Zuzenekoak, indar betean

Kontzertuetan atera dituen berrogei argazkiz osatutako erakusketa jarri du Juan Gonzalez de Andresek Donostian

Mursego bakarlaria, eztarria lehertu beharrean, eta Kiss taldea, Azkena Rock jaialdian eman zuten kontzertuan. JUAN GONZALEZ DE ANDRES  ASFDHJAGSJDHGAJSHDGAJSHDGJASHDGJAHSGDJAHSGDJHAGSDJAHGSDJAHSDGAS.
Donostia
2013ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Zuzenean argazki erakusketa zabaldu du Juan Gonzalez de Andresek, Donostian, Egia auzoko Gazteszena gunean. Atzo arratsaldean aurkeztu zuen berrogei argazkik osatzen duten bilduma hori, koloreetakoak guztiak. Urtarrilaren 31ra arte egongo da ikusgai, Donostiako Dock of The Bay musika dokumentalen jaialdiaren harira antolatutako programazioaren barruan. Gonzalez de Andresek adierazi duenez, «aniztasuna izan da aukeraketarako elementu nagusia. Nagusi gitarristak diren arren, badira bateria jotzaileen argazki bi, soinu jotzaile bat... Baita argazki xelebreak ere, Donostiako Aquariumean eginiko kontzertu batena kasu, edota Elvis Costello eta Kris Kristofferson batera agertzen direna; dokumentu historikoa». Lobo Electrico, Kiss, Cyndi Lauper eta Dr Explosionen argazkiak ere badira, besteak beste, bilduma honetan. «Ekintza argazkilaritza» dela dio Gonzalez de Andresek berak. Emozioak biltzen ere saiatu da. «Horregatik, hainbat argazkitan publikoa agertzen da, edota Mursego bakarlaria eztarria urratu beharrean».

Ofizioz kazetaria da Gonzalez de Andres, eta 2006an ekin zion kontzertuetara argazki kamera eskuetan zuela joateari. Urte hartatik hasita, joan den urteko azarora bitarteko argazkiak daude erakusketan. Harrezkeroztik Entzun! musika aldizkarian eta The Balde aldizkarian agertu izan dira haren argazkiak, besteak beste. Gidabaimenik ez daukan «gizarajoa» denez, Donostia inguruko kontzertuetan ateratakoak dira argazki gehienak, baina badira Azkena Rockekoak eta Bilbon ateratakoak ere, besteren artean.

Musika maite du autoreak. «Baina sufritu egiten dut kontzertu batera kamera gabe joanez gero. Argazkilariok publikoaren artera bidaltzen gaituztenean, ezin dut jasan, argi aldaketak eta momentu ezin hobeak izaten direlako», eta ezin horiei argazkirik egin. «Noiz edo noiz atera izan dut kamera; baita errieta jaso ere horregatik».Tom Waitsen kontzertu batera kamera gabe joan zen, oso gogoko duelako eta atentzio guztia musikari eskaini ahal izateko. «Damutu egiten naiz orain». Bakarrik joan ohi da kotzertuetara, «argazkigintzan jartzeko arreta». «Saltoak harrapatzea da zailena, baita gehien betetzen nauena ere. Oraindik ez dut nik nahi dudan saltoa harrapatu». Halere, badaude jauzien argazki pare bat erakusketan.

Areto handietako argazkiak dira gehienak, baina badaude Donostiako Trinitate plazako, Mogambo aretoko eta Larratxo kultur elkarteko kontzertuetako argazkiak ere. Ez du flashik erabiltzea atsegin. Gaztetxe eta beste areto apalagoetako kontzertuetako argazkirik ez dago, horrelako tokietako argia «eskasa» delako. «Ibiltzen naiz, baina ez hainbeste. Mogambo, adibidez, egoki-egokia da areto modura, baina ateratzen ditudan argazkiek ez dute balio, oso ilunak direlako».

Kontzertuen kronikak idazten ditu Gonzalez de Andresek. Argazki bakoitza kronikaren bizpahiru lerroz lagunduta jarri du erakusketan, eta kronikarik ez zeukaten kontzertuen argazkietarako propio idatzi du testutxo bana. Izan ere, orain arte www.foteropanico.blogspot.com Interneteko blogean jarri ditu argazkiak eta kronikak. «Orain, webgune osatuago bat irekitzeko asmoa daukat; datozen egunetan jarriko dut martxan», jakinarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.