Zestoako gaztetxea, auzipean

Herriko gaztetxe berria okupatu zuen gazte asanbladak duela urtebete. Eraikina Elizaren jabetzakoa da, eta asanbladako bi kideren aurkako prozesu judiziala abiarazi dute.

(ID_13498745) Zestoako Gaztetxea apostasiaren alde
Zestoako gaztetxe berriko agertokia, asteleheneko irudi batean. GOTZON ARANBURU / FOKU
jone arruabarrena
Zestoa
2024ko urtarrilaren 20a
05:00
Entzun

Gipuzkoan ehundaka izan dira azken asteetan apostasia egiteko Donostiako Elizbarrutira herritarrek egindako deiak, eta gehienak ez dira kasualitate hutsez egin: Zestoako gazte asanbladak Elizak gaztetxetik bota nahi dituela salatzeko abiatu duen kanpainaren ondorio dira. Prozesu judiziala abian da, eta urtarrilaren 24an epaituko dituzte Zestoako bi gazte. 

Iazko otsailean zabaldu zituen ateak Zestoako gaztetxe berriak. Hala ere, ez zen prozesu erraza izan: bi urte eman zituzten gaztetxe zaharretik lekualdatzeko prozesua marrazten, herriko kultur etxearen barruan zegoen gaztetxeak beharrezko baldintzak betetzen ez zituela iritzita. «Ez zituen segurtasun neurriak betetzen, ez edukierari dagokionez, ez suteen aurreko protokoloetan, ezta irisgarritasunari dagokionez ere; izan ere, bigarren solairuan dago, eta beste hainbat eragile daude kultur etxean», dio Amaiur Gartzia (Zestoa, 2000) Gazte Asanbladako kideak. «Gainera, gaztetxean egiten ditugun hainbat ekintza ez dira bateragarriak kultur etxeko hainbat jarduerarekin. Eraikin zaharra da, leiho asko ditu, eta intsonorizazio proiektu bat egitea ia ezinezkoa izango litzateke. Herriko zentrotik nahiko urrun dago». Gartzia asanbladako kide Enetz Izetarekin (Zestoa, 2002) elkartu da gaztetxe berrian, eta, bien esanetan, eraikin berriak «buelta» emango lieke arazo horiei.

Gartziaren arabera, udalak proposatu zuen hasieran gaztetxearen lekua aldatu eta erdialdeko eraikinera ekartzea. Elizaren eraikina denez, gazte asanblada, udala eta Eliza bera biltzen hasi ziren, negoziatzeko asmotan. «Denbora aurrera joan ahala, ikusi genuen ez zela aurrerapausorik ematen, eta orduan hartu genuen eraikina okupatzeko erabakia», esan du Gartziak. Azkar etorri zen Elizaren erantzuna: negoziazioetan bitartekari gisa ari zen asanbladako kide bat salatu, eta prozesu judizial bat ireki zuen haren aurka. Joan den urteko apirilean epaitu zuten asanbladako kidea, eta absolbitu. «Asanbladak bere jardunarekin jarraitu zuen, eta uztailaren amaieran beste prozedura bat iritsi zitzaigun, bide zibiletik: Zestoako bi gazteren aurkako salaketa jarri dute oraingoan, eta urtarrilaren 24an epaituko dituzte, usurpazio delitua leporatuta», azaldu du Izetak.  

(ID_13498684) Zestoako Gaztetxea apostasiaren alde
Enetz Izeta eta Amaiur Gartzia, astelehenean, Zestoako gaztetxean. GOTZON ARANBURU / FOKU

Udalaren jarrera ere gaitzetsi du gazte asanbladak, «babes publikorik» eman ez dielako. «Lekualdaketa proposamena udalak egin zuen, baina eraikin berrian gaudenetik ez digu babes publikorik eman. Egoera honetan bere ardura dauka, eta arazoa konpontzeko bidean zerbait egitea dagokio. Presioa egiteko hainbat mekanismo ditu; guztiak erabiltzea exijitzen diogu», adierazi du Gartziak. Herritarren aldetik, berriz, «babes handia» jaso dutela esan du Izetak: «Ekimen ugari egin ditugu gaztetxean, eta guztietara adin ezberdinetako herritarrak etorri dira». 

