Eleberria

Musker amarruak

Musker amarruak

Idazlea: Arretxe, Jon

Generoa: Eleberria

Orri kopurua: 208

Argitaletxea: Erein

Tourek atzean utzi du Bilbo, eta zoriak Las Palmasera eraman du, helburu bakarrarekin: bizirik irautea. Paperik gabekoek bizi dituzten baldintza ziztrinek edozein proposamen onartzera behartzen dituzte, eta kasu honetan, kirol apustuen negozioa izango da diru erraza lortzeko bidea. Kanariar borrokari ekingo dio gure burkinarrak, lagun berri batek, Escaleritasko Muskerra txapeldun ohiak konbentzituta. Baina, erabaki horren ondorioz, Toure dohakabea beste abentura batean nahastuko da, bere bizitza ere jokoan jartzeraino.

Arretxek eleberri sozial bat idatzi du berriz Toureren sagako hamargarren atal honetan, boteretsuen gehiegikeriak eta baztertuen egoera zorrotz salatzen dituena. Alabaina, Musker amarruak nobelan, idazle basauriarrak hain berezkoa duen umorea aurkituko du irakurleak, beltz samarra eta ukitu surrealista batekin. Ederki girotutako eszenak dira nagusi, turista arruntek Kanaria uharteetan aurkituko ez dituzten bazterretan kokatuak.

Egilea

Jon Arretxe (Basauri, 1963) Euskal Filologian doktorea da, Heziketa Fisikoan lizentziatua, eta Piano eta Kantuko ikasketak ere baditu. Egile polifazetiko eta arrakastatsu honek aspalditik du ogibide idaztea, eta opera kantaria ere bada. Sortu dituen hogeita hamataka liburuen artean, bidaia-narrazioak (7 Kolore, Tubabu, Oroituz, Griot...) eta nobela beltzak dira nagusi. Azken genero honi dagozkio XahmaranTangerko Ametsak, Arrutiren banda eta Toure ikertzailearen sailekoak: 19 Kamera, 612 Euro, Hutsaren itzalak, Estolda jolasak, Sator lokatzak, Ez erran deus, Mesfidatu hitzez, Dortokaren begirada, Lyrica garaia eta Musker amarruak.

Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.