Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azoka

Zuzenekoa, etxean

Donostiako Aste Nagusian emandako kontzertuaren grabazioa CD eta DVD banatan jaso du Ze Esatek-ek

Zortzi taldekideetako lau izan ziren atzo Donostian, diskoa aurkezten. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2012ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Muinera, «esentziara» jo du Ze Esatek taldeak Gu gara bere disko berrian (Oihuka). Agertokira alegia. 2008. urtearen hondarretan taldea sortu zenetik oholtza izan da formazio jendetsu horren kokaleku naturala, eta estudioan bi disko grabatu ostean —Ze esatek (2010) eta Rock & Ron (2011)—, hirugarrenerako zuzenean egindako grabazio bat jasotzea erabaki dute.

Ez edozein kontzertu nolanahi ere; joan den Donostiako Aste Nagusian piratek 10. urtemuga ospatzeko antolatutako festa handian eskainitakoa baizik. «Taldea Donostian sortua da, eta aukera aproposa iruditu zitzaigun zuzenean grabatzeko», azaldu du Iñaki Rodriguez Vierbu gitarristak. Kontzertuetan ematen du bere onena Ze Esatek-ek, eta hori erakutsi nahi izan dute lan berriarekin, baita «publikoarekin sortzen den komunikazioa» ere. «Horregatik jarri diogu izenburua Gu gara, publikoa ere parte hartzaile delako».

Izan ere, festarako taldea da Ze Esatek, eta «zuzeneko indarra», batez ere lehenengo diskoan, apalduagoa gelditu zen. «Kontzertuetan izaten duten erritmoaren erdira grabatu genituen, eta erakutsi nahi genituen beren berezko indarrarekin. Guk esaten dugun bezala, zaplaztekoa aurpegian!». Kontzertu hartan, gainera, hainbat lagun izan zituzten oholtzan: Juanra Rodriguez (KOP), Olatz Prat, Xabier Solano, Jhony (Kaotiko)...

CDan, Donostian, piraten abordatzearen egunean egindako grabazioa jaso duten arren, DVDko irudien artean Basauriko sanfaustoetan eta Andoaingo Kilometroak festan filmatutakoak ere bildu dituzte. «Sortu ginenetik urtero jo dugu Kilometroetan, eta hori eskertzeko modu bat izan da».

Zuzeneko grabazioari bonus-track bat gehitu diote, Bidez bide kantuaren katalanezko bertsioa: Pas a pas. Xavier Sarria (Obrint Pas) eta KOP taldeko Juanra Rodriguez.

Taldea sortu zenetik «ikasitakoa» diskoan dagoela uste dute taldekideek. «Ez da erraza zuzeneko giroa diskora ekartzea, baina uste dugu lortu dugula. Etxean edo autoan entzuten, zuzeneko giro hori nabaritzen da».

Diskoa kalean izanda, orain zuzenean ariko dira —hilaren 5ean Gasteizen, Jimmy Jazzen; 15ean Hendaian, Olentzero Rock jaialdian—, baina ari dira kantu berriak sortzen ere. «Honek ez du geldiarazi hori. Lanean ari gara beti. Abesti berriz osaturiko beste disko baterako lanean. Azken batean, kantu berriak egiteak motibatzen du talde bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.