Mikel Arregi Zestoako alkateak adierazi du «injustua» dela udalari halakorik leporatzea: «Udalak eskuzabaltasunez jokatu du. Eraikinaren jabetza elizarena da, eta udalak bertan esku hartzeko daukan aukera txikia da. Hasiera batean saiatu ginen eraikinaren jabetzaren inguruan negoziatzen, baina ez zen posible izan». Horrez gain, Arregik gogorarazi du Zestoak jada badaukala «beste gaztetxe bat», eta udalak lekualdatzeko proposamena egin zuenean, «beste aukera batzuk» ere jarri zituela mahai gainean. Alkateak azaldu du eraikina okupatzeak «moztu» egin zituela udalaren eta Elizaren arteko negoziaketak. Donostiako Elizbarrutia, berriz, hurrengo egunetan mintzatuko da gaiaren inguruan.

Apostasia, Elizaren aurka

Zestoako gaztetxearen egoera salatzeko, Gipuzkoa guztira zabaldu dute apostasiaren aldeko kanpaina. Kanpainarekin, gatazka ezagutarazi dute, eta herritarrak Elizatik lokabetu daitezen egin beharreko prozeduraren gaineko argibideak eman dituzte. «Eliza presionatu eta mugiarazi nahi dugu kanpainarekin. Ikusarazi nahi dugu Elizak bere interes ekonomikoak eta jabetza pribatua aurretik jartzen dituela une oro, kontrakoa dioten sermoiak ematen ari den bitartean. Oraingoan, hondatuta zegoen eraikin bat biziberritu duten gazteak bota nahi dituzte», esan du Izetak. 

«Denbora aurrera joan ahala, ikusi genuen ez zela aurrerapausorik ematen, eta orduan hartu genuen eraikina okupatzeko erabakia».

AMAIUR GARTZIA Gazte asanbladako kidea

Defentsa komunitatearekin batera antolatu dute kanpaina, Gartziak adierazi duenez: «Hainbat espazio biltzen dituen defentsarako komunitatea da Defentsa komunitatea. Helburutzat du elkartasun antolatuaren bidez indar handiagoz erantzutea zenbait borroka prozesuri». Oraingoan, kanpainaren bidez, salaketa kendu eta negoziazio bat hasteko exijitu nahi diote Elizari, Izetaren arabera: «Hala eginez gero, kanpaina bertan behera geratuko da». Aditzera eman dutenez, bostehun apostasiatik gora egitea lortu dute dagoeneko, eta itxaropenez begiratzen diote prozesuari. «Oraindik egoera konpontzeko itxaropena dugu. Horrela ez bada, eta prozesuak aurrera jarraitzen badu, kanporatze prozesu gogor bat eta herriko bi gazteren aurkako 70.000 eurorainoko isunak izan daitezke emaitza».

ELIZAREN JABETZAK ZESTOAN

Egoera salatzeko kanpainan, Elizak Zestoan dauzkan jabetza guztien zerrenda bat atera zuen argitara herriko gazte asanbladak. Salatu dutenez, hutsik daude jabetza asko eta ez zaie erabilerarik ematen. Salatu dute horietariko asko «herritarrek eraikiak» direla, eta herrian erabilera sozial edo kulturalerako balio handikoak izan daitezkeela. Hiru parrokiatan banatzen dira Zestoako udalerriko Elizaren jabetzak.

  • ARROA:

1. Arroako parrokia:

Eliza, sakristia eta portikoa: 706,6 metro koadro.

 

Guztira, lurrak kontuan hartuta, 987,6 m2.

2. Apaiz Etxea:

Etxea: 175 m2.

Guztira, lurrak kontuan hartuta, 940 m2.

 

3. Kapilautzako etxea:

Etxea: 154 m2.

Guztira, lurrak kontuan hartuta, 298 m2.

 

4. Endoia auzoa, Arroa Goiako parrokiaren barnean:

Eliza: 157 m2.

Etxea: 93,17 m2.

 

Eskola: 123,82 m2.

Guztira, lurrak kontuan hartuta, 1.175,45 m2.

  • AIZARNA:

1. Apaiz Etxea: 230 m2.

Guztira, lurrak kontuan hartuta: 914 m2.

 

2. San Juan Bautista ermita: 3.373 m2.

3. Gurutze Santuko ermita: 140 m2.

4. Eliza eta hilerria: 1.200 m2.

5. Kalbario ermita: 7.000 m2.

6. Santangraziko ermita: 250 m2.

7. Etxebizitza: 91 m2.

Guztira, lurrak kontuan hartuta: 476,36 m2.

 

8. San Pelaio ermita: 41 m2.

  • HERRIGUNEA:

1. Garajea: 27,30 m2.

2. Sotoa: 187 m2.

3. Hilerri alboko kapera: 25 m2.

4. San Juan ermita: 88 m2.

Eliza: 760 m2.

 Guztira, lurrekin: 800 m2.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.