Reset. Sistema bat hasieratik berrabiarazteko erabiltzen den berba horretan hartu dute aterpe zuzeneko arteetan aritzen diren hainbat elkarte eta konpainiak, COVID-19ak ekarri duen itxialdiari aurre egiteko: Eskena (Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkartea), Artekale (Euskal Herriko Kale Arteen Elkartea), EAB (Euskal Aktoreen Batasuna), EZE (Euskal Zirku Elkartea), Musika Bulegoa eta ADDE (Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea) bildu dira bertan. Ekintza eszenikoa kolpean itzaltzen ikusi dute, eta, horregatik, adi ikusi zuten atzo Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultur sailburuak eta Beatriz Artolazabal Enplegu sailburuak emandako agerraldia. Pozez jaso zuten biek aurkeztu zuten programa, pozez, «lehen pauso» moduan ulertu zutelako. Hala ere, argibide gehiago eskatu dituzte, eta sektorerako neurri zehatzak proposatu.
Zuzeneko Arteak Reset plataformatik gutun bat bidali zioten Zupiriari herenegun, eskatuz «kulturaren defentsan» urrats bat egiteko eta bertako langileen egoeraz «kontziente izateko». Norabide horretan sumatu zuten atzo sailburua, eta bi arrazoik poztu ditu bereziki: Enplegu eta Kultura Sailak elkarlanean ikusteak, eta sektorearen zaurgarritasunaren gainean hizketan entzuteak. «Inplizituki onartu da arteen profesionalek bizi duten aldizkakotasuna eta prekaritatea. Kezka honek eztabaidaren erdigunean egon behar luke, COVID-19 osteko etorkizuna diseinatzen hasten garenean ere», adierazi dute ohar bidez.
Esan dute, baina, jaso duten informazioa ez dela nahi bezain argia. Programaren onuradunak nortzuk izan daitezkeen lehenbailehen zehaztea eskatu dute horregatik: «Izan ere, arteen esparruan, langile autonomoak eta Artisten Erregimen Bereziaren barruan dauden langileak biltzen dira, eta ez dakigu bigarren horiek kontuan hartuko diren edo autonomoei eragingo dien soilik».
Soluziobideak eragile guztiekin elkarlanean landu behar direla adierazi dute plataformako kideek. Eta eginbehar nagusi bi markatu dituzte: enpresen eta egituren erreskatea eta merkatu eszenikoa suspertzeko neurriak.
Berehalakoak eta gerokoak
Ildoekin batera, neurri zehatzak ere aurkeztu ditu plataformak. Taula batean apailatuta aurkeztu dituzte, eta bi fasetan banatuta: alarma egoeran zehar aplikatu beharrekoak eta ondoren irekiko den aldi berrirakoak.
Lehen fasean, alarma egoera bitartean, hainbat konpromiso galdegin diete erakunde ezberdinei, Jaurlaritzari, Etxepareri, Lanbideri eta udaletxeei. Horien artean, 2020an zuzeneko arteetara bideratutako aurrekontuak mantentzeko eta aurreikusitako ikuskizunen kudeaketa azkartzeko eskatu dute. Esaterako, atzeratuak izan diren emanaldien ordainketa erdia orain aurreratzea, eta bertan behera geratutako emanaldiengatik %35eko kalte-ordaina jasotzea.
Kultur jarduera berriz martxan jarri bitartean, artistak eta haien lan egiturak babesteko neurriak eta diru laguntzak egoerara egokitzeko proposamenak ere jaso dituzte lehen fasearen barruan.
Baina gero zer? Hori da airean den galdera eta denetan zailena artista askorentzat, litekeena baita haiek izatea lanera bueltatzen azkenetakoak. Hala, Berpizteko zikloa deitu dioten bigarren faserako, besteak beste, ondorengo neurriak aipatu dituzte zuzeneko arteen sektoreko ordezkariek: «Kaleko denboraldia lehenbailehen» ziurtatzea —publikoan elkartzea baimentzen duten egunetik 15 egun pasatu baino lehen kontratuak eginez—; 2020ko urritik 2021 amaitu arteko plan bat garatzea, eta apirilaren 30a baino lehen balioztatzea; zuzeneko ikuskizunen gaineko zergak murriztea; Gizarte Segurantzako kuotetan onurak izatea; eta egile eskubideen ordainketak aurreratzea. Reset: «Garai berrirako funtsezko ekarpen bat egin nahi dugu: kolektiboa berreskuratzen lagundu, giza loturak berreskuratu eta berriro ere elkarrekin egotearen poztasuna bultzatu».
Krisialdia kulturan
Zuzeneko arteetara bideratutako neurri sorta bat aurkeztu du Resetek
Plataforma sortu berria itxaropentsu agertu da Jaurlaritzak aurkeztutako laguntza programarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu