Hamabost egun Urgainen
Idazlea: Loidi, Jose Antonio
Generoa: Eleberria
Orri kopurua: 216
Argitaletxea: Erein
Urgain bezalako herri baketsuetan ere gertatzen dira gauza ikaragarriak. Galde diezaiotela, bestela, Txomini, kanposantuko arduradunari: hildako bat lurperatzeko prestaketak egiten ari dela, tiro baten hoska ikusi dio aspaldi hobiratutako emakume bati! Nork egin zion tiro? Garaidi izeneko gazte batek hartuko du bere gain ikerketaren ardura.
Jose Antonio Loidi Bizkarrondoren Amabost egun Urgain’en eleberriaren edizio berria dugu hauxe; gaur egungo irakurleek arazorik gabe irakur dezaten finkatu nahi izan dugu 1955eko testua, Loidiren eta gure hizkuntzaren orduko doinua eta kolorea galdu gabe, ordea.
«Pertsonak ederki ikusten ditu [egileak], bai barrendik eta bai kanpotik; nork bere bizia du, berez ari dira eta berez mintzatzen, inork behartu gabe. Badaki gertakariak bata besteari josten eta, hori aski ez dela, ederki –arin, zorrotz eta biziro– ematen dizkigu aditzera». Koldo Mitxelena
Egilea
Jose Antonio Loidi (Errenteria, 1916 - Irun, 1999). Farmazia, optika eta akustika ikasketak egin zituen eta arlo horretan aurkitu zuen ogibidea. Botikaria zenez gero, alor horretan ekarpen ugari egin zituen: Farmakofitonimia izeneko ikerlana idatzi zuen euskaraz 1982an eta UZEIren biologia hiztegia sortzen lagundu zuen. Erdaraz ere, hainbat azterlan egin zituen, Bidasoa inguruko ur-horniduraren gainekoak, adibidez. Euskaltzain urgazle (1998tik ohorezko), Eusko Ikaskuntza berpizten laguntzaile eta Luis de Uranzu Kultura Taldeko sortzaile izan zen. Euskaraz idatzitako lehen polizia-eleberria idatzi bazuen ere, alde batera utzi zuen gero fikziozko literatura, eta saiakerak idatzi zituen. Euskal jaien inguruko liburua plazaratu zuen 1983an, eta Irun bere aurrerabidean lanagatik Irun Hiria saria eman zioten. Artikuluak idatzi zituen, euskaraz nahiz erdaraz, hainbat aldizkari eta argitalpen zientifikotan.