Zinemagilea

Joel Akafou: «Zuzendari zuriak Afrikaz ari direnean, suma dezaket enpatia falta»

Iruñeko Ikuspuntu jaialdiak Joel Akafou zinemagileari eskaini dio Fokuak ataleko aitortzetako bat. Boli Kostako milioika gazteren «egiaz» eta migrazioaz mintzo da bere filmetan.

Joel Akafou zinemagileari egin dio aitortza aurten Ikuspuntu jaialdiak
Joel Akafou zinemagilea Iruñean izan da egunotan, Ikuspuntu jaialdiak gonbidatuta. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko martxoaren 14a
05:15
Entzun

Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren VIII. aldian, Joel Akafou zinemagileari (Bwake, Boli Kosta, 1986) egin diote aitortza besteak beste, Fokuak atalean. Haren bi film eman dituzte: Vivre riche (2017) eta Traverser (2020). Bietarako, Inza izeneko gazte baten urratsei segika ibili da Akafou, harekin «konpartitu» du bidea, eta, ondorioz, filmatu ditu migrazioa, pobrezia, izua eta sareko iruzurra.

Vivre riche filmeko protagonistek emakume europarrak seduzitzen dituzte Skype bidez, iruzur egin eta dirua eskatzeko asmoz. Zergatik erabaki zenuen gai hori lantzea?

Halabeharrez. Fenomeno hori modu ikaragarrian ari zen Boli Kostako gazteria suntsitzen, eta ezin nuen beste alde batera begiratu. 2002an Boli Kostan izandako matxinadaren ondoko pobrezian murgilduta, estatuak ez zuen modurik herritarren premiei erantzuteko, eta, deus egin ez, eta galbidera bultzatu zituen milioika gazte. Oso gogorra izan zen.

Nola ezagutu zenituen filmetako protagonistak?

Hazten ikusi ditut, txiki-txikitatik. Banekien iruzurrean aritzen zirela, eta aitortu nien: «Film bat egin nahi dut, eta hori kontatu». Sinetsita nengoen erakusteak ez zuela deus txarrik ekarriko.

Zuzenean esan zizuten baietz?

Haiek bai, baina, aurrez, beste batzuei ere egina nien proposamena, eta ezezkoa jasotzen nuen beti. Beldurrez ziren, beldurrez Poliziari, kartzelari. Inza-eta, ordea, animatu ziren, eta ez amore emanda bezala; nahi zuten. Hasieratik aitortzen zidaten ez zirela harro egiten zutenaz, batere, baina ez zutela beste aukerarik.

Filmean ere behin eta berriz adierazten dute zein duten helburua: «Hobeki bizitzea».

Horrexegatik onartu zuten. Hala eta guztiz, kosta zitzaigun hastea. Elkarrizketa mordoa eduki genuen aurrez, batez ere ikus zezaten ni ez nintzela inor epaitzen ariko, istorio bat kontatu baizik ez nuela nahi.

«Nire kamerak dena erakusten du, baina nire begiradak ez du deus epaitzen»

Nola erdietsi zenuen zure eta haien arteko konfiantza lantzea?

Nire kamerak dena erakusten du, baina nire begiradak ez du deus epaitzen. Ikusle bakoitzak egin behar du bere interpretazioa —edo epaia, hala nahi badu—, eta nik nirea eginez gero ez nieke tokirik utziko besteenei.

Konplizitatea ere baduzue.

Nire lana aski sinplea da. Filmatu nahi bazaitut, ezin naiz zugana joan eta zuzenean kamera piztu. Lehenbizi, zurekin emanen dut behar adina denbora, eta zure ondoan eginen dut lo; zolan ere bai, behar izanez gero. Zuk janen duzun gauza bera janen dut nik ere.

Zenbat denbora eman duzu Inzarekin eta haren ingurukoekin?

