Duela gutxi Elorrion elkartu ginen hamaika musikari, bide oso desberdinetakoak, musika-zuzenean webgunearen festan. Giro benetan aparta, jende andana eta askotariko proposamenak. Bluesa, bossa, folk berria, umorera jotzen zuten musika alaiak, eta abar. Argi dago musika akustikoak indarra hartu duela azken urteotan.
Alde batetik, uhin internazionala izan da. Badirudi rockaren hamarkadaren eta elektronika eta DJen hamarkadaren ondotik, hamarkada berri honek akustikora eta analogikora jaisteko aukera ekarriko duela. Kontzertu akustikoak klasiko bat bihurtu dira pop izar handien ibilbidean. Eta beste aldetik, musikariek gustua hartu diote—baita hemen ere— instrumentu soila eta ahotsarekin aritzeari.
Badirudi musika desmakilatu egin dela (ken makillajea eta makila ere!) eta bere sotiltasunera jaitsi dela. Melodiak, akorde jirabira sotilak, ahotsek hartzen duten garrantzia. Kantuen berezko indarrak. Biluziaren estetika.
Ideia horiek guztiak nahiko argi geratu ziren Elorrioko kontzertu-festan. Zirrara batetik bestera ibili ginen gau guztia; kantari berriak ezagutuz, zaharragoen eraberriketak gozatuz eta, oro har, giro paregabe eta kitzikagarriarekin.
Interesa piztu zait aspalditik formatu gisa honegatik. Nire formakuntza oso lotua joan da gitarra klasikoari, eta orain bueltak ematen nabilkio gisako disko bat egiteari. Anari bera ere asko handitzen da bakarkakoan. Kontzertu akustikoek hitzetara itzultzen digute, ahotsera, kantuen esentziara. Sorkunek abiatu duen birak ere —blues errepertorioarekin— bere ahotsa gertutik eta bere edertasun osoan gozatzeko aukera ematen digu. Badirudi, beraz, biluzten ari garela gure musika eta musikari berriek ere bide horretatik lan txukuna egiten ari direla.
Apustu horrek zuzeneko musikaren panorama asko zabaltzen du. Agian egunen batean gure herrietan eta eskualdeetan New Yorkeko eszenaren gisako bat izango dugu. Herri bakoitzean kontzertu txiki bat, bertso-poesia-slam saio bat, kale-antzerki performance batzuk eta, oro har, kultur politika handioso eta garestietatik urruntzen den eredua. Jendea elkartu eta elkarrekin amesteko aitzakia bat. Gizartea bere oinarritik berregin, eta aisialdian denbora extra bat baino, benetan herria egiteko eta altxatzeko partekatzen ditugun denbora-espazioen kateatzea ikusteko moduko kultur politikak. Txikitik txikira, gure herriaren neurrira.
Musika. A cappella
Zuzeneko musika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu