Poesia

Leiho bat bihotzean

Leiho bat bihotzean

Idazlea: Galardi Portu, Aintzane

Generoa: Poesia

Argitaletxea: Balea Zuria

Guztien aurretik jarri duen izenburu gabeko poema batek biltzen du Leiho bat bihotzean poema liburua, haren egile Aintzane Galardi Porturen ustetan. Hala dio poemak: «Bihotzean atsedentzen zaizkidan koloreak idazten ditut/ eta begi-ninietan pausaturiko poemak margotzen.I Idatzi, Margotu/ finean ez al dira bada gauza bera?». Henri Matisse margolari frantsesaren hitzen oihartzuna gordetzen du poemak, eta hala gordetzen du, halaber, liburuaren izenburuak berak ere. «Nire bihotzak ikusten dituen koloreak margotzen ditut» eta «Leihoak beti interesatu izan zaizkit, kanpoaldearen eta barrualdearen arteko pasarteak direlako» utzi zuen esana margolariak, eta Leiho bat bihotzean izenburua sortzeko eta barruko poemei «batasun bat» bilatzeko balio izan diote orain Galardiri (Oiartzun, Gipuzkoa, 1969).

Poetaren bosgarren liburua da hau, eta argitaletxe baten bitartez plazaratu duen aurrenekoa. Aurretik, Itoti urdinaren azpian (2005), Zirrikituak (2007), Mendafin usaineko iluntzeak (2015) eta Hegodun poemak (2018) liburuak ditu plazaratuak, eta guztiak jaso dituzte sariak —Euskaltzaindiaren Felipe Arrese Beitia lehen biek; Blas de Otero-Bilbo Uria saria hirugarrenak eta Iruña Hiria III. Nazioarteko Poesia Saria azkenak—. Oraingoan, ordea, Balea Zuriak plazaratu du idazlearen lan berria, eta Galardi «euskal letren panoramako poeta saritu bat» dela nabarmendu du argitaletxeko kide Juan Ramon Makusok. Balea Zuriak argitaratutako Lurra eta dardara. Zortzi ahots emakumezko (2019) antologian ere hartu zuen parte.

Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.