Eleberria

... eta gauetik, euria

... eta gauetik, euria

Idazlea: Izquierdo, Fertxu

Generoa: Eleberria

Orri kopurua: 368

Argitaletxea: Pamiela argitaletxea

Inaxiok ez daki noiz eta zergatik bururatu zitzaion Jonnhy Weissmüllerren Tarzan The Clash taldearekin konektatzeko ideia bitxia. Bestelako kezkak eta galderak ere sortuko zaizkio, adibidez: nor zen Joakina Balentziaga? Zergatik utzi zion idazteari?

Amaia eta Davidekin elkartu, sofatik zutitu eta, ukabila altxatzen, The Poguesen ereserki baten erritmoan zapatisten altxamendua ospatuko dute, patronalari, sindikalista ustelei eta poliziei aurre egin bitartean.

Existitzen ez diren hirietan bizi diren emakumeak, auzoko karrikak kartografiatzen dituen txatarrabiltzailea, harri-jasotzaile intsumisoa, liburu-dendako erakusmahaia defendatzen duen liburusaltzailea, gerra guztietatik (baina ez borroka guztietatik) ihes egiten duten etorkinak, edota jaguar bihurtzen den kakalardoa. Zerbaitek konektatzen ditu irrati libreak entzuten dituzten pertsonaia hauek guztiak, oraindik existitzen ez diren fanzineak idazten dituztenak, piketeak defendatzen dituztenak, zapatisten matxinadaren ondorioz mexikartzen ari direnak, kalezulo ezkutuetan desagertzen direnak, eta gauetik, euria noiz iristeko zain daudenak.

Funtsean, auzo-nobela bat da, konexio unibertsal ugari dituen garai baten testigantza, errealista bezain surrealista. Txantreako idazleak egiazkoaren eta irrealaren arteko mugak artezki hautsiz eta gaindituz, garatu duen berebiziko artefaktu literarioa.

Egilea

Fertxu Izquierdo (Iruñea, 1975). Fanzineak, poesia, nobela eta album ilustratuak egin ditu. Poesian Bilboko Blas de Otero Nazioarteko I. Poesia Lehiaketa eskuratu zuen, besteak beste, eta Gerratearen aztarnak, Telebista-antenetan atsedena hartzen dute txoriek, Berografiak edota Basurde zurien zain lanak argitaratu ditu. Narratiban Mendeko borroka nobelaren egilea da eta 39 idazle nafar liburuaren koordinatzailea izan zen. Ordu txikitan album ilustratua Irantzu Piquero marrazkilariarekin autoekoiztu eta argitaratu du. Fabrikako langilea izan da, aldizkarietako kazetaria, kale garbitzailea, Eguzki irratiko esataria, irakaslea edota solfeorik gabeko musikaria, lehen Banda Batxoki eta orain Blekingekale Banden taldeetan.

Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.