Pier Paolo Pasolini
Idazlea: Paolo Pasolini, Pier
Generoa: Poesia
Orri kopurua: 64
Argitaletxea: Susa
Munduko Poesia Kaierak 48.
Diziplina anitzetan aritzen diren sortzaileen artean bi joera nagusi bereizi ohi dira: batzuek banaketa argia egiten dute diziplinen artean, modalitate bakoitza gai eta hurbiltze-modu berezituetarako gordeta; beste batzuek, aldiz, kezka berberez aritzeko baliatzen dituzte sormen-modalitate guztiak. Pasolini bigarren multzokoa dugu. Poeta, nobelagile, zinema-zuzendari, pentsalari, kazetari eta irudigile, poesia du bere sormen-lanen ernamuin eta helmuga.
Pier Paolo Pasolini 1922an jaio zen Bolonian, Mussolinik lehen ministro kargua hartu zuen urtean. Zazpi urte zituela idatzi omen zituen bere lehen bertsoak, amak akuilatuta, eta harrezkero ia etenik gabe lotu zitzaion poesia idazteari, 1975ean hil zuten arte. 19 urte zituen lehen poema liburua kaleratu zuenean, oraindik bere haurtzaroko Friuli eskualdean bizi zela. Handik hamar urte eskasera Erromara alde egin zuen amarekin, Friulin itogarria bilakatzen ari zitzaion girotik ihesi. Erroman ekin zion narratiba idazteari (Kale gorriko umeak nobela, euskaraz Fernando Reyren itzulpenean irakur daitekeena, 1955ekoa da), baita urte gutxira filmak egiteari ere. 1960ko hamarkadan zinemaren munduan buru-belarri aritu zenean gutxiago argitaratu bazuen ere —20 film luze, labur eta dokumental inguru zuzendu zituen 15 urtean—, ez zion poemak idazteari utzi [...]
Isabel Etxeberria Ramírez