Eleberria

Horma

Horma

Idazlea: Haushofer, Marlen

Generoa: Eleberria

Orri kopurua: 288

Argitaletxea: Erein

Emakume batek lagun batzuen Alpeetako ehiza-txabolara joateko gonbidapena onartu du. Lagunak ondoko herrira joan dira, eta bakarrik utzi dute etxean. Denbora nahikoa igaro da, baina ez dira itzuli. Protagonista, larriturik, haien bila abiatu da herrirantz. Errealitate tragikoa aurrez aurre izango du: horma ikusezin batek gatibu dauka. Mundutik isolatuta, animaliez inguraturik, emakumea bizirauteko prestatuko da; hausnarketak egin beharko ditu naturarekiko harremanaz eta bere buruaz, maitasunaz eta bizitzaren zentzuaz.

1963an argitaratu zen lehen aldiz Horma; idazle austriarraren lanik garrantzitsuena da, kultuzko obra bilakatu dena. Istorio itogarriaren erdian, harrigarriki, idazkera sosegatu eta lasaia darabil, feminismoaren eta ekologiaren inguruko ikuspegi interesgarriei bide emanez.

Egilea

Marlen Haushofer (Frauenstein, 1920 - Viena, 1970). Alemaniar filologia ikasi zuen Vienan eta Grazen, 1941ean Manfred Haushoferrekin ezkondu zen arte. 1950ean banandu, eta 1957an harekin ezkondu zen berriro. Austriako Steyr hirian bizi, eta idazten jardun zuen: eleberriak, narrazioak eta irrati-gidoiak ondu zituen, baita haur eta gazteentzako testuak ere. Haren obren artean daude, besteak beste: Das fünfte Jahr (1952), Eine Handvoll Leben (1955), Die Tapetentür (1957), Wir töten Stella (1958), Die Mansarde (1969) eta Horma (Die Wand, 1963), euskarara itzultzen zaion lehenengo lana, hain zuzen. Hainbat sari irabazi zituen arren, hil arte ez zitzaion merezi duen aitortza egin. Gerraosteko literatura alemaniarraren erreferente nagusietako bat da.

Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.