Eider Arruti: «Emakumeak zuzenean arrantzara joatea oso gaizki ikusita zegoen»

Arrantzan ibili diren emakumeak elkarrizketatu eta gaiaren inguruan ikertzen dabil Arruti. Azaldu du Gipuzkoan ere egiten zela harraldeko arrantza, eta andrazkoak aritzen zirela gehienetan.

(ID_13977198) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2024-06-13, Pasaia. Eider Arrutik emakumeek arrantza munduan izan duten papera aztertzen dabil
Eider Arruti, ekainaren 13an, Pasaiako Albaola ontziolaren aurrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jone arruabarrena
2024ko uztailaren 7a
05:00
Entzun

Oria ibaian emakumeek ere arrantzatu izan dute? Galdera horretatik tiraka hasi zen ikertzen iaz Eider Arruti Orioko Mutiozabal Txoren ontziolaren arduraduna eta antropologoa (Orio, 1995). Abiapuntua hori izan arren, ez dauka argi nora eramango duen ikerketak: «Konturatu naiz elkarrizketak egin ahala joango naizela ikergaia zehaztuz». Izan ere, «zaila» egin zaio Orion eta inguruetan arrantzaleak izan diren emakumeak aurkitzea, eta ikerketa Gipuzkoako beste eremu batzuetara zabaltzen ari da. Zailtasun hori da, hain zuzen, ikerketa egitera bultzatu duten elementuetako bat, Arrutiren arabera: «Historia gizonek eraiki dute, ikuspegi maskulino batetik, eta, beraz, arrantzaren kasuan ere azpimarratu dena eta gordeta geratu den ia dena gizonezkoek egindakoa izan da».

Bestalde, arrantzaleen irudi maskulinoak ekarri duena izan da emakume batzuek ez identifikatzea euren burua arrantzale gisa: «Arazoa da emakume horiek ez direla kontziente historian izan duten garrantziaz eta egitekoaz. Oso informatzaile ona izan daiteke elkarrizketatua, baina egin duen lanaren garrantziaz jabetzen ez bada, ez dizu kontatuko». Angula arrantzatzen ibiltzen ziren emakumeen adibidea jarri du: «Batzuetan emakume bat elkarrizketatzen duzu ustez sare jostuna izan delako, eta berak bere burua ere sare jostuntzat dauka, baina hori bakarrik. Eta harekin hizketan hasten zarenean, esaten dizu sarea josten berandu hasi zela, ordura arte baserritarra zelako. Eta esaten dizu, gainera, baserrian anguletan ibiltzen zela. Anguletan ibiltzea arrantza da, eta gogorra, gainera. Gauez egiten da, baldintza gogorretan».

Izan ere, emakumeak ziren neurri handi batean harraldeko arrantza egiten zutenak, eta antropologoak uste du horregatik eman zaiola garrantzi txikiagoa. «Gaur egun, hemen ez da jakina Galiziako itsaski biltzaileek egiten zutenaren antzeko arrantza motarik izan denik, baina egon da. Zergatik ez dugu interesik jarri arrantza mota horretan? Emakumeek egiten zutelako».

«Arazoa da emakume horiek ez direla kontziente historian izan duten garrantziaz eta egitekoaz»

Gainera, arrantza mota horrek ezaugarri bereziak zituela azaldu du Arrutik: «Asko estimatzen ziren jakiak izan ohi ziren, eta arriskutsuak ziren tokietan harrapatu behar izaten zituzten, muxilak ezkutuko lekuetan ateratzen baitziren. Zailak ziren topatzen askotan».

Gainera, produktu horiek arrantzatzen zituztenak soslai jakin bat zuten andreak izaten ziren: «Normalean, emakume baserritarrak izaten ziren, askotan ezkongabeak, eta, baserriko lanaz gain, diru gehigarri bat ateratzeko egiten zuten lantxo bat izaten zen. Baina ez zen ohiko lana. Normatik ateratzen ziren emakumeak izan ohi ziren, ausartagoak, azkarrak...».

Ohiko andreen iruditeriatik ateratzeaz gain, haiek beste iruditeria batzuk sortzen zituztela nabarmendu du Arrutik. Hau da, «emakume femeninoaren aurka» doazen beste iruditeria batzuk sortzen zirela. «Ausartak edo indartsuak ziren arrantzan ibiltzen ziren emakume horiek: historikoki maskulinotzat jo diren ezaugarriak zituzten. Askotan, kritika edo joera negatiboak egon ohi ziren emakume haien inguruan». Esaterako, Orion anguletan ibiltzen ziren ama-alaba batzuen adibidea eman du: gainontzeko arrantzaleek baino denbora «askoz gutxiago» emanda, askoz muxila gehiago eskuratzen zituzten, «ezkutuko lekuak ondo ezagutzen zituztelako».

Horrez gain, armadoreen familiako emakumeak azpimarratu ditu antropologoak, askotan ontziak gidatu behar izaten zituztelako. «Garai batean, gizonezkoak Getarian lehorreratzen ziren, ontzian Oriora joan beharrean, eta askotan emakumeek joan behar izaten zuten Getariara, ontzi hori gero Oriora bueltan eramateko». Gizonezkoak itsasotik bueltatzean, maiz emakumeen ardura izaten zen ontziak hustu, arraina saldu eta gero berriro itsasontzia prestatzea: «Emakumeak zuzenean arrantzara joatea oso gaizki ikusita zegoen, baina aurretik egin behar ziren lanetan laguntzea, aldiz, ez, eta arrantzaren ondorengo lan gogor horiek ere emakumeek egiten zituzten askotan», adierazi du Arrutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.