Zuzenekoa, diskoan bilduta

Olatz Zugastik maiatzean Orion emandako kontzertua jaso du 'Orion zuzenean' lan bikoitzean

Olatz Zugastik atzo aurkeztu zuen diskoa, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
1991n Kantu baten bila nabil diskoa argitaratu zuenetik, beste lau lan grabatu ditu estudioan Olatz Zugastik (Hernani, Gipuzkoa, 1965): Bulun-Bulunka (1999), Elearen lainoa (2002), Gau hotzenean ere (2010) eta Ur goiena, ur barrena (2015); eta, azken hori kaleratzearekin bat, zuzenean ere aritzeko erabakia hartu zuen, ordura arte —nahiz eta Benito Lertxundiren taldean aritu kontzertuetan—, estudiokoa baitzen bere bakarkako proiektua. Hain zuzen ere, maiatzaren 4an Orioko (Gipuzkoa) kiroldegian eman zuen kontzertua disko bikoitz batean jaso du oraingoan: Orion zuzenean (Kantaita Enea). Kontzertu hartan, Ander Ederra (gitarra), Amaiur Cajaraville (baxua), Ander Zulaika (bateria, kajoia) eta Gratxiña Lertxundi (teklatua, flauta eta ahotsa) izan zituen oholtzako kide Zugastik.

Ez zen hasierako asmoa kontzertu hura argitaratzea, eta Zugastiri beste ideia bat zebilkion. «Hasieran pentsatzen nuen garai egokia izan zitekeela aurreko diskoetako kantuen bilduma bat argitaratzeko eta gero kantu berriak lantzen hasteko». Alabaina, beste askotan egin izan duten bezala, Orioko kontzertua ere grabatu egin zuten Zugastiren teknikariek, eta musikariari igorri zioten: «Gu ohartu ginen kontzertua ondo atera zitzaigula, eta oso kontzentratuta aritu ginela. Gainera, publikoak hunkituta erantzun zuen». Normalean, zertan hobetu dezaketen ikusteko erabili izan dituzte kontzertuetako grabazioak, baina, zuzeneko grabazio hori entzun, eta aztertzen hasi orduko, Zugasti bera eta Benito Lertxundi konturatu ziren kantuak banan-banan aztertzen eta nolabaiteko disko produkzioa egiten ari zirela. «Teknikoki egon zitezkeen gabeziak beste zerbaitek konpentsatzen zituen». Gainera, «interpretazio onak» erakusten zituen grabazioak, eta, Zugastiren iritziz, «merezi zuen» disko batean islatzea.

Maiatzaren 4ko kontzertu hura ia oso-osorik jaso dute lan bikoitzean —bakarra utzi dute kanpoan, ez zirelako aski gustura harekin—, eta kantu eta kantu artean Zugastik egindako aurkezpenak ere ez dituzte kendu. Lertxundi arduratu da diskoaren produkzioaz, eta hark hala izatea nahi zuen: «Kontzertua izan zen bezala jaso dugu».

Diskoan Zugastik berak idatzitako hainbat pieza bildu dituzte (Sena; Bakean ala otzandua; Gau hotzenean ere; Neguko arratsalde batean; Bat, biga, hirur...), baina baita Lertxundik idatzitako bi kantu ere: Mirotzak eta Ni Olentzero naiz. Lehenengoa Gratxiña Lertxundik kantatu du, «emozionalki eta afektiboki oso gertu» du abestia; eta bigarrenaren pasarte bat besterik ez dute jaso: «Ni Olentzero naiz-en bertsio laburtu bat egin genuen kontzertuan, kantu luzea da eta. Gainera, Benitok ez du inoiz jo kantua zuzenean».

Horietaz gain, kantu tradizionaletara ere jo du Zugastik, eta orain arte berak grabatu gabeko bat ere jaso du: Erregiñe ta saratsa. Argia dantza konpainiaren Irradaka ikuskizunean deskubritu zuen kantua: «Emozio karga handia eman zioten, ni malkotara eramateraino».

Kantuak aukeratzeko orduan, beretzat «esanahi handiena» dutenak hautatu ditu, «sentsazio batzuk» transmititzen dizkiotenak. «Adibidez, Bulun-bulunka-ko kanturik ez dago; ez zait iruditu sartu behar nituenik».

Zugasti orain dela lau urte hasi zen bere materiala zuzenean ematen, eta egindako bidea «positibotzat» jo du, nahiz eta horretarako «barne mamu» batzuk kendu behar izan dituen gainetik. «Banituen eredu batzuk, eta haiek bezala kantatu nahi nuen. Baina ohartu naiz norberak bere bitartekoak dituela: bere ahotsa, bere tresnak... Mamu horiek kanpoan utzi ondoren, gustura sentitu naiz neure buruarekin». Gainera, bide horretan, ohartu da zuzenekoetan emozioa izaten dela, eta publikoaren erantzuna ere ona izan dela. «Jarraituko dugu publikoak erretiratu behar dugula esan arte».

Oraingoz ez du halakorik egiteko asmorik, eta dagoeneko diskoa aurkezteko hainbat data ditu lotuak datozen hilabeteetarako. Abenduaren 4an, Bilboko BBK aretoan ariko dira Zugasti eta taldekideak; abenduaren 5ean, Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultur etxean; eta otsailaren 23an, Donostiako Viktoria Eugenian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.