Lurraz beste
Idazlea: Arrula Ruiz, Garazi
Generoa: Ipuina
Orri kopurua: 200
Argitaletxea: Txalaparta
Zimendu anitz pitzatuak dituzte bilduma honetako pertsonaiek, edo pitzatzear, afektu-dardaraldi betean. Zimendu egonkortzat zituzten horiek zimendu hauskor eta urrakor bilakatu zaizkie, deserrotze-sentimendu kontraesankorrak zeharkatzeraino. Askotariko pitzaduretan arakatuz, helduleku afektiboetan, senidetasun-harremanetan, bizilekuetan, babes-espazioetan, lan-jardunetan gertaturiko pitzadurak irudikatzen dira, besteak beste. Aldaketa biziko gizarte-testuinguruetan, aurreikusgarri bezain aurreikusezinak dira deserrotzeak eta pitzatzeak, eta zimendu aldakorren tolesdura horietan zehar bidaiatzen dute pertsonaiek: behinolako errotzeek gorputzean utzitako arrastoez dihardute, eta, aldi berean, errotze horien galerek edo urratzeek sorturiko ezinegon zein arinduez. Heldulekuez beste egitearen sentsazioetan arakatzen duen inarrosaldi literarioa.
Garazi Arrula Ruiz (1987, Tafalla, Nafarroa). Itzulpengintza eta interpretazioko ikasketak egin, eta autoitzulpenari buruzko doktoretza-tesia aurkeztu zuen. Hainbat kultur egitasmotan eta komunikabidetan parte hartu du; esate batera, Hala Bedin, Berrian, Ahotsenean eta Laban. Haur eta helduentzako dozenaka literatura-lan ekarri du euskarara; besteak beste, Idea Vilariño, Anaïs Nin, Beatrice Alemagna eta Amélie Nothomben obra bana. Azkena, Sylvia Plathen Beirazko kanpaia eleberria. Sormen-lana itzulpenaz harago garatu du, eta Gu orduko hauek (2017) eta Lurraz beste (2023) helduentzako ipuin-liburuak eta Bidean (2018) haurrentzako albuma idatzi ditu. Gaur egun, editorea ere bada.