Zuzentasuna estilo bihurtua

Artista moduan egin duen 40 urteko ibilbidea errepasatu du Iñaki Moreno Ruiz de Eginok, Iruñeko Ziudadelako Armen Aretoan bisitatu daitekeen atzera begirakoaren bitartez

Irudian ikus daitekeen eskulturaren akatsa non dagoen topatzea proposatzen zaio bisitariari, artistaren ideia eta eskultura aurrez aurre jarrita. IÑIGO URIZ / ARP.
Naiara Elola.
Iruñea
2016ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
«Alemaniarrak baino alemaniarragoa zara», esan zion behin Berlingo arte galeriako zuzendari batek Iñaki Moreno Ruiz de Eginori (Donostia, 1953). Irri artean onartu du artistak oso metodikoa dela. Zuzentasuna eta argitasuna dira haren sorkuntzen ikur nagusi. Ia 40 urteko ibilbidea errepasatu du Iruñeko Ziudadelako Armen Aretoan ikusgai dagoen Ruiz de Egino atzera begirakoan. Artistak erakusketa, bisitariarekin elkarrizketa sustatzeko helburua aintzat hartuta, «ahalik eta modurik ulergarrienean» antolatu du. Orotara, 144 pieza izango dira ikusgai heldu den urtarrilaren 8ra bitarte.

Ruiz de Eginok ez dio bisitariari ezer ezkutatu nahi. Bere lanaren bitartez, indarguneak eta ahulguneak azaleratu ditu. Alde horretatik «zintzoa» izan nahi du ikuslearekin. Artelanak kronologikoki daude jarrita, funtsean Iruñean egin duena bizitzaren errepasoa izango balitz bezala. Zaragozako Arte Ederren fakultatean ikasi zuen (Aragoi, Espainia). Garai hartan, izugarri erakartzen zuen AEBetako espresionismo abstraktuak. Bere izana definitzen hasteko lehen pausoak ematen hasi besterik ez zen egin orduan. 1972an egurrean margotutako Abstracción (Abstrakzioa) lana da ikus daitekeen hastapenetako lanetako bat. «Kolorearen bilaketan nenbilen, eta AEBetako artistek hori maisuki lantzen zuten», azaldu du. AEBetako indioek buruan eramaten zituzten koloretako lumek zaldi gainean zihoazela sortzen zuten pertzepzioan oinarritu zen koloreak lantzeko orduan. Pintzelaren arrasto handiak erabiltzen zituen, eta koloreek elkarren artean bat egiten zuten.

Hori abiapuntu modura hartuta, artistak eboluzioa «berezko» duenez, bide berriak urratzen hasi zen. Musika eta irakurtzea dira Ruiz de Eginoren pasioetako bi. Sarritan horiek izan dira artistaren inspirazioaren iturburu. Hain justu, irakurriz egin zuen topo oraindik ere izugarri erakartzen duten gai esoterikoekin. Ezaguna den ordenatik kanpo dagoen hori iman moduko bat dela aitortu du. «Senaren bitartez aurkitutako espazioak erakargarriago egiten zaizkit espazio errealak baino». Irizpide horri jarraituz sortu zuen Errealismo Kosmogoniko Magikoa deiturikoa.

Serie horretako hainbat artelan daude ikusgai erakusketan. Izaera magikoa ia lehen begiratuan atzematen da. Luzera, zabalera eta altueraren araberako hiru dimentsioetatik haratago joateko beharragatik gauzatu zituen lan horiek. Tetradimentsioa kontzeptuaz mintzatzen da Ruiz de Egino. Lurra planetatik at dagoen eremuak ezartzen duen espazio horrek ahalbidetzen zion «jolasarekin» erabat harrapatuta gelditu zen 1980ko ia hamarkada osoan. Hortik aurrera, margolanetan, eskulturetan zein bestelako arte adierazpenetan, espazioaz hausnartu du etengabe.

Artistaren izaeraren sendotasuna agerikoa da gaiak lantzeko sakontasunagatik eta margotzeko moduagatik. Apurka, gero eta argiago gelditzen da artista moduan duen pertsonalitatea. Aerografoak, olio teknika edota tenperak baliatuta ere, koloreak dentsitate handiaz erabiltzen ditu, esan nahi duen horretan gero eta ziurrago balego bezala. Artelanak begiratu batean ikusita atzematen da ez duela margotu nahi duen hori gauzatzeko zalantzarik. Horregatik adierazten dute margolanek horrenbesteko zuzentasuna eta sendotasuna.

Dena den, fokua ezezaguna den horretan jartzeaz gain, bertakoari ere erreparatzen dio artista donostiarrak. Landa eremuak erabat harrapatzen du. Inguruak ezartzen duen bizitzeko moduaren inguruko azterketak baino gehiago eraikinen eta lan tresnen ingurukoak egiten ditu batez ere. Ruiz de Eginok onartzen duenez, «espaziotik Lurrean lur hartzeko beharra neukan». Erremintak koadroetan islatzeko moduetan ia igartzen da fisikoki sortzeko ondoren sentitu zuen beharra.

Ahal denaz eta ez denaz

1980ko hamarkadan ezagutu zituen Ruiz de Eginok Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida eta Jorge Oteiza. Bereziki Basterretxearen laguna izan zen. Biak Hondarribian (Gipuzkoa) bizi zirenez, estudio berean aritu ziren lanean hainbat urtez. Hala ere, Ruiz de Eginok ez du inolako arazorik aitortzeko Eduardo Txillida izan dela eskulturan bere erreferentziarik «garrantzitsuena». Armen Aretoan ikus daitezkeen zenbait eskulturatan agerikoa da bere lanean Txillidak izan duen eragina. Gainera, kasu askotan, erakusketan aurrez aurre jarri ditu eskulturaren aurretik egiten den irudia eta eskultura bera. Brontzea, altzairua, egurra eta burdina erabiltzen ditu, besteak beste. Baina, sarritan, mentalki eraikitzen den hori fisikoki gauzatzea oso zaila izaten da. «Margotzen ditudan gauza guztiak ez dira egingarriak, eta horiek ere erakusketan bere tokia dute». Akatsa non dagoen topatzeko ahalegina egitera gonbidatu du bisitaria.

Ziurrenik, Ruiz de Eginoren eskulturen ikur nagusiak diedroak dira. Behin eta berriz errepikatzen ditu, bai tamaina txikikoetan, bai handikoetan. Espazioaren harremanaren inguruko hausnarketa gauzatzeko inspirazio iturri amaiezina da. «Gizakiaren eta objektuaren artean dagoen espazio hori interesatzen zait bereziki». Tamaina handiko eskulturak herri edo hirietan jartzeko balira bezala diseinatzen ditu, baina ez elementu estetiko gisa, espazioarekin bat egiten duen elementu bat gehiago modura baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.