Zalantzarik gabe, Goienetxeren proiektu pertsonalik handinahiena da». Obra horrekin «euskal historia nazional bat idatzi nahi izan zuen», Historiaurretik Aro Garaikidera arte, «goi mailako dibulgaziotik abiatuta, bibliografia espezializatutik eta dokumentazio argitaragabearen kontsultatik abiatuta». Obra hori «beharrezkoa» zen, Jimenoren ustez. «Euskal historiografia nazionalista tradizionalaren mito, estereotipo eta anakronismoetatik urrun dagoen euskal historia nazional berria sortzearen aldeko apustua» izan zela dio. Baina, horrez gain, «espainiar eta frantziar historiografia nazionalistek zekartzaten mitoak suntsitzea zuen helburu».
Goienetxek bere obra eraikitzeko metodoa ere azpimarratu du Jimenok: «Historia politiko eta instituzionalaren egitura sendo baten gainean garatu zuen bere lana, historia sozial, kultural eta pentsamoldeetatik abiatuta». Bost liburukiak frantsesez argitaratu zituen, eta gaztelaniara itzuliak izan ziren. «Euskarara itzuli beharko litzateke», historialari nafartarraren ustez; «haren obrari eta memoriari egin liezaiokeen omenaldirik onena izango zen».
BIOGRAFIA BaT