Bortxaketa. Amodiozko istorio bat
Idazlea: Carol Oates, Joyce
Generoa: Eleberria
Orri kopurua: 200
Argitaletxea: Igela
Uztailaren Laua da Niagara Fallsen, New York estatuan. Jai eguna. Hobe zuen Teena Maguirek etxera itzultzeko lasterbidea hartu izan ez balu. Ez gauerdiaren ondoren, behintzat, ez Rocky Point Park-en barrena. Ezta jantzita zihoan moduan ere: elastiko tiranteduna, gona bakero laburtuak, aurpegia inguratzen zioten txima kizkur horixkak. Zangoak agerian eta takoi altuko sandaliak, janzki estu sexyak, zer nahi zuen? Hamabi urteko bere alaba Bethirekin, gainera. Hormonek, haserreak eta alkoholak aske utzitako mutil kuadrillak dabiltza inguru haietan.
Talde-bortxaketa baten biktima suertatu da parkeko txalupategian. Ordura arteko haren bizi-poza amaitu da, amaitu dira haren ibiltzeko manera askeak. Handik aurrera, bizirik atera izanaz damu da. Bethie alabak, berriz, ia ezin du haurtzaroa gogoratu izu-ikararik gabe. Identifikatu zituen gazteak beren etxetik oso gertu bizi dira, auzoak dira ia.
Erritmo errukigabe eta sinesgarria darabil Joyce Carol Oatesek Teena, Bethie eta beren erasotzaileen historia garatzeko gaueko oihu bakartiek eta arratsaldeko beldurrezko xuxurlek markatuta. Eta maitasunak.
Idazlea
Joyce Carol Oates AEBetako literatura garaikideko idazlerik handienetako bat da. Berrogeita hamar eleberri baino gehiago, laurehun kontakizun labur baino gehiago, fikzio gabeko dozena bat liburu baino gehiago, hamaika poesia liburu eta bederatzi antzezlan idatzi ditu bost hamarkada baino gehiagoko ibilbidean. Estatu Batuetako gobernuak humanitateen arloan emandako sari zibil garrantzitsuena eman zion. Ehorzlearen alaba du eleberri ezagunenetako bat (2007, The Gravedigger’s Daughter). Eta harenak dira, besteak beste: Blonde (2000), Missing Mom (2005), My Sister, My Love (2008), Little Bird of Heaven (2009), Jack of Spades (2015), Hazards of Time Travel (2018), My Life As a Rat (2019), Babysitter (2022), Night. Sleep. Death. The Stars (2020).
Itzultzailea
Xabier Olarra (Tolosa, 1953). Itzultzaile eta editorea, Igela argitaletxearen sortzaileetako bat da. Euskal kulturako funtsezko erreferentea da gaur egun, bai itzultzaile gisa bai Igelaren bitartez literatura itzulia bultzatzeko egin duen lanagatik. Olarra berrogei literatur itzulpen ingururen egile da, eta hiru aldiz eskuratu du Euskadi saria Literatur Itzulpenaren arloan. Azkena, 2016an, James Joyceren Ulisesen itzulpenagatik.