Brittany Howard
Brittany Howard, Alabama Shakes taldeko ahots eta arima gisa ezaguna, bakarkako ibilbidean arrakasta itzela izaten ari da. Live from Austin City Limits diskoa 2024ko urrian Austin City Limits telebista saio ospetsuaren eszenatokian grabatu zen, eta zuzenean hartutako obra bat baino gehiago da: Howarden sormenaren, intentsitatearen eta ahots gaitasun paregabearen erakusleihoa. Ekoizpen hau artistaren esentziaren isla garbia da, eta Howarden musika aniztasuna eta estilo pertsonala ederki erakusten ditu.
Diskoa Earth Sign abestiarekin hasten da, eta hasiera-hasieratik entzuleak Howarden ahotsaren indarraren eta sakontasunaren mende geratzen dira. Bere presentzia eszenikoak, zuzeneko interpretazioaren energiarekin uztartuta, une ahaztezin bat sortzen du. Diskoan, I Don’t, Patience eta halako abestiek emozio gordina erakusten dute, non artistak hainbat estilo musikal uztartzen dituen, blues, rock eta soul doinuak maisuki nahastuz. Stay High abestian —bere bakarkako lehen diskotik, hau da, Jaime-tik hartua da— publikoaren eta artistaren arteko lotura berezi bat lortzen du. Eskuak airean eta korua publikoarekin partekatuz, Howarden karisma azaleratzen da. Abesti horrek maitasunari, baikortasunari eta lotura emozionalei buruzko mezu unibertsala adierazten du, entzuleei irribarrea eraginez. Short and Sweet da diskoaren une gozoenetako bat. Bakarkako interpretazio horretan, gitarra akustikoa baino ez du lagun, eta bere ahotsaren ñabardurak eta sentsibilitatea guztiz agerian uzten ditu. Une horretan, entzuleak isiltasunean murgilduta daude, abestiaren intimitateak liluratuta. Berriz ere argi uzten du bere ahotsa, berezia izateaz gain, esanguratsua ere badela eta zuzenean bihotzera iristen dela.
Diskoa itxiz, What Now abestian, Brittany Howarden energia eta nortasuna bete-betean lehertzen dira. Gitarra elektrikoa eskuetan, eta bere bandaren laguntzarekin, interpretazio zirraragarri bat eskaintzen du, eta, hala, diskoari amaiera bikaina eman. Eguneroko galderei eta gogoetei buruzko abesti horrek pentsarazi egiten die entzuleei, eta aldi berean, energia positiboa transmititzen du. Kontzertu osoan, taldeak laguntza bikaina eskaintzen dio. Musikari bakoitzak bere rola maisutasunez betetzen du, eta taldearen koherentziak Howarden ahotsa are gehiago nabarmentzen du. Halaber, ekoizpenaren kalitatea ere goraipatzekoa da; zuzenean grabatutako diskoa izanik, emozioen benetakotasuna eta momentuaren indarra ederki jasotzen dira.
Zalantzarik gabe, Live from Austin City Limits ezinbesteko diskoa da Brittany Howarden zaleentzat eta musika bizia eta emozionala maite dutenentzat. Diskoa ez da soilik kontzertu baten grabaketa; Howarden sormenaren eta talentuaren ospakizuna da. Haren ahotsa eta eszenatokiko karisma entzulearentzat esperientzia ahaztezina bihurtzen dira, eta, azken batean, zuzeneko musikaren edertasuna aldarrikatzen dute.