Rosa Valverde eta kutxak. Traste arrunten barruan ZUK ZER IKUSTEN DUZU?
Idazlea: Lujanbio Zugasti, Maialen / Rodriguez Martin, Arrate
Generoa: Nobela grafikoak eta komiki liburuak
Orri kopurua: 48
Argitaletxea: Pamiela etxea
Traste arrunten barruan ZUK ZER IKUSTEN DUZU?
Traste arrunten barruan, ondo begiratuz gero,
istorio harrigarriak aurkitzen dira...
...edo asmatu egin daitezke.
Istorio harrigarriak gordetzeko
zurezko kutxa bat egingo dugu [...]
Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu? album ilustratua Maialen Lujanbio Zugastiren eta Arrate Rodriguez Martinen elkarlanetik sortutako proposamena da. Rosa Valverderen artelanetatik abiatuta, liburuaren helburua artistaren lana ezagutaraztea da, sormena pizten duen joko artistiko baten bitartez. Valverde pinturan ere ibili zen arren, album honek kutxen bitartez sortutako lanari eskaintzen dio arreta.
Irakurleak kutxa propio bati forma emateko ideiak eta gomendioak topatuko ditu liburuan zehar, objektuen arteko konbinaketak eskaintzen dituen aukerak erabiliz.
Rosa Valverde Lamsfus (Donostia, 1953 - Azkaine, 2015). Pintura, marrazkia eta kutxen barnean sortutako eszenak landu zituen artista izan zen Rosa Valverde. Bere konposizioetan ezustekoak eta objektuen arteko harreman bereziak sortzen zituen, mundu oniriko bat irudikatuz. Artista originala izan zen, kategorizatzeko zaila, unibertso propio, koloretsu eta bizia sortu eta partekatzeko gai izan zena.
Maialen Lujanbio Zugasti (Hernani, 1976). Bertsolaria da. Hitzekin lan egitea gustatzen zaio. Hitzak oratzea, moldatzea eta bihurritzea. Hitzen esanahiak, hitzen hotsak, hitzen forma eta hitzen hoskidetasuna. Hitzak deskonposatzen ditu si la ba tan eta gero hizkitan eta ongi ateratzen ez zaionean dena bategin eta berriz hasten da. Gehienetan bat-batean aritzen da bertsotan, boz gora inprobisatzen, baina tarteka, honakoa bezalako istorioak isilka eta idatziz sortzen ditu. Arte ederrak ikasi zituen Bilbon eta hitzez marrazten du mundua.
Arrate Rodriguez Martin (Orereta, 1984). Begiz ikusten duena, buruan barrena ibili, bihotzeko tanta batzuekin nahastu eta besoan behera eskua gartsuki mugituz pintzeletik irteten zaio orban bizi-bizietan. Kolore indartsuek liluratzen baitute Arrate. Eta gauzen formak. Oreretan hasi zen irudi eta margoen mundua arakatzen; Bilbon ikasi zuen Arte Ederrak, Bartzelonan ilustrazioan hezi, Mexikon aldi batez berrelikatu zituen begiak eta egun Hendaian sortzen ditu orain eskutan dauzkazun hauen moduko margolanak eta beste hainbat artelan txundigarri.