Jadanik badira hamabi urte ezagutu nituela, eta denetik bizi izan dut haiekin. Italian geundela, inor ez zen ohartuko ni zinemagilea nintzenik ere. Kontroletan, nik inoiz ez nituen erakusten nire paperak; haiek ez bazuten, nik ere ez. Honi «inkesta parte-hartzailea» esaten zaio: haien kezkak nireak ere badira; haien izua ere, nirea. Tarteka, kamera itzali, eta haurren modura egiten nuen negar.

Lehenbiziko filmean ikusten da Inzak Europara joan nahi duela, eta lortzen du azkenik, Traverser-en bistaratzen denez. Italian da horrezkero; zeharkatua du Mediterraneoa. Zer efektu lortzen da elipsiarekin?

Elipsia ez da, jakina, nahita egina; ez nuen beste aukerarik. Inzak Mediterraneoa zeharkatu zuenean, ni lehenbiziko filmaren muntaketan nenbilen buru-belarri. Deitu zidan, eta esan: «Kartzelan nago, Libian; lagundu hemendik ateratzen, mesedez». 300 euro behar zituen kartzelatik ateratzeko, eta 1.700 garraiorako; omen, Malira joateko. Bidali nion dirua, baina gero esan zidan Europara joateko baliatuko zuela, itsasoa zeharkatzeko. Hori ez egiteko esan nion, negar batean, hil eginen zela, baina zera erantzun zidan: «Nahiago dut itsasoan hil, Boli Kostara itzuli eta amaren aurrean hil baino». Handik denbora batera, deitu zidan esateko Italian zela. Eta orduan garbi ikusi nuen beste film bat bazela hor.

Migrazioaren gaiari heltzen dio bigarren lanak, besteak beste erakusteko migrante batek zenbat traba dituen Europara iritsitakoan. Ez dira aski bistaratzen?

Batere ez. Ez diegu nahikoa erreparatzen, eta, gainera, iruditzen zait gero eta gehiago direla. Adibidez, Frantziak ezin omen du bere gain hartu munduko miseria, baina har dezake Afrikaren aberastasuna.

Kolonialismoaren ondorioak nabarmendu dituzu filmetan, mugak «absurdoak» direla adierazi.

Mugak dira munduaren gaitz nagusia. Esaten dizute: «E, zu honaino». Berlingo konferentzia izan zen Afrikaren akaberaren hasiera. Banatu zuten mundua, eta erabaki zuten zu eta ni ez garela berdinak. Eta, egiazki, ez al gara? Ez al gara denak gizakiak?

«Problema bati buruz aritu nahi baduzu, ez egin fikzio bat; dokumental bat egin. Ez baituzu nahi pentsatzerik kontatzen ari zarena gezurra dela, ez baitiozu batere tokirik utzi nahi dudari»

Zer iritzi duzu Europako zinema zuzendariek halako gaiak tratatzeko duten maneraz?

Zuzendari zuriak Afrikaz ari direnean, suma dezaket enpatia falta. Ezin dira jarri bestearen —beltzaren— lekuan, sinetsita baitaude beltzen gainetik direla. Ni beltza naiz, ezin zait faltatu enpatia, eta, horregatik, erakutsi nahi dut esperientzia horietan guztietan dagoen egia. Akaso, zuriek erakuts dezakete beltzen errealitatea eta sufrimendua, baina ez dute egia osoa esanen, seguru.

Ikuspuntun eman diren film horien aurretik, hainbat film labur egin dituzu, dokumentalak eta fikziozkoak. Zeren arabera aukeratzen duzu fikzioa baliatu edo ez?

Problema bati buruz aritu nahi baduzu, edo, are, min bat arindu nahi baduzu, ez egin fikzio bat. Gaia arriskutsua izanik ere, dokumental bat egin. Ez baituzu nahi pentsatzerik kontatzen ari zarena gezurra dela, ez baitiozu batere tokirik utzi nahi dudari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.