Aitor Montes Aramaioko medikuak duela egun batzuk jasandako jazarpena salatu du Euskaldunon Hizkuntza Eskubideen Aldeko Arrasateko Protokoloak, eta elkarretaratzera deitu dute abenduaren 1erako (ostirala), Arrasateko ospitale (Gipuzkoa) aurrealdean. Montesek zerbitzua euskaraz emateko daukan eskubidea aldarrikatu dute protokoloko kideek, eta babes osoa helarazi diote eskubide horren defentsan urte luzez aurrera eramaten ari den borrokagatik «eta jasaten ari den jazarpen onartezinagatik».
Debagoieneko ESIko zuzendaritzari gogoratu diote erakunde publikoen betebeharra dela «euren zerbitzuak euskaraz eman eta jasotzeko eskubidea bermatzea». Ildo horretan eskatu diote Montesek, zein zerbitzu publikoetako beste edozein langilek, lana euskaraz egiteko daukan eskubidea babesteko, eta publikoki salatu ditzala euskaraz aritzeagatik jasaten dituen erasoak.